Javi West Larrañaga
Bizkaiko hainbat talde ekologistek prentsaurreko batean aurkeztu zituzten atzo Bilboko eta Sondikako udalek bultzatutako Artxanda Lurralde Plan Partzialari aurkeztuko dizkioten alegazioak. Plan horrek Artxanda mendi gainean 66.700 metro koadroko parke bat egitea aurreikusten du, baina ekologisten arabera, ez da plan berezi bat, eta ez dio Artxandako zabortegiaren arazoari erantzun aproposik ematen. Antolaketa egin aurretik abandonatuta dauden hondakindegietako arazoa konpontzeko eskatu dute, eta ez uzteko berririk egiten.
Erpin asko ditu aferak. Ekologistak Martxan taldeko Javier Vazquezek salatu du parkea egin behar duten lekutik hurbil dagoela Artxandako zabortegi zaharra, eta lindanoa dagoela bertan, besteak beste. “Bere sasoian guk lindanoa hauteman genuen, eta ez genekien hura zabortegi bat izan zenik”, adierazi du Vazquezek. Pestizidetan erabiltzen zen lindanoa, eta minbizia eragiten du, Munduko Osasun Erakundearen arabera. Vazquezek dioenez, zabortegiko lindano hori ia agerian zegoen, jada “janda” zeukalako bidoiaren azala. “Geratzen zena ia-ia purua zen”. Jendaurrean salatu zuten eremu horren egoera, eta Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalari egotzi zion ardura, udalarena baitzen zabortegia. Militante ekologistak azaldu du perimetro osoa hesiekin zarratzeko eskatu zutela salaketan, han jendea ibiltzen zelako.
Enpresa baten nahia
Vazquezen arabera, ez dago planik zabortegi berri bat egiteko, baina enpresa bat aurkeztu da zabortegi zahar horren karakterizazioa egiteko; hau da, lurra zelan dagoen ikusteko eta bertan zer elementu dauden aztertzeko. Ezagunak ziren lindano bidoiak kentzen ari da enpresa. Vazquezek esan du enpresaren txosten baten arabera zabortegiak 35-45 metro sakon dela leku batzuetan. “Hasieran uste baino hondakin gehiago daudela dirudi”. Lindanoaz gain, ospitaleko hondakinak aurkitu dituztela adierazi du Ekologistak Martxan-eko kideak. “Sasoi hartako hondakinak ez dira batere onak izango. Gainera, arriskutsua da hondakinak nahastea, askotan efektua areagotu egiten delako erreakzioengatik”.
Enpresaren lanaren atzean beste interes batzuk daudela uste du Vazquezek; Zaldibarko zabortegiaren gabeziak utzitako hutsunea betetzea, hain zuzen ere. “Uste dut ez dutela eskatuko zabortegi berri bat egitea, leku honetan dagoena handitzea baizik. ‘Jada konpondua’ dutenez…”. Haren arabera, Bilboko zinegotzi batek onartu egin die, “enpresak bere burua eskaini duenez, errentagarritasunen bat” atera beharko duela. Vazquezek uste du zabortegi berri bat ezkutuan egiteko arriskua dagoela.
Ekologistak Martxan- ek eta salaketa egin duten gainerako eragileek onartu dute Bilboko eta Sondikako udalek aurkeztutako aktibazio planak hainbat alde positibo dauzkala, baina adierazi dute beharrezkoa dela plan berezi bat egitea Artxandako eremu hori leheneratzeko eta arazoari errotik heltzeko. Gardentasuna eskatu dute, eta herritarrek parte hartzeko aukera. Plan berezi bat egiten ez bada, “jarduketa isolatuak”, “lotura gabekoak” eta “puntu berdinen gainekoak” izango direla iritzi dio Vazquezek. “Parkea zabortegi gainean jartzea, alfonbra kakaren gainean jartzea bezala da”.
Ekologistak ebatzi du administrazioek “benetan” nahi badute eremua gizartearen zein ekonomiaren ikuspegitik garatu, bertan eragiten duten afekzioak ezabatu beharko dituela: “Orduan leheneratu ahalko duzu ingurumena, gizartearentzako onurak izango dituzu, eremu bat lortuko duzu hiriarentzat, ibaiak baldintza onetan egongo dira eta metropoliko parkea egin ahalko duzu”.
Arazoak, goian eta behean
Ekologistek adierazi dutenez, ondo kontrolatu gabeko zabortegi horiek ez dituzte arazoak lurrean bakarrik eragiten. Vazquezek azaldu du 2019an landarediaren analisia egin zutela Enekurin eta Jatan, eta hango arbolak kutsatuta zeudela ikusi zutela. Gainera, Nerbioi eta Asua ibaien kutsadura deitoratu du. Zabortegietan dauden elementuak erreketara heltzen dira euri urekin batera. “Hori da Bizkaiaren industrializazioagatik egokitu zaigun ordainsaria”.
Administrazioak ez ikusiarena egiten duela uste du kide ekologistak. Errotik heldu behar zaio arazoari, haren aburuz, eta zabortegiak amaitu. “Ekonomia zirkularrarekin ari dira gora eta behera; egin dezagun hori, eta isurpen gabeko sistema bat jarri”. Haren iritziz, enpresak derrigortu egin behar dira hondakinak tratatzera eta desagerraraztera, nahiz eta hori garestiagoa izan haientzat.