Natalia Salazar Orbe
Ehunka erandioztar kalera atera ziren domekan, manifestazio batean, Tartanga Berdea oraindik posible da! leloaren atzean. Erandioko Altzaga auzoan geratzen den azken berdegunea da Tartanga, eta aldarrikatu zuten garaiz daudela bertan 400 etxebizitza egitea aurreikusten duen proiektua geldiarazteko.
Azken asteetan, Altzaga auzoan dagoen berdegunean makinen joan-etorria eta lurren mugimendua etengabeak izan dira. Tartanga Berdea plataformako kide Maiteder Estevezek azaldu duenez, “lurrok deskontaminatu egin behar dira, eraiki baino lehen. Lur hori industriala zen”. Lurrok mugitu, eraman eta deskontaminatu egin behar dituzte. Ostean, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu beharko du lurra legeak ezartzen duen bezala deskontaminatuta dagoela.
Urbanizazio proiektuaren azterketa teknikoa ere egiten ari dira. Aldeek proiektua onartzen dutenean, Erandioko Udaleko osoko bilkurak onetsi beharko du. Hasierako onarpen horren ostean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gero, hogei egunez jarri beharko dute jendaurrean, alegazioak egin ahal izateko. Helegiteei erantzun ostean, osoko bilkurak onartu beharko du behin betiko urbanizazio proiektu hori.
Plataformakoek badakite proiektua oso aurreratuta dagoela, baina ez dute asmorik amore emateko. Uste dute herriaren indarra eta mobilizazioa gai izango direla 20.000 metro koadroko berdegunea desagertzea helburu duen proiektua geldiarazteko. Babes hori badutela esan du Estevezek: “Herritar gehienak bat datoz lur eremu horren defentsarekin. Manifestazioan kolore askotako jendea batu zen. Denetarik zegoen, adin guztietakoak”.
Oraingoz, Azpiegiturak sozietate publikoa da lurraren jabea. Horregatik, itxaropena dute. Durangon trenbidea lurperatuta geratu zen orubean egitekoak ziren dorre handien proiektua herritarren ekimenez geldiarazi zutela ikusita, sinetsita daude eurenean ere antzera gerta daitekeela.
Tartanga Berdeak ez du harremanik izan Erandioko Udalarekin gai honen inguruan. Bizkaiko Hitza ere saiatu da udalarekin harremanetan jartzen, baina udalak erantzun du ez duela egingo adierazpenik.
Estevezek gogora ekarri du nondik datorren afera: 2005ean Abaroa enpresak etxebizitzak egiteko lanak hasi zituen Erandioko Altzaga auzoan; hilabete batzuk geroago, pitzadurak agertu ziren ondoko eraikin batzuetako zenbait etxebizitzatan, eta 66 etxebizitza hustu behar izan zituzten. “Enpresa pribatu batek eragin zuen arazoa, baina udalak hartu zuen bere gain ardura. Bakoitzari bere etxea itzuliko ziola agindu zion, eta bizilagunak konbentzitu zituen enpresak eskaintzen zien kalte ordaina onartzeko eta ez hartzeko bide judizialak”.
Udala ari da ordaintzen
2006az geroztik beren etxetik kanpo egon diren bizilagunak beste etxebizitza batzuetan sartu zituzten. Sei milioi euroko kalte ordaina onartu zuten alokairua ordaintzeko. “Iazko maiatzean agortu ziren sei milioi horiek. Udalak konpromisoa hartu zuen diru hori agortzen zenean bere gain hartzeko kostua”, azaldu du plataformako kideak. “Beraz, udala hilero 35.000 euro ordaintzen ari da alokairutan”.
66 familien etxe berriak ia bukatuta daude. Eraitsi zituzten eremu berean egin dituzte. Etxeok egiten dituen enpresaren esku utzi dute Tartanga eremua ere. “66 etxebizitza zeuden lekuan beste 47 eraikiko dituzte. Gainera, Tartangako 20.000 metro koadroetan beste 400 etxebizitza egiten utziko diete, deskontaminazio lanak ere udalak ordainduta”, eta onartezintzat jo dute: “Tartanga lur eremu publikoa zen. Proiektua zegoen kiroldegia zabaltzeko, kanpoko igerilekuak egiteko, pilotalekua, parkea…”. Aurre egiteko prest daude: “Azkeneraino borrokatuko gara”.