Iñigo Hernando: “Aldundiak ezarritakoa bete dugu”

Iñigo Hernando: “Aldundiak ezarritakoa bete dugu”

N. S. O.

Iñigo Hernando Arriandiaga (Galdakao 1987) Galdakaoko alkateak esan du udalerriari Usansoloren balizko desanexioak ez diola kalterik egingo.

Bizkaiko Batzar Nagusietan zer erabaki espero duzue?

Bizkaiko Foru Aldundiak segregazio kasuetarako espresuki ezarritako prozedura urratsez urrats betetzen joan gara, eta dena bete dugu zehatz-mehatz. Orain Batzar Nagusiena izango da hitza.

Udalean gobernua izan da desanexioari bide eman diona. Argi izan duzue hasieratik bide horri ekin behar zeniotela?

Usansoloko segregazio prozesuak 30 urte baino gehiago daramatza. Udal gobernuan 2019an sartu ginenean, argi genuen ariketa demokratikoa aurrera eraman behar genuela Usansolon, balizko segregazio batek lekarkeen agertokiaren azterketa sakona bideratuz eta usansolotarren hitza entzunez.

Zein izan dira oztopo nagusiak?

Orokorrean, prozesua naturaltasunez egin da. Batetik, galdakoztarren artean Usansoloren sentimendua betidanik ulertu delako. Bestetik, usansolotarrek pozez hartu dutelako Galdakaoko Udalak haien sentimendu hori aintzat hartzea. Hala ere, politikoki tirabiraren bat egon da, batez ere ikusita hamarkadetan luzatu den prozesuak bultzadarik handiena gobernu aldaketa baten ondorioz lortu duela. Argi dago noiz eta zein gobernuk heldu dion gaiari naturaltasun osoz. Prozesua atzeratzeko argudioak etengabekoak izan dira urteetan.

Uste duzue Usansoloko biztanle kopurua oztopo bat izan daitekeela Batzar Nagusiek desanexioari oniritzia emateko?

Espainiako legediak eta Bizkaiko Foru Arauak diotenaren artean ezberdintasuna dago kopuruari dagokionez. 2021eko abenduan Josu Bergara Bizkaiko Foru Aldundiko Toki Administrazioaren zuzendari nagusiak niri igorritako gutunean adierazten zuen legedi bi indarrean daudela jakinik, “Foru Arauaren 46.2 artikuluan aurreikusitako izapidearekin jarraitzeko”. Esan zidan ordura arte Foru Aldundiarekin batera osatutako dokumentazio guztia ondo zegoela, eta behin betiko memoria onartzeko osoko bilkura deitu ahal nuela. Udalak aldundiak ezarritako prozedura bete baino ez du egin. Orain Batzar Nagusiek erabaki beharko dute segregazioari bide eman ala ez.

Nola eragingo dio Galdakaori Usansoloren desanexioak?

Landu den memorian argi geratzen da bai Galdakao Usansolo barik, bai Usansolo independente batek ez luketela eragin negatiborik izango zerbitzuei eta ahalmen ekonomikoari dagokienez. Are gehiago, Galdakaok zerbitzuak hurbiltasun eta eraginkortasun handiagorekin kudeatu ahalko ditu; garbiketa, lorezaintza edo udaltzaingoa, adibidez. Eta Usansolo, biztanlerian antzeko kopurua duten Bizkaiko beste herriekin alderatuz, batez bestekoaren gainetik legoke ekonomikoki.