Koruak kalera ostera ere, Agate Deunan

Koruak kalera ostera ere, Agate Deunan

Amaia Igartua Aristondo

Kaleak agertoki izateari utzi zion. Askotariko ikuskizun eta emanaldiak bertan behera geratu ziren, edo atzeratu. Osasun egoerak hobera egin duenean itzuli dira, batzuetan lehengora, bestetan murrizketekin, baina kalean berriro, halere. Koronabirusak kaletik botatako horietako batzuk izan dira Agate Deuneko koruak. Gaur, Agate Deuna egunaren bezperan, Kataniako (Italia) Agata santuari koplak kantatzen dizkiote askok; Arratiako koruak, zehazki, goiz-goizetik hasi, eta iluntzera arte girotzen ditu Bizkaiko zenbait bazter.

1951n sortu zen, orduko bi koruren baturaren ondorioz. Arteagako koruak egunez kantatzen zuen, eta Areatzakoak, berriz, gauez, farol baten argitan. Hala, 2021ko data “oso garrantzitsua” zen Arratiako koruarentzat, 70 urte bete zituztelako, Garazi Navas koruko zuzendariak azpimarratu duenez. Alabaina, ezin izan zuten urteurrena ospatu: uste zuten kantatzera irten ahal izango zirela, baina, pandemia dela eta, azkenean ezin izan ziren irten.

Aurten ere zalantza eta ezjakintasun berekin ibili direla dio Navasek, osasun egoeraren bilakaerari erne, baina, azkenean, gaur ospatuko dute “70+1 urtea”, ia ohiko moduan, gainera: ibilbidea 2020ko antzekoa izango da. 08:00etan hasiko dira, Areatzako parrokian egingo den mezan. Herrian bertan bukatuko dute kantaldia, 21:30ean, hala nola Zeanuritik, Zornotzatik, Bilbotik, Galdakaotik eta Arteagatik igaro ondoren. “Aldatu den gauza bakarra da ezingo dugula Santiagoko katedralaren barruan kantatu, esan zigutelako ezingo zutela sarrera kontrolatu, ziurtagiria eskatu eta hori dena”.

Agate Deuna eguneko bezperan baino ez du kantatzen Arratiako koruak, nahiz eta, urte batzuetan, salbuespeneko saioak ere izan dituzten —esaterako, santuaren ehorzlekuan abestu zuten 2018ko uztailean, Katanian—. Urriaren bukaeran hasten dira entseatzen, eta gaurko egunez bukatzen dute, beste emanaldirik ez badute aurreikusita. Ia bi urte zeramatzaten bildu gabe entseguei ekin zietenean 2021eko urrian. “Alde batetik, oso pozgarria izan zen, baina, beste alde batetik, beldurrarekin geunden, koruan jende nagusia dagoelako, eta 50 lagun inguru garelako”.

Era berean, aurten ere azken momentuan jakin dute kantatu ahal izango duten. “Pentsatzen genuen igual entseguek ez zutela balio izango. Ezin bazara irten hainbeste hilabetetan entseatu eta gero, frustragarria da”. Halere, elkar ikusi gabeko denbora tarte luzeak ez dio kantarien abileziari eragin, zuzendariaren arabera. “Izan ere, musikaren aldetik, arazo barik, jende gehienak pila bat urte daramatza kantatzen. Askok euren aita-amengandik edo aitita-amamengandik jaso dituzte kantak: txikitatik dakizkite; bakarrik falta zen xehetasunak zehaztea”.

Ilusioak ere bere horretan jarraitu du. “Kantatzeko gogoa zutela nabaritzen zen”. Kantaldian biltzen duten diru dena Caritasi ematen diote, eta hori ere “motibazio handia da”, Navasek dioenez. Aurten, gainera, taldea ez da gaurko emanaldien ondoren banatuko, Erroman ere kantatuko dutelako aurten.

Iragana eta etorkizuna

Arratiako koruak zazpi hamarkadako ibilbidea egina du dagoeneko, eta baditu, halaber, urte gehiagorako zutabe sendoak. Navasen hitzetan, koruaren “berezitasuna” da belaunaldi denetako kideak dituela. “Adin guztietako jendea dago, 9-10 urtetik 90 urtera arte. Oraingoz, ume eta gazte nahikotxo ere badaude, 15-16 urtekoak, baita horien gurasoak ere, 40 urtetik gorakoak”. 20 eta 40 urteen tarteko jende gutxiago dute, baina jarraipena “bermatuta” dagoela dio Garazi Navasek. “Aitita-amamak, euren seme-alabak eta bilobak etortzen dira; familiaren kate hori ez da hautsiko”.