Baldintzak

Durangaldeko Ikerlari Berrien Sarian parte hartu nahi dutenentzako oinarri eta baldintza batzuk ezarri ditu Durangaldeko Gerediaga elkarteak.

Oinarriak

Lanak. Bakarka edo taldean aurkez daitezke. Taldean bada, ordezkari bat aukeratu behar dute. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.

Gaia. Durangaldean edo eskualdeko edozein herritan kokatua. Edozein jakintza arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke.

Hizkuntza. Euskaraz aurkeztu behar da. Lana jatorrizkoa izan behar da.

Durangaldekoak. Eskatzaileak edo gutxienez taldeko kide batek Durangaldean bizi behar du, edo bertan ikasten egon behar du.

Formatuak. Lanak lau formatutan aurkez daitezke: artikulua (2.000-4.000 berba); posterra (52 zm x 86 zm); ikus-entzunezkoa (4-8 minutu) eta podcasta (10-20 minutu artean).

Kategoriak. Adin tarteen arabera, hiru kategoriaren arabera sailkatuko dituzte lanak: 2004 eta 2006 urteen artean jaiotakoak; 2003 eta 1998 urteen artean jaiotakoak, eta 1997 eta 1992 urteen artean jaiotakoak, urte guztiok barne.

Sariak. Kategoria bakoitzeko irabazleentzat 500 euroko saria aurreikusi dute.

Epeak. Apirilaren 6ra arte dago proiektuak aurkezteko epea. Postaz bidali behar dira, gerediaga@gerediaga.eus-era. Apirilaren 19 eta 24aren artean, epaimahaiak erabakia hartuko du, eta irabazleei jakinaraziko die. Apirilaren 30ean egingo dute saritutako lanen aurkezpena, Ikerlari Gazteen Topaketan.