Neguan epel

Neguan epel

Amaia Igartua Aristondo

Askotariko musika tresnen burrunba etengabeak denboralea iradoki dezake, aztoramendua eragin gogoraraziz kazkabarra, haizea eta euri gupidagabea; zarata leundu daiteke elur maluten erori lasaia adierazteko, eta ahotsak eman diezaioke epeltasuna hotza den urtaro bati. Izan du musikak negua hizpide, eta izan ditu neguak —gehiagotan, beharbada— doinuak baretzaile. Elkarrekin ondo konpontzen dira biak ala biak.

Neguak sarritan inspiratu izan ditu musikagileak eta musikazaleak, baina ez soilik piezak sortzeko, baita musikaren inguruko hainbat ekitaldi egiteko ere. Neguko Bidaia musika zikloa, Areetako (Getxo) Andres Isasi musika eskolak antolatzen duena, bada horren hamaika adibideetako bat. Franz Schubert konpositore austriarraren izen bereko lanean inspiratu ziren zikloa sortzeko: Winterreise liederrean, hain justu, Mario Clavell Larrinaga programatzaile eta musika eskolako irakasleak azaldu duenez. “Neguan garatzen delako deitu dugu horrela, baita konpositoreari omenaldi bat egiteko ere”.

2009an antolatu zuten lehen aldiz, zuzeneko musika eskaintza izan zedin eskolaren jarduera akademikoaren osagarri bat. 14. aldia egingo dute aurten: joan den zapatuan abiatu zuen zikloa jazz fusioa jorratzen duen Malos Tiempos taldeak, eta larunbatero kontzertu bat emango dute musika eskolako auditoriumean, 19:30etik aurrera, otsailaren 26ra bitartean. Hurrenez hurren, Folk al dok?, Richie Salvador Quartet, Trio Vivo, Capriccio vocale eta Los 5 Bilbainos ariko dira datozen asteburuetan. Sarrerak 5 euroan daude.

Zikloaren ezaugarrien artean, ugaritasuna azpimarratu du programatzaileak. “Ahalegintzen gara eskaintza estetikoa ahalik eta zabalena izan dadin edizio bakoitzean”. Hori horrela, aurreko aldietan Cuarteto Quiroga —Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi zuten 2018an—, Feten Feten, Iñaki Salvador, Elisa Belmonte eta Tom Donald izan dira Neguko Bidaian, Clavellek aletu duenez. “Tokia du edozein motatako musikak: rockak, ganberako musika klasikoak, folkak, flamenkoak, jazzak…”.

Halaber, zikloak aukera ematen dio publikoari interpreteekin harremana izateko. Ez dira kontzertu pedagogikoak, Clavellek argi utzi duenez, baina emanaldia bukatutakoan elkarrizketarako tartea izango dute musikariek eta entzuleek. “Horrek aparteko dimentsioa ematen die errezitalei: publikoak bere kuriositatea ase dezake musikaren, tresnen, musikarien lanaren eta abarren inguruan”.

Richie Salvador Quartet

Folka, jazza, ahotsa…

Herri musika eta doinu klasikoen bertsio modernoak, Euskal Herriko folka zein zeltikoa… Askotarikoa da, orobat, Folk al dok euskal taldearen eskaintza. Hamabost musika tresna uztartuko dituzte Gentzane Fernandez, Eneko Benito, Iker Alvarez, Ander Trabudua eta Ieltxu Jimenez taldekideek bihar egingo duten ikuskizunean.

Richie Salvador Quartet Bizkaiko taldea igoko da ondoren auditoriumeko oholtzara, otsailaren 5ean. Andoni Aizpuruk, Jon Ander Amigok, Ander Hernandez Acinasek eta Richie Salvadorrek osatzen dute taldea. Saxofoia jotzen du Aizpuruk, eta 7 urte zituenetik ari da musikan: Leioako Musika Kontserbatorioan hasi zen saxofoi klasikoa ikasten, eta musika klasikoko ikasketak egin zituen hurrena. Orduan interesatu zen jazz musikan. Ariel Bringuez eta Petros Klampanis izan ditu irakasle, besteak beste.

Orobat, jazzean murgilduta egon da Amigo, hala nola Donostiako Heineken Jazzaldia, Santurtzi Jazz eta Deba Jazzez Blai (Gipuzkoa) jaialdietan hartu izan baitu parte, eta Charlie don’t jazz, Jazz morning duo eta Ados Jazz Band taldeetako kide izan baita, esaterako. Baxu elektrikoa eta kontrabaxua jotzen ditu. Bateria jotzailea da, aldiz, Hernandez. Ados Jazz Quartet taldeko kide ere izan da, eta Getxo Jazz eta Gasteiz Jazz Festival jaialdietan hartu du parte. Pianoa jotzen du Salvadorrek, eta musika heziketa oparoa izan du hark ere: Sormen Musika Eskolan eta Musikenen aurrena, eta Dave Liebman, Seamus Blake eta Ed Partikaren ikastaroetan ondoren, esaterako.

Capriccio vocale

Musika klasikoa interpretatuko du, aldiz, Trio Vivo Kataluniako taldeak, otsailaren 12an. Miquel Angel Corderok —baxua—, Joan Antoni Pichek —biolontxeloa— eta Carlos Montfortek —biolina— osatzen dute hirukotea. Taldea sortu aurretik, jazza, musika garaikidea eta flamenkoa jorratu zituzten, musika klasikoa baztertu gabe. Proiektu askotan parte hartu ondoren, hari hirukote batekin ausartzea erabaki zuten, eta 2016an aurkeztu zuten haien asmoaren fruitua: Trio Vivo taldea. 2017an, lehen diskoa atera zuten.

Taldeak urte gutxiko ibilbidea osatu duen arren, oparoa da kideen karrera musikala. Corderok 25 urte baino gehiagoko esperientzia du, artista ugarirekin egin du bat proiektuetan, batzuk nazioartekoak, eta ehun grabazio diskografikotan, telebista saiotan eta filmetan baino gehiagotan egin du lan. Ikus-entzunezkoetarako musika egiten du Montfortek, eta ekoizlea ere bada. Pich, Trio Vivoko kide ez ezik, Freenetics inprobisazio libreko hirukotearen parte ere bada.

Era berean, musika klasikoa du ardatz Galiziako Capriccio vocale taldeak. Otsailaren 19an ariko dira. Bide luzea eginda zutenean elkartu ziren Olga Raices sopranoa, Fernando Enseñat-Berea baritonoa eta Julian Jesus Perez piano jotzailea, 1999an. Espainiako kontzertu abestiak, Galiziako lirika, erromantzak, zarzuelako duoak eta opera zatiak uztartzen dituzte haien ikuskizunetan.

Los 5 Bilbainos

Neguko Bidaia zikloan, Rosalia de Castro eta Federico Garcia Lorca poeten letretan oinarritutako kantak, eta Handel eta Mozart konpositoreen opera zatiak interpretatuko dituzte, baita Claudio Sagarzazu eta Gabriel Olaizolaren Aurtxoa seaskan ere, esaterako.

Los 5 Bilbainos taldeak emango du azken kontzertua, otsailaren 26an. 1950ean sortu zen aurrena, eta 1972an berrosatu zuten taldea, kide berrekin. Argentinan, Mexikon, Venezuelan eta AEBetan jo dute dagoeneko, eta dozena bat disko baino gehiago kaleratu dituzte. Bilbainada klasikoek, zortzikoek, boleroek, zarzuelak eta askotariko folkloreak osatzen dute haien errepertorioa, teklatuekin, gitarrarekin eta perkusioarekin girotua.