Mundu osoa eskolan

Mundu osoa eskolan

Ibai Maruri Bilbao

Ikasgelan eskola teorikoak emateaz gain, Loiuko Urdaneta ikastetxeko ikasleek liburuetan ikusitakoa bertatik bertara ezagutzeko aukera dute Andres Urdaneta Natur Historiaren Museoan, eskolan bertan baitago. “Ornodunak ikasten ditugula? Gure museoan ikus ditzakegu. Bizitzaren sorrera ikasten ari garela? Museoan bertatik bertara ikusiko dugu”, azaldu du museoko arduradun Alberto Berajanak. Baina haiena ikastetxeko museoa baino gehiago da. Ordua adostuz gero, edonork bisitatu dezake, eta han topatuko duena “ez da edonolakoa”, haren esanetan. “Hemen ditugun piezetako batzuek museo nazional batean egoteko besteko maila dute”. Bizkaiko museoen sareko kide da Loiukoa. Esaterako, Europako Ondarearen Jardunaldietan parte hartzen dute urrian, bisita gidatuak antolatuta.

Urdaneta ikastetxea agustindarren ordenarena da, eta hortik datorkio museoa. Berajanak kontatu du XIX. mendetik 1950eko hamarkadara bitartean Filipinetara, Latinoamerikara eta Afrikara joandako misiolariek Valladolideko seminariora (Gaztela eta Leon, Espainia) bidaltzen zituzten pieza naturalak, haien atzetik lurralde haietara joango zirenek jakin zezaten zer topatuko zuten han. Seminarioan osatutako bildumatik sortu zen Valladolideko Filipinetako Museoa. 1970eko hamarkadan Loiun Urdaneta ikastetxea sortu zenean, museo hartan natur historiarekin lotuta zegoen guztia Bizkaira ekarri zuten, ikasleen irakaskuntzan lagungarri izateko. Gerora, pieza gehiago erosi edo dohaintzan jaso dituzte.

Guztira 10.000 pieza dituztela esan du Berajanak, baina, leku faltagatik, soilik 1.200 inguru daude ikusgai; gainontzekoak biltegian dauzkate gordeta: fosilak, meteoritoak, mineralak, animaliak, arbolak… Adibidez, Kanbriarraurretik gaur egunera arteko fosilak dituzte: besteak beste, mastodonte baten hagina, haitzuloetako hartz baten hortza, armadilo plaka eta clypeaster-a dituzte. Mineralen artean, berriz, hauek dira adierazgarrienetakoak: Euskal Herrian aurkitutako septaria bikoitzik handiena, karamelu koloreko blenda, goethita irisatua, Kalkedoniako korala eta igeltsu azularra. Niloko krokodiloa, hartz arrea, kolibriak, koralen bilduma, maskorrak, tximeletak, arrainak, narrastiak, anfibioak, eta kontinente guztietako hegazti eta ugaztunak ere badituzte bilduman.

Berajanak pieza bi nabarmendu gura izan ditu. Bata, Filipinetako 1887ko esponjen holotipoa da; hau da, espeziea definitzeko erabiltzen den alea. Bestea, Iberiar penintsulan harrapatutako azken kaxalotearen hezurdura da, duela mende batekoa; hamar metro da luze. Arboretuma ere nabarmendu du museoaren arduradunak. Esan du ikastetxean hasten diren ikasle berriek arbolak landatzen dituztela. “Bost kontinenteetan barrena bidaiatu dezakegu, gure arbolen bitartez. Besteak beste, Ipar Amerikako sekuoiak, Japoniako kriptomeriak, Europako gorostiak eta Australiako mimosak dituzte.

Andres Urdaneta Natur Historia Museoa

Beste museoekin elkarlana

Tankera bereko beste museoekin elkarlanean aritzen dira. Haien piezak ekartzen dituzte eurenera Museoen Mundu Egunaren harira ontzen duten erakusketa berezirako. Urtero gai baten inguruan antolatzen dutela esan du. Era berean, eurenak ere uzten dizkiete beste museo batzuei. Adibidez, kaxalotearen hezurdura Gasteizko Artiumen ikusi ahal izan zen, 2003an Joan Foncubertak egindako erakusketan. Urretxuko (Gipuzkoa) natur zientzien museoari ere piezak utzi zizkioten Andres Urdanetaren bosgarren mendeurreneko erakusketarako.

Berajanak aitortu du euren bilduma ez dagoela jendearentzat nahi beste eskuragarri. Kontatu du diputazioaren Bizkaia Maitea programa sortu zenean aholkulari zientifikoa izan zela. Diputaziokoei lankidetza proposatu zien. “Iruditzen zitzaidan aukera bat izan zitekeela haiek Bilbon toki bat uztea museoa atontzeko, eta ikastetxeak bilduma kudeatuko zuen han. Bi erakundeak negoziatzen ibili ziren ondoren, baina ez zuten adostasunik lortu”. Uste du museo garrantzitsua sor zitekeela, euren harribitxiak egokiago erakutsi eta jendearentzako eskuragarriago jarrita.