Javi West Larrañaga
Orain dela astebete zabaldu zuten Herri Gunea Galdakaoko Plaza Gorrian, eta “erabilera libre eta kolektiboa” izango du. Herriko elkarlaguntza sareko kideek kalejira bat antolatu zuten, eta jolasak egin zituzten bertako plaza guztietan. Azkenengo geldiunean, zozketa egin zuten, eta irabazleari jakinarazi zioten harentzako etxe bat beharrean Galdakaoko herritar guztientzako lokal bat egokitu zitzaiola. Horrela ospatu zuten Cerberus putre funts estatubatuarraren lokalaren okupazioa.
Lokala herriaren erdigunean dago, eta, hamar bat urtez itxita egon eta gero, “birjabetu” egin dutela adierazi du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko Maite Martinez Etxebarriak: “Berriro gure jabetzan hartu dugu, ulertzen dugulako putre funtsek lapurtu egiten dutela. Beste edonork erabil zezakeen gauza bat bereganatu, eta usteltzen uzten dute”. Lokala sarearen behar materialak asetzeko okupatu duten arren, ekintzak badu salaketatik ere, “funtsaren espekulazio saiakera” hori deitoratzeko egin dute eta. Euskara eskolekin hasi dira jada; batez ere, haiekin parte hartzen duten migratzaileei hizkuntza ikasten laguntzeko. Laster, arabierazkoak eskaintzen hastea espero dute.
Duela bost urte hasi ziren elkarlaguntza sarea antolatzen herrian, “dominazio sistema kapitalista, koloniala eta patriarkala gainditzeko”. Komunitate bat sortu nahi dutela azaldu du Martinez Etxebarriak. Sarekoentzat, egungo gizartea indibidualista da, eta pertsonek lotura gutxi dauzkate elkarrekin. Taldearen helburuetako bat da “lehenagoko komunitateetara” heltzea, “elkar ezagutzeko, elkar zaintzeko eta bata besteaz arduratzeko”.
Enbor bat eta lau adar
200 bat lagunek osatzen dute sarea, eta lau adar nagusitan banatu dute jarduna. Alde batetik, Etxebizitza Sindikatuak etxeen problematika lantzen du, eta haiengana jotzen dutenen arazoak konpontzen saiatzen da. Laguntza eske joaten zaizkien ia denak atzerritarrak dira, eta askok arazoak izaten dituzte erroldarekin. “Eskolara joateko, medikuarenera jotzeko eta paperak lortzeko behar dute errolda”. Salatu du, askotan, nahiz eta alokairua ordaindu, jabe batzuek ez dietela uzten errentariei etxean erroldatzen, edo kobratu egin nahi izaten dietela. Etxebizitza Sindikatua gizarte erroldarekin saiatzen da konponbidea ematen, udalak kalean bizi direnei eta etxebizitza arazoak dituztenei ematen diena. Azaldu duenez, kideek batzuetan presioa egiten diete gizarte langileei eta etxeen jabeei. “Kasuren batean etxebizitzaren bat okupatu dugu beharra duen familiaren batentzat”.
Etxebizitza Sindikatuaz gain, ELEAK Etxeko Langile Emakumezkoen Autodefentsarako Kolektiboa da elkarlaguntza sarearen beste adarretako bat. Adineko jendea jagoten eta etxeak garbitzen aritzen den jendeari babesa emateko sortu zuten.
Sarearentzat sistema kapitalistatik ateratzeko beste modu bat dira “ekoizpen komunalak” deritzenak. Auzolanak egiten dituzte astero Larrabetzun daukaten ortuan eta Galdakaoko lursail batean. Bakoitzaren beharren arabera jasotzen dute, “kapitalismoak inposatzen duen truke logikatik kanpo”. Aukera dutenek egiten dute lan, baina lanak ez du baldintzatzen bueltan jasoko dutena. “Denok dauzkagu antzeko beharrak, baina denok ez dauzkagu gaitasun berak”, adierazi du: “Hiru seme alaba dauzkan emakume batek ez dauka 20 urteko gazte batek duen aukera bera laguntzeko”.
“Soldatarekiko dependentziatik” ateratzen saiatzeko ekoizten dute janaria. Ekoiztu ezin dituzten elikagaiei dagokienez, berriz, kontsumo talde bat osatu dute, kopuru handietan erosteko eta prezio merkeetan lortzeko.
Okupazioagatik zigorren beldur diren galdetuta, kideak adierazi du onartzen duten errealitate bat dela: “Guk badakigu justizia ez dagoela gure alde. Justizia aberatsen eta burgesen alde dago”.