Ibai Maruri Bilbao
“Europan sartzen diren sei arrain plataretik bat, legez kanpoko arrantzatik dator”. BWTC Bermeo World Tuna Capital erakundeko Leire Egiarteren esanetan, mundu mailako arazoa da hori, eta, arrantza jasangarriak dituen oztopoen artean, “indartsuenetakoa”. Horri aurre egiteko, ideia lehiaketa bat antolatu du BWTCek, Bermeoko Udalarekin, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuarekin eta Itsas Garapen Elkartearekin batera: InnovaTUNA du izena. Parte hartu gura dutenek urtarrilaren 28a dute izena emateko azken eguna; BTWC elkartearen webgunean eman beharko dute. Hala ere, urtarrilaren 31 arte izango dute proposamenak aurkezteko aukera; hau da, proiektuaren laburpena.
Ez dute lehiakide profil zehatz bat nahi. Ez da ikasketa edo prestakuntza jakin bat behar. “Ideia onak dituen eta jasangarritasunarekiko aparteko sentsibilitatea duen jendea nahi dugu”. Norbanakoak izan ezik, taldeak eta start-up-ak ere aurkeztu daitezke. Ideia irabazlearentzako saria 10.000 euro izango da: 5.000 euroko ekarpen ekonomikoa, eta negozio eredua garatu eta martxan jartzeko 60 orduko mentoring zerbitzua, sarean edo aurrez aurrekoa.
Lehiaketan azken helburua arrantza jasangarria sendotzen laguntzea da. “Itsas biodibertsitatearen etorkizuna eta arrantzaren menpe bizi direnena bermatzen duen arrantza da, habitatak errespetatuz eta itsasoko beste espezie batzuetan eragin negatiborik izan gabe. Horregatik dira beharrezkoak arrantzako praktika onak erabiltzea”. Gehiegizko arrantza, klima aldaketa, ekosistemak kutsatzea… Egiarteren arabera, asko dira arriskuak, eta eurek haietako batean egingo dute indarra. Urtero, 11 eta 26 milioi tona arrain legez kanpo harrapatzen dira mundu osoan, eta horrek 10.000 eta 23.500 milioi dolar arteko galerak eragiten dizkio munduko ekonomiari.
Legez kanpoko arrantzaren jarduera nagusiak aipatu ditu Egiartek: arrantza leku batean ezarritako harrapatze mugak gainditzea, harrapatutakoaren berri ez ematea edo debekatuta dagoen lekuan arrantzatzea, besteak beste. “Azken batean, gobernantza kontuak dira”. Ziurtatu du euskal flotak legearen araberako arrantza egiten duela.
BWTCek atunaren arrantzaren inguruan egiten du lan; batez ere, Indiako ozeanoan egiten den altuera handiko arrantzaren inguruan. Egiartek esan du han badagoela legez kanpoko arrantza. Baina baita etxetik gertu ere, nahiz eta kasu horretan “kopuruak oso txikiak” diren. “Baxurako arrantzan ez da askorik entzuten horrelakorik. Toki guztietan legez, egongo dira legez kanpo arrantzatzen dutenak. Baina arazoa, batik bat, alturako arrantzakoa da”. Hala, gustatuko litzaieke jasoko dituzten ideiak atunaren sektorerako izatea, baina esan du orokortzeko modukoak izango direla.
Kontsumitzaileak erne
Legez kanpoko arrantzak lan baldintzekin lotura duela ere ohartarazi du Egiartek. “Arrantzaleak oso baldintza txarretan aritzen dira lanean flota horietan lan egiten dutenean. Esklabotzari lotuta ere egoten da”. Era berean, esan du kontsumitzaileak ez direla gertatzen denaz jabetzen, eta lehiaketa honetan jasotako ideiekin horretan ere eragin nahi dute. “Ez daki noiz erosten duen modu jasangarrian arrantzatu den arraina, eta noiz legez kanpo arrantzatu dena. Konturatu behar da dendara joan eta lau euroko atun poto baten ondoan euro batekoa ikusten duenean, prezio alde hori zerbaitengatik dela. Normalean prezio txikien atzean dagoen arraina ez da legez arrantzatutakoa, eta askotan arraina ere ez da”.