Natalia Salazar Orbe
Bi urte beteko dira domekan Zaldibarko zabortegia amildu zenetik; bi lagun hil ziren. 2020ko otsailaren 6 hartako hondamendia gogoratu eta berriz ere erantzukizunak eskatzeko, manifestazioa antolatu dute etziko. Zaldibar Argitu plataformak egin du deialdia, Aldaketaldia asanblearekin eta Larreko Mahaia plataformarekin batera. Ermuko plazatik aterako da mobilizazioa, 12:00etan. Handik Zaldibarreko Eitzaga auzora arteko bidea egingo dute. Eta han ekitaldia egingo dute, 13:00etan.
Eitzagan elkartuko dira, hura delako “hondamendiaren epizentroa. Eitzagan hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran”. Hala ekarri zuen gogora Gaizka Zabarte Zaldibar Argituko kideak joan den eguaztenean, manifestaziorako deialdia iragartzean. Haren esanetan, bi langileen heriotza “ez zen istripua izan, hilketa baizik”. Martxaren deitzaileen izenean azaldu zuenez, “argitu den kontuetako bat da heriotza horiek saihestu zitezkeela; Barinagak [Jose Ignacio Barinaga, zabortegia kudeatzen zuen Verter Recycling enpresaren jabea] eta konpainiak saihestu zitzaketen. Baita Eusko Jaurlaritzako arduradunek ere, zegokien lana egin izan balute”.
Langileen eskubideen kontrako deliturik egon ote zen aztertu behar zuen auzia itxi egin zuten joan den irailean. Sololuze eta Beltranen senitartekoek eta akusatuek akordio bat egin zuten. Akusatuek onartu egin zuten zuhurtziagabekeriazko homizidioaren akusazioa, eta baita sei hilabeteko zigorra eta kalte ordain ekonomikoak ere. Zabarteren hitzetan, “hori onartu zuten epaiketa eta espetxea saihesteko”.
Domekako ekitaldian Zaldibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak auzotarrekiko erakutsi duten “utzikeria” ere salatuko dute. Auzotarren “ezinegonei eta ardurei entzungor” egin dietela sinetsita daude deitzaileak. Hain zuzen, Zabartek esan zuenez, “Eitzagako biztanleak izan ziren, hildakoen ostean, kaltetuenak”. Zabortegiaren amiltzeak eragin zuen kutsadura zela eta mediku azterketak eskatu zituzten, baina ukatu egin zizkieten: “Miserablea, benetan, lehenengo Eusko Jaurlaritzak eta segidan Zaldibarko Udalak osasun azterketak ukatzea Eitzagako 37 bizilaguni”.
Gainera, Zaldibar Argitu plataformak uste du bi urteotan erakundeek izan dutela astia hobekuntzak egiteko hondakinen kudeaketan. Baita Verter Recycling enpresakoek “eragindako hondamendian arduradun politikoek izan dituzten ardurak argitzeko” ere.
Horretarako aurrera pausorik ez dute antzeman, ordea. Goi mailako interes publikoko proiektuen inguruko erabakimena udalei kendu eta Eusko Jaurlaritzari ematen dien Ingurumen Administrazioaren Legea kritikatu zuten agerraldian, Tapia legea gisa izendatuta. “Zaldibarko Udalak, bere eskuduntza izan arren, ez du parterik hartu zabortegia zigilatzeko lanetan, ezta egin zaion handiagotzean eta hori gauzatzeko desjabetzeetan ere. Udalarenak diren eskumenak bere gain hartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta kito”, gaitzetsi zuen Zabartek, udala Jaurlaritzaren “morroi zintzoa” izan dela gaineratuta.
Eusko Jaurlaritzaren ardura
Gogora ekarri zuen Eusko Jaurlaritza dela zabortegiak kontrolatzeko arduraduna, eta zalantzan jarri zuen ardura hori ondo bete duen. Horren harira, Cedexen txostena mahaigaineratu zuten. Egunotan jakin da epaileen aginduz zabortegiaren inguruko ikerketa egin duten perituek ebatzi dutela zabortegiak itxita behar zuela. Hala iragarri zuen BERRIA egunkariak joan den domekan, Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentro horrek—Cedexek— egindako txostenak aletuta. Ebatzi dute proiektu teknikoetan mamitzen hasi zenetik amildu zen arte akatsak, utzikeria eta kontrol egokiaren falta pilatu zirela Zaldibarko zabortegian.
BERRIAk epailearen esku dagoen dokumentua aztertuta jakin duenez, isurtegiaren azpian jarritako geomintza ez zen proiektu teknikoan zehaztutako bera. Horrek nabarmen gutxitu zuen hondakinen euste ahalmena, hondakinak altuera jakin batetik behera amiltzea eragiteraino. Horrez gain, zabortegia atalka zigilatu ez izanak ere gehiegizko ur emaria biltzea ekarri zuen. Horrek eragin handia izan zuen instalazioaren egonkortasun faltan.
Euren lehentasunak argi utzi zituzten martxaren deitzaileek: bizitza, osasuna… “Guretzat, langileen bizitzek balio dute kapitalaren irabazien gainetik; jendearen osasuna eta ongizatea ere kapitalaren gainetik. Eta higiene demokratikoa klientelismo erregimen horren gainetik”.