N. S. O.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank egitasmoa jarri dute martxan, beste urtebetez. Aurtengo leloa Harrapatu zure aukera! da. Programaren helburua da 10 eta 18 urte arteko ume, nerabe eta gazteek aisialdiko jardueretan euskara ezagutzea eta erabiltzea.
Horretarako, eskaintza zabala antolatu dute aurtengorako ere. Lau ataletan sailkatutako jarduerak izango dituzte aukeran: Arratsaldeak —aurrez aurreko tailerretan parte hartzeko—; T(r)ailerrak —tailerrak online eskaintzen dituzte—; Eszena talentuen lehiaketa, eta Klikazank Bilboko bideo-jokalarien lehiaketa.
Harrapazank Arratsaldeak atalerako hamasei tailer antolatu dituzte. Martxotik ekainera bitartean egingo dituzte, bariku arratsaldeetan. Udaltegietan bakarka zein taldean garatzeko hainbat alorrekin lotutako esperientziak bizi ahalko dituzte: teknologia, sorkuntza, gorputzaren mugimendua edota kaleko artea.
T(r)ailerrak eskaintzetan bideo tutorialak aurkituko dituzte. Musika tresnak jotzen ikasteko bideoak, errezetenak, marrazketa teknikei buruzkoak zein norbere gorputza baliatuta perkusioa sortzekoak ikus daitezke.
Eszena lehiaketan parte hartu nahi dutenek bakarka zein taldean aritzeko eman dezakete izena. Castingean aurkeztu beharko dituzte euren ikuskizunak. Irabazleek 500 euroko saria izango dute.
Klikazank bideo jokoen lehiaketa bat da, Rocket League bideo jokoen lehiaketan oinarritua. Maiatzaren 21ean egingo dute finala.