Gizarteak pandemian izan duen jarrera gaitzetsi dute bizkaitarrek

Gizarteak pandemian izan duen jarrera gaitzetsi dute bizkaitarrek

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaitarrak ezkorrak dira pandemiak datozen hilabeteetan normaltasunera bueltatzen utziko ote duen galdetuta: %47k uste dute aukera gutxi daudela, eta %33k ezinezkotzat jotzen dute. Edozelan ere, badute baikortasun puntu bat: 6,2ko nota ipini diote etorkizunari. Baikorrenak 65 urtetik gorakoak dira. Ikerfel ikerketa etxeak Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz egindako azterlanaren emaitzak dira.

Udalak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza pandemian egiten ari diren lanari 5,4ko nota ipini diote. Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuak ez dute gainditu azterketa. Gizartearen jarrerarekin ere kritikoak dira bizkaitarrak: ozta-ozta gainditu diote. %72k uste dute herritarrek, oro har, ez dutela asmatu behar den bezala jokatzen.

Oro har, urte zailak izaten ari dira bizkaitarrentzat. Inkestari erantzundako %54k izurria hasi aurretik baino estres eta frustrazio handiagoa dute. Hamarretik zazpi kezkatuta bizi dira. 2020aren hasieran baino aspertuago eta nekatuago daude erdiak. Laurdenek bakardade handiagoa pairatzen dute —emakumeetan, ia herenek—; ez da bereziki adinduenen sentsazioa: bakardade handiagoa sumatu duten gehienak 35 eta 44 urte artekoak dira.

HERRIALDEAREN ARAZOAK. Enplegua eta etxebizitza

Bizkaiak dituen arazoak zein diren jakiteko, galdera bi egin dituzte. Lehenengo, elkarrizketatuari eskatu diote esateko bere ustez zein diren herrialdearen hiru arazo nagusiak. Batetik, jarduera ekonomikoa eta enplegua eta, bestetik, osasun zerbitzuak nabarmendu dituzte: %62k eta %53k aipatu dituzte, hurrenez hurren. Zerrendan hirugarrena segurtasun falta da, baina soilik %16k aipatu dute. Bigarren galderan, arazo zerrenda bat proposatu dute, handik bat aukeratzeko: etxebizitza, murrizketak, gizarte desberdintasunak, klima aldaketa eta pentsioak dira lehen bostak.

EKONOMIAREN EGOERA. Ez ona, ez txarra

Bizkaiko ekonomiari 6,2ko nota ipini diote. Hamarretik bostek uste dute egoera ez dela ez ona ez txarra. Beste lauk esan dute nahiko ona dela. Ezkorrenak, berriro, 35 eta 44 urte artekoak dira. Enpleguak nota eskasagoa lortu du: 5,4koa. Arlo horretan, egoera ilunago ikusi dutenak 55 eta 64 urte arteko bizkaitarrak dira. %46k erantzun dute etorkizunean ekonomiak berdin jarraituko duela. Parekatuta daude hobera edo okerrera egingo duela uste dutenak: %26 izan dira. Enpleguaren etorkizunaz galdetuta ere, berdintsu erantzun dute; ezkorrak arean gehiago izan dira.

AISIALDIA ETA KONTSUMOA. Gastuak, gora

Elkarrizketatuen %23k uste dute kontsumoak eta gastuek gora egingo dutela. Arrazoi nagusia prezioen gorakada izan da. %18k, ostera, gutxiago kontsumituko dute, beren edo familiaren egoera ekonomikoa dela medio.

POLITIKA. Diputazioak, 5,9ko nota

Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen lanari 5,9ko nota ipini diote. Hamarretik laurentzat ona edo oso ona da, eta beste horrenbesterentzat, ez ona ez txarra. Kritikoenak 35 eta 44 urte artekoak dira. Bizkaitarrek uste dute langabeziaren aurka borrokatzea eta mendekotasunen bat duten herritarrak zaintzea izan beharko liratekeela diputazioaren zeregin nagusiak. %74k ez dakite nor den Bizkaiko ahaldun nagusia, baina, behin izena esanda, beste horrenbesteri ezaguna egin zaie. Haren lanak 5,6ko nota jaso du. Denek gainditu diote azterketa, 35 eta 44 urte artekoek izan ezik.

Herritarrek badute EAJk egindako lanaren berri, baina ez dute beste alderdienaren aditzerik. Soilik %37k dakite zer egiten duen PSE-EEk, eta %13k du EH Bilduren jardunaren berri. %46k uste dute EAJk lan ona edo bikaina egiten duela; 1etik 5era, 3,3ko nota eman diote. PSE-EEk eta EH Bilduk 2,9 atera dute; bien kasuan, parekoak dira ondo eta txarto dabiltzala uste dutenen kopuruak.

2023KO HAUTESKUNDEAK. EAJ, sendo; EH Bildu, gora

Datorren urteko foru hauteskundeez ere galdetu dute. Abstentzioak gora egingo du: %44,6k esan dute ez dutela bozkatuko; 2019ko hauteskundeetan, %34,2koa izan abstentzioa. EAJk irabaziko luke, botoen %44,6rekin. Batzarkide kopuru bera lortuko luke, edo bat gehiago: 25-26. Lau barrutietan gora egingo luke zertxobait —batez ere, Busturia-Uriben—. Irabaz dezakeen batzarkidea Bilbokoa da. Hala ere, hiriburuan EH Bilduk eta Voxek izango lukete gorakadarik handiena boto kopuruan, eta horrek EH Bilduri beste batzarkide bat eskuratzen lagundu diezaioke; jeltzaleena bezala, jokoan dago hori ere.

EH Bilduk seguru luke beste batzarkide bat irabaztea Enkarterrin —han haziko litzateke gehien—, eta beste bat Busturia-Uriben. Beraz, osotara, batzarkide bi edo hiru gehiago lor ditzake: guztira, 12-13. Elkarrekin Podemosek galduko lituzkeen beste dira: seitik laura pasatuko lirateke. Boto kopuruari erreparatuta, moreek galtzen duten neurri berean egiten du gora EH Bilduk. Sozialistek bigarren lekuari eutsiko liokete Bilbon eta Enkarterrin, eta zortzi batzarkide izango lituzkete berriro. PPk batzarkide bat galduko luke, eta bakarrarekin geratuko litzateke.