Jimi Jimenez: “Biktimen familientzat shock positiboa izan da”

Jimi Jimenez: “Biktimen familientzat shock positiboa izan da”

N. S. O.

Hainbat memoria ikerketatan aritutakoa da Jimi Jimenez historialaria (Kordoba, Andaluzia, Espainia, 1965). Urte ugari daramatza Durangon. Bertako hobi komunetan lurperatutako biktimei buruzko informazioa ikertzen ari da azken hilabeteetan.

Gogora institutuak baimena eman du Durangoko hilerrian prospekzioak egiteko. Zer ondorio du horrek herriko memoria historikoaren alorrean?

Lehen fasean, dokumentazioa lantzen aritu gara, eta Durangoko hilerrian hilobi komunetan ehortzi zituzten pertsonak bilatzen. Prospekzio honekin bigarren faseari emango diogu hasiera; alegia, bilatu egingo dugu non ehortzi zituzten pertsona horiek eta ikusiko dugu zer-nolakoak izan ziren ehorzketa haiek.

Deigarria da pentsatzea herrian bertan, hilerrian, biktimak hobi komunetan ehortzita daudela.

Memoria historikoak eta desobiratzeek horretan eragin nahi dute: batetik, jakina zena, familiek bazekitena, baieztatzen; eta, bestetik, atal bat ixten eta senideei lore batzuk nora eraman jakiten laguntzen.

Zer informazio dago iradokitzeko hobi komunak egon daitezkeela?

Gerediagara makinaz transkribatutako zerrenda bat helarazi zuten. Zerrenda hark aipamen egiten zien Durangoko hobiratze haiei. Baliteke zerrenda hura hilerriko liburutik kendutako orrien transkripzioa izatea. Izan ere, hilerriko liburuak zenbait orri kenduta ditu. Durangok errepublikaren eta Eusko Jaurlaritzaren alde iraun zuen garai osoari dagozkio orri haiek. Beraz, ez dugu informaziorik 1936ko urritik 1937ko maiatzera bitartean Durangon egin zituzten ehorzketen inguruan. Falta den informazio horren barruan daude bonbardaketaren ondorioz hil zirenen datuak.

Zer informazio dago orriotan?

Gorpu ezezagunen bat ehorzten dutenean edozein hilerritako liburutan agertzen diren datuak aipatzen dira; gorpua deskribatzen dute. Kasu honetan, gorpuek zeramatzaten objektuak ere deskribatzen dituzte. Beraz, transkripzio hori izan zitekeen bonbardaketari dagokion eta hilerriko liburuan falta den atalarena.

Hilerriko hobi komunean egon daitezkeen 51 biktima identifikatu dituzue. Zer-nolakoa izan da lan hori?

Lehen informazio iturria zerrenda bera izan da. Zerrenda horretan inongo daturik ezagutzen ez den pertsonen ehorzketak ere erregistratuta daude. Esaterako, gorpuetako baten egoera zela eta, ezinezkoa izan zuten ebaztea hildakoa emakumea edo gizona zen. Beste erregistro batzuetan Durangoko edo handik kanpoko gizon-emakumeen izen-abizenak ageri dira. Horrek tiratzeko hari bat utzi du, eta bide eman pertsona horri buruzko informazioa bilatzeko artxibo zibiletan, Elizaren artxiboetan, erregistroetan… Informazioa lortu eta familiengana iristen lagundu du horrek.

Familiek zer erreakzio izan dute?

Familiek eskubidea zuten esateko egiten ari garen lan honetan interesa zeukaten edota historiako garai hori bukatutzat eman nahi zuten. Aurkitu ditugun gehien-gehienek interesa agertu dute. Horietako batzuk, guk bilatu gabe agertu dira.

Aurkitu al duzue baten bat ez zekienik bere senidea bonbardaketaren biktima izan zela?

Bai. Badaude nabarmentzeko batzuk. Zenbaitetan hildakoen deskribapenak besterik ez dira ageri. Izen-abizenik agertu ez arren, haien gudari txaparen zenbakia agertzen da. Zenbaki hori artxiboetan bilatuta, txapa haren jabea nor zen aurki daiteke, eta horren bidez familiarengana iritsi gara. Ordura arte familiek zuten informazioaren arabera, pertsona horiek Otxandioko frontean hil ziren, eta han hil zirela pentsatu izan dute. Benetan, azken 85 urteotan Durangon lurperatuta egon dira.

Familia horiek zer erreakzio izan dute informazio hori jakitean?

Familia horientzat shock positiboa izan da. Hainbeste urtean pentsatu dute beren senideak Otxandioko mendi batean desagertu, eta han hobiratuta zeudela. Benetan Durangon daudela jakinda, esker ona agertu dute. Sentimendu positiboak agertu dituzte.

85 urte beteko dira laster Durangon bonbardaketa izan zenetik. Garrantzitsua da biktimok leku duin batean atseden hartzea?

Noski. Nahitaezkoa da, ez bakarrik familia bakoitzak bere zauria ixteko, baizik eta gizarte osoak, udalak eta Durangoko herriak liburu luze baten orri txikiak bukatutzat eman ditzaten.

Lantalde iraunkor bat osatu duzue Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek, Durangoko Udalak eta norbanako batzuek. Zer ekarpen egingo du taldeak?

Oraingoz, udalari informatzen eta iritziak ematen ari da bonbardaketaren 85. urteurrenari begira egin daitezkeen ekitaldiei buruz. Hala ere, bonbardaketatik harago joko dugu. Badaude beste batzuk ebakuatu zituztenak, espetxean egon zirenak eta hainbat gerra frontetan hil zirenak. Hori ere bada memoria berreskuratzea.