Kordela

Konplitu dut. Joan naiz bertara. Agurtu ditut herrikideak. Agurtu ditut kuadrillakoak. Agurtu ditut aspaldi ikusi bakoak. Ikusi ditut berdurak. Ikusi ditut txahalak. Erosi dut euskal pastela. Erosi dut gazta. Erosi ditut kordelak. Jan dut erroskilla. Jan dut opila. Sagardoa. Idi-probak. Txapela eta arran soinua. Marruak eta orroak. Iji eta aja. Kuku. Aspaldiko. Zelan. Ondo. Lan egitea tokatzen? Bai. Etxera zoaz? Bai. Nekatuta? Bai. Jende asko, ezta? Bai. Etxeko atea zarratu, eta bang! Kito aurtengoa. Abadiñar peto legez, bildumatu beharreko erritual guztiak bildumatu ditut San Blas eguneko azokan. Guztiak, txorizo-bete talo irenstearen tradizioa kenduta, eta kultur ikuskizunen batekin gozatzeko ohitura kenduta. Osasun irizpideei segika, gure herriko agintariek ez dutelako sanblasetan txosnarik ipintzea baimendu eta azokaz aparte ez dutelako ezelako kultur eskaintzarik programatu (gaztetxean bai, hor egitaraua landu dute). Eta zer gura duzue esatea. Erabakiak, sanblasetako kordelen antzera, itolarri modukoa eragin dit lepoan.

Osasun irizpideen arabera hartutako erabaki hori izan baitaiteke borondate onekoa. Izan daitekeelako asmo txarrik bakoa. Are, osasun publikoa babesteko asmoz harturikoa. Baina, duda barik, izan da herritarrek ulertzeko zailtasunez beterikoa. Nekez ulertzen delako osasun egoera larrietan ekitaldi kultural kontrolatuak antolatu izana, eta ekitaldi kultural kontrolatu horiek berak egungo osasun egoeran ez antolatzea. Nekez ulertzen delako urte eta erdian jaiak ezin ospatzeak dakarren min emozionala kultur egitasmoekin konpentsatzen aritzea, eta kultur egitasmo horiek sanblasak behar bezala ezin ospatzeak eragiten duen mina konpentsatzeko balio ez izatea. Zaila delako ulertzen probalekuan idi-probak bai, horiek bai, antolatu izana; baina, aldiz, aire zabalean edo karparen batean edukiera kontrolatuko antzerkiren bat, kontzerturen bat, ikuskizunen bat ez antolatzea. Txarto pentsatzen hastetik urrun, imajinatuko dut eztarrian sentitzen dudan korapilo hau korrika eta presaka hartu beharreko erabaki politiko horietako bat izan dela. Aix, pitxin! Badakit agintea gauza zaila dena. Baina zerbait txarto egiten ariko gara orain arte kulturari eusteko eredu gutxieneko, minimo, ia ezerezeko horri ere heltzeko gai ez bagara, eta hortik gora egiteko zimenduak berreraikitzen ez baditugu. Kultura barik ez garelako inor. Ez hizkuntza, ez komunitate, ez idiosinkrasia.

Enfin. Uste dut lerrook idatzi ahala eztarriko minak lausotzera jo duela. Akaso, funtzionatuko du kondairak. Izan ere, gogoratu gaur barikua dela, Abadiñoko azoka handitik bederatzi egun pasatu direla, eta kordela otsailaren 3an ipini bazenuen soka lepotik kentzea eta erretzea dagokizula. Horri eskerrak ez duzu eztarriko minik izango urte osoan. Bada, horixe egitera noa. Surtara kordela! Ea erritual honek kultura ezeztatu izanak ekarri didan eztarriko mina nasaitzen laguntzen didan. Nik, behintzat, eztarriko korapil sendo hau nahi nuke askatzea artikulu hau bukatzean.