Etorkinen bizipenak

Ikuspegik Galdakaoko migrazioari buruz egin duen ikerketan jaso dituen migratzaileen lekukotzetako batzuk dira ondokoak.

“Bertakoekin harremanak izatea ez da erraza, eta kultura ere desberdina da. […] Gure eraikinean bizilagun asko daude, eta inork ez zaitu gonbidatzen bere etxera. Ez daukagu komunikaziorik inor ezagutzeko edo gonbidatzeko. […] Gure kulturan oso ohikoa da haragiarekin eta arrozarekin jakiak prestatzea eta bizilagunen artean banatzea”.
Turkiako gizonezko bat (Errefuxiatua. 2018az geroztik dago Galdakaon)

“Galdetu egiten dizute zergatik daramazun jantzi hori eta senarrak behartzen zaituen. Zergatik behartuko nau senarrak? Heldua naiz. Uste dute gu, emakume [magrebtar] legez, otzanak eta esklaboak garela”.
Magrebeko emakume bat (2009az geroztik bizi da Galdakaon)

“Galdakoztarrek esaten zidaten lehenengo gauza zen zer ondo nengoen hemen eta zer-nolako zortea izan nuen. Eurei begiratu eta pentsatzen nuen ez zekitela zein zen nire egoera. Zer-nolako zortea izan dudan? Ez dakizue zer utzi behar izan dudan. […] Ia hobeto nengoen nire herrialdean. Familia nuen, lagunak nituen eta egitura ia erabat egina nuen”.
Brasilgo jatorrizko emakume bat (2006az geroztik bizi da Galdakaon)

“Batek esan zidan: ‘Oporretan zoazela?’. Barkatu, zergatik harritzen zara oporretan noalako? Lanean egon naiz, eta inork ez dit oparitu ezer. Eta esan zidan: ‘Arranopola, nagusitan zurelakoa izan nahi dut!'”.
Eztabaida talde batean aritu zen Errumaniako emakume bat

“Brasildarra banaiz, puta edo prostituta bat naiz. Afrikakoa bazara ere, etiketa bat duzu: gosekil bat zara, eta pateraz etorri zara. Eta Errumaniakoa bazara, lapurtzera etorri zara”.
Brasilgo jatorrizko emakume bat (2006az geroztik bizi da Galdakaon)

“Euskaltegian eman nahi nuen izena. Paper guztiak ere eskatu nituen. Baina 300 eurotik gora ordaindu behar ziren, eta langabezian geratu berria nengoen. Helduen heziketarako eman nuen izena. Esan nien langabezian nengoela eta, nire ustez, ordaindu gabe euskara ikasteko aukera sustatu behar zutela. baita etorkinentzako ere”.
Eztabaida talde batean parte hartu zuen Errumaniako emakume bat

“Udalak noizean behin topaketak antola litzake bertako herritarrekin elkartzeko eta etorkinok gehiago integratzeko; bertakoekin lotura bat sortzeko. Noizean behin jaialdi bat antola lezake, esaterako. Galdakaoko Udalak badaki hemen nagoela eta, zerbait antolatzen badu, dei diezadala jendea elkartu dezakedan ikusteko. Gustura egingo nuke”.
Saharaz hegoaldeko gizon bat (2012az geroztik bizi da Galdakaon)