Bazterrak erdigunera ekartzen

Bazterrak erdigunera ekartzen

Javi West Larrañaga

Begira geratu da gizon bat, erakusleihotik. Kartela irakurri du, eta berriro begiratu du barrualdera, zer den asmatu ezinik. Lokala hutsik dago oraindik. Hormak margotu berri, eta lurra paperez estalita, pinturak ez zikintzeko. Bertan atondu dute Marikobaso espazio askea, Derion, herriko elkarte eta pertsonek erabil dezaten. Txikia izan arren, erdigunetik hurbil dago, eta, oraingoz, haien beharrak asetzeko bestekoa izango dela uste dute proiektuaren bultzatzaileek.

Irailean hasi ziren proiektuan pentsatzen, eta urrian interesatuekin biltzen. Ilusioa zutela eta, herriari aurkeztea erabaki zutela adierazi du Ane Lopez Puertas Marikobasoko kideak. “Harremana eraiki nahi genuen herriarekin, eta jakin ea zorakeria batean ari ginen edo aukera zegoen herrian halako zeozer sortzeko”. Pozik geratu ziren harrerarekin, eta leku fisiko bat lortzearen alde egin zuten. Horretan ari dira orain: lekua lortu, atondu eta erabilgarri egiten ari dira, eta martxoan zabaltzeko asmoa dute.

Hainbat helbururen emaitza da Marikobaso Gune Askea. Alde batetik, herriko elkarte askok leku fisiko bat lortzea ahalbidetuko du. Horietako batzuk dira Tximintxo euskara elkartea, Koxak talde feminista eta herriko jai batzordea. Bertan egin ahalko dituzte bilerak eta hitzaldiak hemendik aurrera. Berri Txarrak-en Iraultza txikien asanblada abestia erabili du Gontzal Jauregi Martin kideak bere ikuspegia azaltzeko: “Hori gara gu, talde txiki bat, eta horren barruan hainbat pertsona, ilusio eta interes”, adierazi du Jauregi Martinek. “Habia bat hainbat txorirekin, eta denek daukate helburua zeozer egiteko”. Sorreran elkarte jakin batzuetako lagunak ibili diren arren, gehiago batzeko deia egin dute. Txikia izanagatik ere, uste dute elkarteak beren artean koordinatuz erabil daitekeela lokala. Dena den, kideek ez dute Marikobaso elkarteen topaleku moduan bakarrik imajinatzen. Derioztar guztientzako zabalik egotea aurreikusten dute, ume, gazte zein helduentzat, eta askotariko jarduerak egin eta eskaini nahi dituzte. Datozen hilabeteetan agenda garatu nahi dute, eta hil bakoitzerako egitaraua atera.

Gunea “era horizontal eta demokratikoan” antolatu dute, eta lau “zutabe” jorratu nahi dituzte: kultura, feminismoa, euskara eta ekologismoa. Horiek Marikobaso proiektuaren beraren barruan egin nahi dituzte, ez bakarrik osatzen duten elkarteetan. Kideek badituzte jada ekintza eta egitasmo batzuk buruan: zaborra biltzeko mendi irteera, truke azoka eta Derioko euskara lantzeko tailerra adinekoekin, esaterako. Horrez gain, lokalean liburutegi iraunkor bat sortu nahi dute, bertan irakurri ahal izateko liburuak. “Aisialdi eredu alternatibo bat eskaini nahi diogu herriari, kultura kontsumitzeko beste modu bat”, azaldu du Lopez Puertasek. Ez dute taberna izatea nahi; “asko daude jada herrian”.

Bideragarritasuna, herrian

Proiektuaren sustatzaileek dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dute laster, Itsulapikoa plataformaren bidez, lokalaren gastuei aurre egiteko. Hilaren amaieran jarriko dute martxan, eta donazio bakoitzak opari bat izango du. Horrez gain, bazkidetza kanpaina bat egingo dute, Internet bidez ondo moldatzen ez direnentzat.

Hainbat arrazoirengatik aukeratu dute Marikobaso izena. Derioren periferian dagoen auzoaren izena da, kale batena eta antzinako baserri batena. “Ertzean dagoen auzo bat da, Bilboko hilerriaren eta Loiuko aireportuaren artean dagoena”, esan du Lopez Puertasek. “Bi munstroren artean”, gehitu du Jauregi Martinek, bi azpiegituren erraldoitasunagatik. Aukeraketarako beste arrazoi bat izan da izenaren sinbologia. Mari feminismoaren aldetik eta baso ekologismoarenetik. Horiek dira haien helburu nagusietakoak, eta bazterrak “erdigunera” ekarri nahi izan dituzte, fisikoki eta sinbolikoki. Proiektua lokal honetan hasi dela aipatu dute, baina kideek beraiek ere ez dakite non amaituko den.