N. S. O.
Aurten itzuli da Lemoako Elkartruke proiektua. 2013an abiatu zuten gazteen inplikazioa helburu duen egitasmoa. Herrian sumatzen duten beharrizan bat gaitzat hartu, eta landu egiten dute. 2020rako zegoen aurreikusita gazteek migrazioaren inguruko lanketa egitea, baina pandemia rengatik etenda geratu zen proiektua, eta aurten itzuli da, indarberrituta. Lemoako 16 eta 21 urte arteko hogei gaztek izango dute parte hartzeko aukera.
Udalak antolatzen duen Elkartruke proiektuaren aurtengo leloa Denok etorkinak, denok ongi etorriak da. Gazteek migrazioari buruzko lanketa bat egin beharko dute. Ostean, landutakoa eta ikasitakoa osatzeko bidaia bat egingo dute. 2020ko asmoa Turinera (Italia) joatea zen. Aurten, Turinera ez, baina oraingoz iragarri ez duten herrialderen batera bidaiatuko dute proiektuan parte hartzen dutenek. Bidaia uztailaren 11tik 17ra bitartean egingo dute. Proiektuan parte hartu nahi izanez gero, gaur da izena emateko azken eguna.
Parte hartzeko baldintzak dira Lemoan erroldatuta egotea eta 2001 eta 2006 artean jaiotakoa izatea. Gazteek 250 euro ordaindu beharko dituzte. Bidaia, ostatua eta gosaria pagatuta izango dituzte diru horrekin.
Hainbat alorretan murgiltzeko aukera ematen du programak, Pablo Rodriguez Garcia Lemoako Udaleko Gizartegintza teknikariak azaldu duenez: “Boluntariotza edota hemengo errealitatea ezagutzea”, besteak beste. “Irunera [Gipuzkoa] joateko asmoa daukagu, muga igarobide bat delako. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformakoekin egongo gara. Gazte migratzaileei askariak ere banatzen dizkiete [Bilboko] 7 Katu gaztetxean”. Gazteek plataformaren lana ezagutuko dute bertatik bertara, Irunen eta Bilbon, eta migratzaileen errealitatera hurbilduko dira horrela.
Rodriguezek garrantzitsu deritzo gazteek era horretako proiektuak ezagutzeari. “Hemendik gertu, Artean, Basoa proiektua daukagu, edota Herriko Benta. Inportantea da gazteek ikustea inguruan era horretako egitasmoak ditugula eta jendeak boluntario egiten duela lan horietan. Gazteak ezaugarri horietan busti daitezen nahi dugu”.
Proiektuan parte hartuko duten lagunak taldeetan banatuko dituzte, eta bakoitzak lan batzuk hartuko ditu: “Batzuk joango dira Irunera, beste batzuk, 7 Katu gaztetxera, eta beste batzuek gastuak finantzatzeko antolaketa lanak egingo dituzte”.
Bidaia, “gozokia”
Bidaian, berriz, bertako elkarteren batek herrialde horretako errealitatea erakutsiko die. Rodriguezek azaldu duenez, “bidaia gazteentzako gozokia da. Hala ere, urtean zehar lanketa egiten da. Bidaiak urtean zehar egindakoa esperientzia indartsuago batekin sendotzen laguntzen du”.
Euskal Herrian zein egindako bidaian ikusi eta ikasitakoekin lan bat osatu eta Lemoako herritarrei erakutsiko diete gazteek. “Bueltatzen garenean, herrian proiektu bat entregatzen dugu. Izan daiteke dokumental bat, antzerki bat, film bat, liburu bat edota aldizkari bat, eta herrian aurkezten dugu”.
Orain arte Irlandan, Portugalen, Eskozian, Alemanian, Belgikan, Kroazian eta Finlandian egon dira. Besteak beste, hizkuntza gutxituak, bake prozesua, kultur aniztasuna eta memoria historikoa aztertu izan dituzte.