Etzi abiatuko da saskibaloi egokituko Bizkaiko lehen liga

Etzi abiatuko da saskibaloi egokituko Bizkaiko lehen liga

Ibai Maruri Bilbao

Adimen urritasuna duten saskibaloi jokalarientzat egun garrantzitsua izango da etzikoa: Bizkaiko lehen liga lehiatzen hasiko dira Loiuko Lauro ikastolan. Sei taldetako ehun bat kirolarik hartuko dute parte. Taldeetako hiru kirol egokituan dabiltzanak dira; hau da, BKEF Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioko kideak: Lehoiak Gorabide, North Haszten eta Haszten Saski. Baina beste hirurak BSF Bizkaiko Saskibaloi Federazioko ohiko klubetan sortu diren kirolari ezinduen taldeak dira: Saski Getxo, Portugaleteko Oribeltza eta Bilbao Basket.

Mota bietako klubetan sortutako taldeak elkartzeak Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak lortu nahi duen helburuetako batekin lagunduko du, federazioko presidente Aitor Gonzalezen berbetan: “Ohiko saskibaloi klubekin eta ezintasunik ez duten kirolariekin pedagogia egiten lagunduko digu, kirolari ezinduekin espazioa partekatzen eta elkarbizitzen has daitezen”. Bizkaiko Saskibaloi Federazioak talde egokituak sortzeko deia egin die kide dituen klubei. Gonzalezek jakin du liga honetan parte hartuko duten hiru klubez gain dagoeneko beste batzuetan ere hasi direla mugitzen. “Gernikako saskibaloi taldean adi-adi jarraitzen ari dira zertan gabiltzan. Eskolapioetan ere interesa agertu dute, eta Barakaldoko salestarren ikastetxeko Boskozaleak elkartean dagoeneko badituzte kirolari ezindu batzuk”.

Gonzalezen esanetan, talde egokituak Bilbo Handikoak izan dira, gehienbat. “Saskibaloian jokatu nahi duen Gernikako edo Durangoko gazte batek Bilbora edo Barakaldora joan beste aukerarik ez du izan. Ohiko klubetan talde egokituak sortzea lortuko badugu, kirolari horiek euren herrian jokatu ahal izango dute”.

Ligaren beste helburu nagusia da kirolariei eurei lehiarako aukera gehiago ematea. Horregatik, hein handi batean, kirolariek eurek eskatuta sortutako liga izan da. Asmo horrekin, klubak eta kirolariak elkartu zituzten topaketa bana egin zituzten iazko azaroan eta abenduan. Ehun bat kirolarik hartu zuten haietako bakoitzean. Orduan ipini zituzten liga honen oinarriak.

Bizkaiko Saskibaloi Federazioak liga honetan parte hartzea lorpen “handia” dela esan du Gonzalezek. Besteak beste, epaileak saskibaloi federazioak ipiniko ditu, eta dagoeneko prestatu dituzte liga honen baldintzetara. Esaterako, araudiarekin ez dira ohiko ligetan diren besteko zorrotzak izango. “Horrelako lehiaketa bat kudeatzeko behar diren baliabideak, ezagutza eta mekanismoak ditu, eta guretzat errazagoa da haiekin batera lan egitea”, aitortu du. Izan ere, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak hainbat txapelketa antolatzen ditu urtean zehar. Azaldu du bost ezintasun maila daudela, eta federazioan hogei kiroletan jarduten dute; beraz, asko dira aukerak guztiei eurek bakarrik aurre egiteko. Besteak beste, saskibaloi egokituko Bizkaiko Txapelketaren bultzatzaileak dira. Liga berri hau sortzearekin batera, norgehiagokarako beste aukera bat ematen diete kirolariei, eta, gainera, hainbat jardunaldi iraungo duen lehia izango da.

Beste kirol batzuk

Adimen ezintasuna dutenentzako saskibaloi egokituarentzat lehen denboraldia da honako hau, baina beste kirol batzuetan emana dute pauso hori lehenago. Besteak beste, futbol 7, boccia, goalball, xake eta igeriketa ligak antolatzen ditu. Hain zuzen ere, igeriketa ligaren hirugarren aldiari etzi emango diote hasiera Getxoko Fadurako kiroldegian. Garciaren esanetan, “modu xumean” hasi zuten, eta urtez urte indarra hartu du. “Helburuetako bat erkidego edo [Espainiako] estatu mailako beste lehiaketa batzuetan parte hartu nahi dutenei markak lortzeko aukera ematea zen”. Espainiako txapelketen antolakuntzan parte hartzen duen enpresa bat kontratatu zuten; ezintasun maila ezberdina duten kirolariek igerileku berean aukera berdinekin lehiatzea ahalbidetzen duen metodoa erabiltzen du enpresak. Aurtengo ligak hiru jardunaldi izango ditu, eta Bizkaiko Txapelketarekin bukatuko da.