Javi West Larrañaga
Kalean ez dabil jende asko. Saltokien erdiak itxita daude, eta etxe askotan, higiezinen agentzien kartelak. Joan den zapatuan protesta egin zuten Bilboko Zazpikaleetako Goienkaleko bizilagun batzuek, Somera berpiztu; udala, auzokideak entzun lemarekin. Auzokideek salatu zuten kaleak “narriadura prozesu” bat bizi izan duela azken bost urteetan, eta udalari eskatu zioten poliziala ez den konponbide bat emateko.
Iñigo Santxo Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkartearen kidearen arabera, hainbat arrazoi ditu “kalearen degradazioak”. Adierazi duenez, batetik azken urteetako “zikinkeria eta komertzioen desagerpena” dago, eta, bestetik, “pandemia baino lehen gertatzen hasi ziren droga salmenta, istiluak eta kaleko borrokak”. Nabarmendu du udalarekin izandako hartu-emanek ez dutela fruiturik eman. Azken urteetan zenbait protesta egin arren, Goienkaleko egoerak “bere horretan” jarraitzen du. “Orain arte gertatzen ez ziren gauzak ikusten ari gara. Hodiak lapurtu dituzte eraikinen kanpoetan. Horietako batzuk gasarenak dira, eta arriskutsua da”. Lapurreta horiek bizilagunengan “arrisku sentsazioa” sortzen dutela uste du Santxok.
Kalearen narriadura agerikoa da, auzo elkartearen kidearentzat. “Hainbat komertzio itxi dituzte kalean. Batzuek alde egin dute beste kale batzuetara, eta gaur egun ere lonjen erdiak hutsik daude”. Horrez gain, esan du jendeak nahiago duela Artekaletik edo Errondatik igaro Goienkaletik baino. Degradazioaren atzean beste prozesu bat dagoela salatu dute kaleko auzokideek: Zazpikaleetako auzo osoaren turistifikazioa eta gentrifikazioa. Santxoren berbetan, Bilboko Udalak turismoari “parez pare” zabaldu zizkion ateak, horrek auzoan izan zitzakeen ondorioak kontuan hartu barik. Auzoa “salgai” jartze horrek “biztanleriaren ordezkatze bat” dakarrela adierazi du, eta turismora bideratutako terrazen baimenek eta espazio publikoen “merkantilizazioak eta pribatizazioak” eragin dutela auzoa ez bideratzea auzokideen mesedetara. Horren ordez, azaldu du udalak “kanpotik etorritako lagunentzako espazio huts, aseptiko eta idiosinkrasiarik gabekoa” eraiki nahi duela.
Poliziala ez den irtenbidea
Gentrifikazioa Europako hiriburu askotan gertatzen ari den moduan, Bilboko Zazpikaleei ere eragiten die, Santxoren aburuz. Oraingo narriadura gentrifikazio edo ordezkatze prozesuaren lehen fasea da, auzokidearen ustez. Hainbat bizilagun kaletik joaten ari direla esan du, etxeak merkatuaren prezioaren azpitik salduta, eta “pertsona bakarraren eskuetan”, kasu batzuetan. “Badakigu pertsona batek hamabi bat etxe erosi dituela auzoan azken bi urteetan”.
Degradazioaren atzean interes ekonomikoak ikusten ditu Santxok. “Gentrifikazioaren lehen pausoa da espazioaren narriadura, eta ondoren dator ordezkatze prozesua”. Narriadurak eragin du auzokideek etxeak merkatuaren prezioaren azpitik saldu behar izatea, eta “gainbalioa elite eta interes ekonomiko batzuek etekinak ateratzeko” izango dela deitoratu du.
Goienkaleko bizilagunek hainbat protesta egin dituzte urteotan. Iazko azken protestaren atarian udalak polizien presentzia areagotu zuela esan dute auzokideek. “Gure ustez, Poliziak ez du laguntzen egiturazkoa den egoera bat konpontzen. Poliziak disuasio efektua eragin behar du, baina gazte horien arazoak ekonomikoak, sozialak eta pertsonalak dira, eta irtenbidea ez da errepresioa”, nabarmendu du. Poliziaren erabilera koiunturala izan beharko litzakeela gehitu du, eta politika sozialak bideratu behar direla gazteok gizarterako, hala nola euskara ikasteko, lan egiteko eta etxebizitzarako.
Kalean dagoen Semillas Antuñanoko Edu Antuñano ere kritikoa da Zazpikaleen bilakaerarekin, eta udalak “gehiago” egin beharko lukeela uste du. Ulertzen ditu kaleko bizilagunen kexak, baina kanpora begira ematen den irudia ere garrantzitsua da harentzat: “Jendeak pentsatuko du hau Bronx dela eta hemendik ezin dela pasatu. Arriskutsua da jendeari helaraztea hemen labankadaka ari garela”.