Karrantzako ardietatik, soinera

Karrantzako Muturbeltz elkarteak haraneko artaldeetako artilearekin egindako ehuna sortu du. Poltsak, txalekoak eta jakak egiten dituzte ehun horrekin. Proiektuaren helburua da euskal artilea gaur egungo produktuen bidez merkaturatzea.

Ibai Maruri Bilbao

Gure erronka da euskal artileari egungo produktuen bidez kalitatezko merkatu bat ematea”, azaldu du Karrantzako Muturbeltz elkarteko kide Joseba Edesak. Aspalditik dabiltza muturbeltz arrazako ardien artileari probetxua atera guran, eta, orain, beste pauso bat eman dute: ehun bat sortu dute, eta poltsak, jakak eta txalekoak saltzen hasi dira.

Aurretik ere lortu zuten ehun bat, baina, Edesaren esanetan, ez zen “hain gozoa”. Beste enpresa batengana jo zuten, eta horrek gustatu zaien ehun bat sortu die. Duela urtebete jaso zuten emaitza, eta harekin lanean ibili dira. “Lauritak [Siles, elkarteko beste kidea] egin ditu diseinuak. Bilbon jostun bi topatu ditugu, eta haiek egiten dituzte arropak. Jostun gutxi dago. Nik uste dut etorkizunerako lanbide bat dela, ezinbestekoa ekonomia eraldatzeko”.

Gabonetarako egin zituzten poltsak, eta “arrakasta handia” izan zutela esan du. Hamar egin zituzten, eta denak saldu zituzten. Orain, beste horrenbeste egingo dituzte. Txalekoak tamaina batekoak egin dituzte guztiak, eta dagoeneko prest zituztenak amaitu egin zaizkie. Salmenta web orriaren bitartez egiten dute. Hainbat azokatara ere joan dira euren produktuekin. “Batzuk etxera etorri zaizkigu erostera, baina hau ez da denda bat, ez dugu horretarako prestatua; gure bizilekua da”.

Jakak pertsonalizatuak dira: eskatu ahala, norberaren neurrien araberakoak egiten dituzte. “Bularraldea, gerrialdea eta norbere altuera neurtu behar dira”, azaldu du Edesak. Bi modelo dituzte aukeran: bomber estilokoak eta parkak. “Garestiak dira, ehuna ere garestia delako, eta jostunek ere haien lanagatik kobratu behar dutelako”. Horregatik egiten dute lan enkarguz, egingo duten hori salduko dela bermatua izateko. Oraintxe, hiru jaka sortzen ari dira Bilboko jostunak: bomber bat eta parka bi.

Muturbeltzekoek egiten dute prozesu osoa: artilea moztetik hasi, onenak aukeratu, transformatu, haria egin, hariarekin ehuna, ehunarekin arropa. Hala ere, Edesak argitu du euren azken asmoa ez dela arropagintza. “Orain hasi gara, ez dugulako gure ehuna erabiliko duen arropagilerik. Inork ez du ezagutzen zelako ehuna sortu dugun, eta guk egin behar izan ditugu arropak. Baina polita litzateke interesa duten enpresak agertzea. Hainbeste marka atera dira arropa jasangarria saltzen dutela diotenak; eros dezatela gure ehuna, jasangarria da eta”. Hori lortu bitartean, arropa egiten jarraituko dute, uste dutelako hori dela modua euskal artileari iruditeria berria sortzeko. “Lehen, inork ez zuen euskal artilearen aldeko apusturik egiten, ez zitzaion baliorik aitortzen; orain, gu errealitate hori eraldatzen ari gara”.

Muturbeltz

Industriari begira

Muturbeltzekoek artaldea dute etxean. “Esnea eta haragia dagoeneko egiten zirenez, beste zerbaiten bila hasi ginen”. Artilearekin ez zen ezer egiten. “Hemengo artilea inoiz ez da transformatu industrian. Australia eta Zeelanda Berriko artilea erabiltzen zuten euskal enpresek; hemengo fabrikak eta makinak merino arrazako ardien artilea lantzeko daude prestatuta, eta hark beste ezaugarri batzuk ditu”. Karrantzako beste hamasei artalderen ardia ere erabiltzen dute. Euro bat ordaintzen diete ardi bakoitzeko. Aurten, tona bi artile aukeratu dituzte. Joan den astean iritsi zitzaien ehun bihurtuko den haria.

 Arropa ikusi eta erosi nahi izanez gero,  jo webgune honetara: Muturbeltz.com