Sentimenak koloreekin jostea

Sentimenak koloreekin jostea

Amaia Igartua Aristondo

Oparotasuna iradokitzen dute koadroek, mihiseak lepo baitaude arbolaz, landarez eta ibai emaritsuz. Hostoak badira berde edo laranja kolorekoak, baina baita urdinak ere; moreak dira, zenbait iruditan, enborrak eta ura. Natura da, Itsasne Zubiri (Bilbo, 1977) artistaren galbahetik igarota. Dozena bat inguru paisaia natural espresionista bildu ditu Zornotzako Zelaieta zentroan, Natura, kolorea eta mugimendua erakusketan. Otsailaren 25era arte bisitatu ahal izango da.

“Natura kolorearen adierazkortasunean oinarritzen da, bizitzeko eta existitzeko modu gisa, haren indarrean, identitatean, sakontasunean eta mugimenduan”, artistaren hitzetan. Era berean, sorkuntza orok ere kolorea du akuilu. “Obra guztiak kolorearen beraren ahalmenetik sortzen dira”. Eta, horrenbestez, Zornotzako erakusketa ere irizpide berean dago bermatuta. “Oinarria kolorea da. Naturari buruzko bilduma da, baina naturaren koloreak adierazi nahi nituen, kolorean edertasuna aurkitzen dugulako”.

Zubiriri kolorea “ezinbestekoa” zaio bizitzan, dioenez. Berdin dio zein, berdin dio neguko kolore apalagoak izan edo udaberriko biziagoak. Eta horren adierazlea ere bada erakusketa, hein batean. Izan ere, pintura batzuk argiak dira erabat, gailendu egiten dira berdeak eta horiak; besteetan, iluna da zerua, amatatuagoak dirudite basoek, zuhaitzen kopa mardulek eguzki izpiak oztopatuko balituzte bezala. “Kontrastea gustatzen zait, eta bilatzen dut, baita koloreen indarra ere. Paisaia bat eduki dezaket aurrean, baina nik sentitzen ditudan koloreak erabiltzen ditut, barnean dudana adierazten dut kolorearen bitartez”.

Itsasne Zubiri 2

Lanen konposizioa ez ezik, maiztasuna ere baldintzatzen du aldarteak. “Inoiz ez diot bilduma bati amaiera ematen. Agian, bi edo hiru paisaia egiten ditut segidan, eta gero beste gai batekin hasten naiz; gero, berriro itzul naiteke naturara. Orokorrean, naturan oinarritutakoak alaitasunaren eskutik etortzen dira”. Gogoa izan eta sorkuntza ontzen du, bitarteko handirik gabe, hausnarketa sakon eta burutsuen beharrik gabe. “Beste koadro batzuk buruhauste gehiagokoak dira. Naturan edertasuna bilatzen dudanez, eta niretzat natura eta kolorea berez direnez ederrak, ez zaizkit hain zailak iruditzen”.

Obra horiek “sentimendua” dute oinarrian, artistak azpimarratu duenez, baina badoaz harago ere. “Mugimendua ere adierazten dut. Segun eta nondik begiratu natura, paisaia aldatuz doa, bai denboraren poderioz bai zure mugimenduagatik, baita natura etengabe mugimenduan dagoelako ere”. Begiradek baldintzatu dezakete ikusitakoa, orobat behatzen den hori koadro estatiko bat denean ere. “Ez da gauza bera koadro bati hurbiletik begiratzea edo urrunetik. Momentu horretan nola sentitzen zaren: horrek ere eragina du”.

Itsasne Zubiri 3

Xehetasunak nola igarri

Baina natura irudika daiteke hainbat modutan. Agertu daiteke pinturekin, baita eskulturekin ere, besteak beste. Itsasne Zubiriren erakusketan, badago pieza bat mihiseetako koloreen heterogeneotasunak baino gehiago kontrastatzen duena: hiru hostoz osatutako eskultura bat da, berdez jantzia, eta ispilu sorta batekin biribildua; Txikiak diren gauza handiak du izena. “Adierazi nahi nuen bizitzako detaile txikiak oso handiak izan daitezkeela gero gure egunerokoan, betetzen gaituztela”.

Lore batean mamitu du hausnarketa: egiturari dagokionez, hiru hostoak berdinak dira, baina ezberdin margotuta daude, ilusio optiko eta forma geometriko bereziekin apainduta. “Naturan, hosto batera hurbiltzen zarenean, urrunetik baino xehetasun eta forma geometriko gehiago ikusten dituzu”. Beste horrenbeste gertatzen da Zubirik paratutako landarearekin.

Eskulturaren aldeak errepikatuta agertzen dira, hosto bakoitzean kokatu dituen ispiluei esker. Halaber, ikuslea islatzen dute ispiluok, haren parte hartzea xaxatzeko. Gainera, hosto bakoitzari “gauza txiki handi bat” gehitu dio bilbotar artistak. Batean, musukatzen ari diren bi pertsonaren eskultura txiki bat. “Maitasuna adierazi nahi nuen, batzuetan musu batek asko betetzen gaituelako. Ez bakarrik bikotekidearenak, baita seme-alabenak ere, agurtzen zaituen norbaitenak… Musuak handiak dira, oro har”.

Harri bat kokatu du bigarren hostoan. “Edonon har dezakezulako sartu nuen; ematen du ez direla ezer”. Kontrara, asko dira, Zubiriren iritziz. “Ondo hausnartzen baduzu eskuan duzun horren inguruan, senti dezakezu haren higadura, eguzkia, euria, gainetik pasatu den inurri bat… Harri horren atzean istorio bat dago”.

Itsasne Zubiri 4

Beira zatiak gehitu dizkio azken hostoari, zaharrak eta berriak. Lehenak itsasotik hartu zituen, eta, eremuko higaduraren eraginez, leunak dira, “pertsona nagusiak bezala. Zahartzaroa leunagoa da; gauzak beste modu batera ikusten dira, eta, agian, arazoei pisu txikiagoa ematen zaie”. Gazteak irudikatzeko erabili ditu berriak: beira zati txikiak dira, berdeak, botila apurtu batenak. “Puntak dituzte eta mina egin dezakete. Gaztaroan, ikasten ari gara, nahiz eta, agian, gehiago sufritzen dugun”. Halere, puskak “ederrak” direla nabarmendu du Zubirik, “oso distira politak” dauzkatela. Kasu horretan ere, begiradak baldintzatzen du elementua. “Ematen du beira hutsa dela, baina, ondo begiratuta, edertasuna aurki daiteke bertan. Beraz, hostoak ez daude guztiz itxita”.