Piramidea, prisma… Bizitza baten bideek izan dezakete forma geometrikoa

Piramidea, prisma… Bizitza baten bideek izan dezakete forma geometrikoa

A. Igartua Aristondo

Zornotzako erakusketa bukatu ondoren, Basauriko Ariz dorrean jarraitu ahal izango da bisitatzen Itsasne Zubiriren obra. Izan ere, otsailaren 24tik martxoaren 24ra bitartean forma geometrikoetan oinarritutako eskulturen bilduma bat jarriko du ikusgai han: Islen eta optiken forma. Piramideek, prismek, sabaian zintzilikatutako mugikariek eta gurutzeek osatuko dute erakusketa.

Diseinu grafikoan oinarrituta daude eskultura horiek —horixe bera ikasi zuen Zubirik—, eta Txikiak diren gauza handiak obraren ildoari jarraitzen diote: marrazkiak dituzte, eta ispiluz josita daude. Orobat, ikuslearen mugimenduak baldintzatzen ditu obrak, hein handi batean, ispiluetan islatutakoa aldatu egingo baita bisitaria mugitu ahala. Optika kontu bat da, erakusketaren izenburuan aditzera ematen denez. “Prismek adierazten dituzte aldatzen diren egoeren aurrean ditugun optikak, bilakaera”.

Oinarriak eta tontorrak

Piramideak “bizitza bideratzeko eran” oinarritzen dira. “Azken batean, denak piramide bat bezala funtzionatzen du: oinarrian pertsona moduan osatzen gaituzten hainbat gertaera eta emozio ditugu, eta muturrean gu gaude; handik, geure buruari eta bideari begiratu diezaiekegu”. Mota horretakoa da Zubiriren erakusketako piezarik mardulena, eta egin zuen lehen piramidea: Piramide handia edo Unibertsoa. Egitura osatzen duten piramide txikiagoetan islatu ditu bere bizitzako zenbait xehetasun, eta bera dago goian.

Prismak bezala, piramideak ere aldakorrak dira, pertsona bera ere aldakorra delako. “Bizitza horrelakoa da. Beste ikuspegi batekin, gauza txar bat apur bat hobea izan daiteke”. Adibidez, koronabirusa. Beste piramide batean jorratzen ditu birusaren nondik norakoak, aurrekoa baino txikiagoa den pieza batean. Zirku handi bat irudikatu du bertan, dioenez; 2020an jazotakoa, hain justu: hiru piramide ditu oinarrian, eta beste bat goian, isoszelea. Tartean, nola ez, ispiluak kokatu ditu.

“Pandemia hasi zenean hasi nintzen egiten. Beheko hiru piramideetako aurpegi bakoitzean adierazi nuen sentitzen nuena, pandemia nola ari nintzen bizitzen”. Birusa irudikatu du hainbatetan, adar ugariz inguratutako esfera identifikagarri hori: badira arrosak, gorriak eta berdeak, badituzte aurpegiera atseginagoak edo izugarriagoak, baina samurtasunik ez dute iradokitzen dakarten elementuek: pare batek, mailua; beste batek, debeku andana bat.

Pertsonek ere osatzen dute piramidea. Esaterako, lagun talde batek beste piramide bat sortu du: oinarrian daude batzuk, gainean dituzte beste zenbait, eta hegazti sarraskijalea dute buruen gainean, dolarren, euroen, are yuanen jagolea. Langabezia, Arriskuan eta Pobrezia hitzak ebakitzen dituzte biztanle atsekabetuek. Zubirik pieza horretan ere eskultura txikiagoak kokatu ditu ispiluen gainean, orduan gizartea nola ikusten zuen adierazteko. “Pertsona bat burumakur doa, bestea ere nahiko burumakur, eta hirugarrena nahiko alai dago”.