Natalia Salazar Orbe
Enkarterrin autokarabanentzako eremuen zirkuitu bat sortuko dute aurten. Hala iragarri du Unai Anton Sopuertako alkateak. Urtea bukatu baino lehen, era horretako ibilgailuentzako lau gune irekiko dituzte Artzentalesen, Karrantzan, Sopuertan eta Zierbenan. “Eskualdea autokarabanen turismoaren erreferentzia bihurtzea espero dugu”, esan du alkateak.
Autokarabanaz egiten den turismoak gora egin du azken urteetan. Pandemia aurretik ere nabarmena zen igoera, baina haren ondotik are gehiago puztu da fenomenoa. Askok eta askok aire zabalera jotzeari ekin diote, natur eremuen bila. “Sopuertak ere turista mota hori erakartzeko aukera aprobetxatu nahi du. Autokarabanen erabiltzaileak naturazaleak izaten dira, askotan bizikletak aldean eramaten dituzte, aire zabaleko jardueretan parte hartzeko joera dute, eta inguruko ondare aberastasuna arakatzea gustatzen zaie”, adierazi du Antonek.
Oraingoz, Sopuertako eremuaren xehetasunak eman dituzte. Datozen hilabeteetan hasiko dituzte Castaños auzoan kokatuko duten gunea egiteko lanak. Urtea bukatu aurretik irekiko dute. Enkarterri ezagutarazten eta bertako turismoa sustatzen duen Enkartur agentziak eta Sopuertako Udalak sustatu dute proiektua. Eusko Jaurlaritzak Lehentasunezko Jarduketa Guneak garatzeko emandako diru laguntzak baliatuko dituzte lanotarako.
Burdin Mendien bide berdetik gertu egokituko dute eremua. Kokapen hori aukeratu dute herriko eskaintza turistikoa nabarmentzeko eta autokarabanen erabiltzaileentzako deigarria izan dadin. “Naturaguneak nahiago dituzten erabiltzaileek gora egin dute etengabe azken urteetan. Enkarterrin dauzkagun azpiegiturak ez dira nahikoa eskari guztiari erantzuteko”, azaldu du Enkartur agentziak.
Sopuertako alkate Antonek azpimarratu egin du bide berde horren erakargarritasuna: “Burdin Mendien bide berdea Bizkaiko bide berderik luzeena da: 42 kilometro ditu. Tunelak eta industria aztarnak nonahi agertzen dira ibilbidean zehar, eta ikuspegiak zoragarriak dira”. Gaineratu du natur balio handiez gozatzeko aukera ematen duela: “Besteak beste, Trianoko mendiak, Barbadun ibaiaren padurak eta dunak, eta Arenako hondartza”.
Gainera, Unai Antonek adierazi du inguruan “natura betean egin daitezkeen jarduera mordoa” dagoela. Gogora ekarri du Erdi Aroko leinu guden lekuko izan ziren hainbat dorretxe aurki daitezkeela udalerrian. “Zuhaitzetan abenturak izateko Euskadiko parkerik handiena ere badaukagu”. Eta industria ondare handia ere badute XX. mendean mugimenduz betetako meatzaritza gunea izan zen herrian.
Eskaintza zabala
Horrez gain, Enkarterrin aire zabalean egiteko eskaintza zabala dago. Sopuertako alkateak adierazi duenez, “eskualdeko ondare natural izugarria erakusteko ehun ibilbide baino gehiago markatu ditu Enkarturrek eskualde osoan. Wikilocen daude eskura”.
Sopuertako guneak hamalau autokarabanarentzako lekua izango du. Bakoitzak zortzi metroko luzera eta bosteko zabalerako eremua erabili ahalko du. Argindar eta ur harguneak ere izango dituzte. Sarreran portxe bat izango dute, eta bertan argindarra sortzeko panel fotovoltaikoak jartzeko aukera egongo da.