Ziurtasun gutxiko beste urte bat

Ziurtasun gutxiko beste urte bat

Ibai Maruri Bilbao

zken bi urteek erakutsi dute aurreikuspenak egin eta asmatzea beti ez dela erraza. Mundua hankaz gora jar dezakeen zerbait ager daiteke. Edozelan ere, badira, ondo bidean, hasi berri den 2022an albiste edo hizpide izango diren gai batzuk.

A.
Adinekoen etxeak
Eredua ezbaian
Adinekoen egoitzen eredua ezbaian dago aspaldian. 2017an itunpekoetan egin zuten grebak gizarteratu zuen arazoa lehenengo. Sindikatuen arabera, COVID-19aren pandemiak agerikoago egin ditu sistemaren gabeziak. Lan ituna negoziatzen ari dira orain. Duela urte eta erdi hasi ziren. ELAk eta LABek diote patronalak ez dituela behin ere euren eskaerak aintzat hartzen. Itunpekoetan, publikoetan dituzten lan baldintzak gura dituzte. Hainbat protestaren ondoren, joan den abenduaren 14an greba egin zuten, bi sindikatuek deituta. Mobilizatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute. Gatazka blokeatuz gero zer gerta daitekeen, hor dago 2017koaren gomuta: urtebete luze iraun zuen grebak.
Sindikatuek eredua aldatzeko eskatzen dute, eta diputazioak ere moldatu gura du. Gertuko zaintza espezializatua lortzeko, hainbat aldaketa egin nahi ditu. Besteak beste, Etxetic zentroa Bizkaiko eskualde guztietara hedatzen hasiko da aurten. Eguneko zentroen inguruan bizi diren eta mendekotasunen bat duten adinekoak monitorizatzeko zentroak dira. Era berean, egoitzetan bizikidetza unitateak ezarriko dira. Helburua da adinekoak etxe baten antz handiagoa duen eremu batean
bizitzea. Horretarako, gehienez 25 lagunek osatutako bizikidetza unitateak finkatuko dituzte. Erreferentziazko eskualdeko egoitzak ere sortuko ditu diputazioak. Horien asmoa da inguruko egoitzek erreferentziazko zentro horietara jotzea arazo konplexuagoak dituztenean.

B.
Basurtu
Medikuntza Fakultatea
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak urtez luzez amestu du Bilbon, Basurtuko ospitalean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea inauguratuko duen eguna. Baina, aldi berean, auzoko bizilagunek kezkaz hartu dute proiektua, azken urteetan asko urbanizatu duelako Bilboko Udalak, eta, beste azpiegitura batekin, «egoteko eta bizitzeko» leku falta «nabarmenagoa» izango dutelako. Edonola ere, aurten hasiko dira fakultatea eraikitzeko lanak; unibertsitateak espero du lehen hiruhilekoan esleituko dituela. Beste hiru urte beharko dituzte eraikitzeko. 53,41 milioi euroko aurrekontua daukate. 2025-2026ko ikasturtean inauguratu nahi dute. Ikasle, irakasle, ikertzaile eta bestelako langile, 3.000 lagunek erabiliko dute egunero.

C.
COVID-19a
Ezin jakin zer pasatuko den
COVID-19aren izurriarekin aurreikuspenek ez dute ezertarako balio. Txertoari esker, gaixotasuna larritzeko eta hiltzeko arriskua nabarmen apaltzea lortu da. Baina gaur-gaurkoz dauden txertoek ez dituzte kutsatzeak eragozten. Beraz, birusaren hedatzea kontrolpean edukitzea izango da aurtengo helburuetako bat. Hala, herritarrek maskara erabiltzen, distantzia mantentzen eta COVID ziurtagiria erakusten jarraitu beharko dute. Txerto berriak probatzen ere badabiltza. Besteak beste, Barakaldon, Gurutzetako ospitalean dagoen Biocruces ikerketa zentroak Hipra izeneko txertoaren bigarren fasea bukatu zuen abenduan. Emaitzak onak badira, baliteke egunotan Espainiako Sendagaien Agentziak merkaturatzeko oniritzia ematea.

D.
Bizkaia dorrea
Irailean irekiko dute
«Bizkai osoa argiztatuko duen Bizkaia dorrearen argiak 2022ko irailean piztuko dira, eta munduko 140 ekintzailetza gunetara konektatuko da», iragarri zuen iaz Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Ekintzailetza sustatzeko zentroa izango da Bilboko Plaza Biribilean dagoen dorreak izango duen gunerik garrantzitsuena. Seigarren solairutik bederatzigarreneraino luzatuko da, eta 4.000 metro koadro inguru hartuko ditu. Dena ondo joatera, etorkizunean zentroa handitzea espero dute, eta gutxienez beste lau solairu hartzea, 8.000 metro koadroraino iritsi arte. Zentro horren bidez, start-up edo enpresa hasiberrien munduan Europa hegoaldeko erreferentzia nagusi bilakatu nahi dute Bizkaia. Horretarako, mundu mailan aritzen diren zenbait teknologia enpresak ordezkaritza izango dute hor.

E.
Euskaraldia
«Masiboa» izatea helburu
Iazko azaroaren 20an ekin zioten herrietako batzordeetan hirugarren Euskaraldia prestatzeari. Hitzez ekiteko garaia lelopean, azaroaren 28tik abenduaren 2ra izango da. Duela bi urtekoa pandemia betean egin zen, eta, hala ere, «arrakastatsua» izan zen. Hurrengoa «masiboa» izatea gura dute. Aurreko Euskaraldian, ariguneek hartu zuten protagonismoa, baina, izurriak bete-betean eragin zionez, hurrengoan ere jarraipena eman nahi diete ariguneei. Ohi bezala, euskaldunak, erakundeak eta eragileak aktibatzea izango da erronka nagusia.

F.
Feminismoa
Emakumeen etxe berriak
Tokian tokiko bildune eta indargune izateko, mugimendu feministarentzat ezinbestekoak dira emakumeen etxeak. Bizkaian hainbatek egin dute jada bide hori: Durangoko Andraguneak, Basauriko Marieneak, Ondarroako Etxelilak, Ermuko Emakumeen Topalekuak eta Balmasedako Emakumeen Etxeak, kasurako. Aurten, beste herri bik ere pauso garrantzitsua emango dute. Portugaleten, Urdibai plazan ari dira etxea egokitzen, euskaltegi zaharra zegoen eraikinean, eta Bidatzenea izena jarriko diote. Aurten irekitzeko prest egongo dela aurreikusi dute. Getxon, berriz, obrak hasiko dituzte lehen hiruhileko honetan: Algortako Benturillena kalean dauden udal lokal batzuetan egongo da.

G.
AHT-aren geltokiak
Behin-behinean eta betikoa
AHT abiadura handiko trenari dagokionez, datak ezartzea ezinezkoa da. Iragarri baino motelago bada ere, urtero pausoak ematen ditu. EAJk eta Espainiako Gobernuak abenduan lortu zuten akordioa, besteak beste, Bilborako lurpeko sarbidea Eusko Jaurlaritzak egin eta ondoren gastuak kupotik deskontatzeko. Baina ez zen zehaztu noiz hasiko liratekeen horretan. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nahi luke proiektuarekin aurten hastea. Aldi berean hasiko lirateke Basaurin behin-behineko geltokia eraikitzen. Bigarren hori 2027rako bukatu nahi dute, AHTa martxan hasten denerako. Durangaldeko zatia da Bizkaian egiteko dagoen bestea. Hainbat urtez geldi egon ondoren, 2020an martxa hartu zuten obrek berriz, eta aurten ere lanean jarraituko dute. Baita eskualdeko hainbat herritar eta eragilek iaz hasitako protestek ere.

H.
Hidrogenoa
Energiaren oinarri berria
Energy Intelligence Center udazkenerako martxan egotea espero dute. Meatzaldeko parke teknologikoan altxatuko den lehen eraikina izango da. Hidrogenoa erabiltzeko ikerketa eta garapen zentro bat hartuko du. Osagai kimiko hori zenbait sektoretan nola erabil daitekeen aztertuko dute: ibilbide luzeko merkantzien garraioa, hegazkingintza, eta tamaina ezberdinetako eraikinen beharrak betetzeko beroa, besteak beste. Esaterako, Zornotzan, hidrogeno planta bat egongo da ziklo konbinatuko zentralean. Berez, aurten irekitzea zen asmoa, baina aurten obretan ibiliko dira, eta 2023rako egongo da prest.
Hidrogenoaren zailtasun handienak garraioa eta biltegiratzea dira. Horri konponbidea emateko balioko dute H2site start-up-ak ekoitziko dituen mintz erreaktoreek; hau da, hidrogenoa kontsumitu behar den tokian sortu, hura konposatu jakin batetik bereiziz. Mintz horiek Loiun ekoitziko dituzte.

I.
Muxikako Inama
Beste erabilera batekin
Ingurumen baimenekin arazoak zituelako itxi zen Muxikako Inama fabrika, duela hamar urte. Orain, beste erabilera bat emango diote. Sprilurrek 18 milioi euro erabiliko ditu fabrika zaharra zegoen lekuak egokitzeko. Ondoren, Bizkaiko Rotobasque enpresari salduko dizkio, eta hark proiektu bi ipiniko ditu martxan han: bata 4.0 industriari lotuta egongo da, eta aurten jarriko da martxan; bestea, ekonomia zirkularrari lotutakoa izango da, baina denbora gehiago beharko du hasteko. Espero da, osotara, ehun lanpostu sortuko dituztela.

J.
Musika jaialdiak
Festibal berria Bilbon
2015etik Sondikan egin den BBK Music Legends jaialdia itzuliko da aurten, baina oraingoan Bilbon egingo da; Bilbo Arena pabiloian, hain zuzen ere, ekainaren 24an eta 25ean. Lehengo filosofiari eutsiko dio, eta familia osoarentzako modukoa izango da oraingoan ere. Jada iragarri dute Status Quo, Paul Carrack Hawkwind Bizkaiko hiriburuan izango direla.
Apirilaren 2an, ZEID Fest egingo dute, Barakaldoko BECen: besteak beste, Zetak, Gatibu, ETS eta Adrianna Gaultier ariko dira. BBK Live jaialdiak ere iragarri du bere kartela: uztailaren 7tik 9ra, LCD Soundsystem, The Killers eta Pet Shop Boys igaroko dira Kobetamentidik, beste batzuen artean. Bime Live jaialdia urriaren 28an eta 29an egingo dute.

K.
Korrika
Amurriotik Donostiara
Atzerapenez bada ere, apirilean Bizkaitik igaroko da AEK-k bi urtean behin antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa. 22. Korrika martxoaren 31n abiatuko da, Amurriotik (Araba), eta apirilaren 10ean bukatuko da, Donostian. Ibilbide zehatza otsailean aurkeztuko dute. Aurtengo omenduak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira. HitzEkin du izena kantak.

L.
Loraldia
10. urteurrenera begira
Martxoan itzuliko da Loraldia festibala Bilbora, udaberriarekin batera. Oraindik ez dute aurtengo egitarauaren berri eman. Dena den, Loraldia elkartea hiru urte barru ospatuko duten hamargarren urteurrenera begira jarri da, eta itxaronaldi honetan martxan ipiniko dituen proiektuen berri eman du. Besteak beste, Loraldiaren esperientzia Bilbotik Euskal Herriko beste toki batzuetara hedatu gura dute.

M.
Makina eta erreminta
Azoka, ekainean
Euskal Herriko industria azoka nagusia da Barakaldoko BEC erakustazokan egiten den BIEMH bi urtean behingo makina eta erreminta azoka. 2020koa bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik. Dena ondo bidean, aurten egingo da, ekainaren 13tik 17ra. Antolatzaileek esan dute betiko BIEMH izango dela, baina indartuta. Horregatik, More BIEMH Than Ever leloa ipini diote. Europan liderrak diren enpresek parte hartzea gura dute.

N.
Naval
Zentro logistikoa eraikitzen
Logistika alorreko Belgikako VGP taldeak irabazi zuen iaz Navalen likidazioa, eta, harrezkero, Sestaoko azpiegituren eta lursailen jabe da. Aurten hasiko da ontziola zena zentro logistiko bilakatzeko lanekin. Hasieran, lau pabiloi erraldoi egiteko asmoa dauka. 300.000 metro koadroko azalera du kudeatzeko, 50 futbol zelaik adina leku. VGPk, baina, orubearen erdia industria jardueretarako gorde behar du. Asmo hori nola beteko duen ikusteko dago oraindik. Hainbat ontziolak Navaleko dike lehorra eta harmailak erabiltzeko interesa agertu zuten iaz. Besteak beste, Alemaniako A&Mk eta Hego Koreako ontziola batek 30 milioi euroko inbertsioa egin nahi dute, eta lehen urtean hirurehun lanpostu sortu.

O.
Obrak museoetan
Handitzea helburu
Bilboko Arte Ederren Museoarentzat eta Euskal Museoarentzat obra urtea izango da 2022a. Espazio falta dute, eta konpondu egin nahi dute hori. Norman Foster eta Luis Maria Uriartek batera ondutako Agravitas proiektua da Arte Ederren Museoa handitzeko aukeratu dutena. Iaz ziren hastekoak, baina aurten arte atzeratu dituzte lanak. Besteak beste, eskulturentzako terraza bat irabaziko du. Euskal Museoa, berriz, goitik behera moldatuko dute. Urrian zarratu zituzten ateak, eta 2023an irekiko ditu.

P.
Portugalete
700 urteko hiribildua
Ekainaren 11n 700 urte beteko dira Maria Diaz de Haro Bizkaiko X. andreak Portugaleteri hiribildu gutuna eman zionetik. Urteurren borobila ospatzeko asmoz, udalak urte osorako egitaraua prestatu du. Hiribilduak itsasadarrarekin eta itsasoarekin duen harreman historikoa nabarmentzen ahaleginduko dira. Besteak beste, mendeurrenaren estropada, batelarien topaketa eta antzinako itsasontziena egingo dituzte. Era berean, txakolinari lotutako jaialdia ere prestatzen dabiltza. Ekainaren 11n bertan Maria Diaz de Harok hiribildua eman zionekoa gogoratuko dute, antzezlan erraldoi baten bidez.

R.
Rossini eta Mozart
OLBEko estreinaldietan
70. opera denboraldia du OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Horiek horrela, punta-puntako egitaraua prestatu dute.
Esaterako, apirilaren 6an, Gioachino Rossiniren Giovanna d’Arco eta Stabat Mater lanaz gozatzeko aukera egongo da estreinakoz Bilbon. Angela Meade sopranoa, Marianna Pizzolato mezzosopranoa, Paolo Fanale tenorea eta Simon Orfila baxua ariko dira kantuan, Verum orkestra sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak lagunduta. Lehenago, hilonetan bertan, Wolfgang Amadeus Mozzarten La clemenza di Tito opera estreinatuko dute Bilbon.

S.
Joan Manuel Serrat
Agur esateko biran, Bilbon
Joan Manuel Serrat abeslari kataluniarrak kantatzeari utziko diola iragarri zuen iaz. 57 urte egingo ditu lehenengoz oholtza gainera igo zenetik. Bere zaleez agurtzeko, bira bat egingo du aurten. Besteak beste, Bilbora etorriko da ekainean: hilaren 11rako iragarri zuen kontzertua. Euskalduna jauregian izango da. Sarrerak berehala saldu zirenez, ekainaren 12an beste emanaldi bat egingo duela iragarri du.

T.
Txirrindulariak
Bide berriak sortzen
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletari lehentasuna eman nahi dio herrialdeko garraioan. Horregatik, aurten hasiko dira Bizkaiko lehen bizipista eraikitzen: Zornotza, Durango eta Iurreta lotuko ditu. Aurten hasiko dira, era berean, Bilbo eta Getxo arteko bulebarra egiten. Bilbotik Barakaldora eta Bilbotik Galdakaora bidegorriak egin dezatela aldarrikatzen jarraituko du Biziz Bizi mugimenduak.

U.
Ur Partzuergoa
Busturialdea, Bizkaikoan
Urteberri egunetik, Busturialdeko herriak ere Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan daude. Integrazio horrekin, Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak Bizkaiko uren %95etik gora kudeatzen ditu. Herri guztiak ez dira egon bat egitearen alde. Ikusteko dago prozesuak zer ondorio ekarriko dituen eskualdeko kontsumitzaileentzat. Printzipioz, aurten ez diete aurreikusi baino gehiago igoko faktura. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko gainontzeko bezeroek, berriz, badakite aurten ura dezente garestiago ordainduko dutela: azaroan iragarri zuen 2022an hogei euro garestituko dela urte osoko tarifa.

V.
Espainiako Vuelta
Bilbon amaiera eta hasiera
Aurtengo Espainiako Vueltako etapa bat Bizkaiko hiriburuan amaituko da, eta beste bat ere handik hasiko da. Abuztuaren 18an abiatuko da lasterketa, Utrechten (Herbehereak) egingo den ordulariaren kontrakoarekin. Hilaren 23an iritsiko da Euskal Herrira; Gasteizen hasiko da eguneko etapa. Biharamunekoa, Irun (Gipuzkoa) eta Bilbo artean lehiatuko da. 25ekoa Bilbotik abiatuko da, Kantabriarantz (Espainia). Azken hamarkadan Espainiako txirrindularitza lasterketa hori Bilbotik igaroko den
hirugarren aldia izango da. Datorren urteko gertaera garrantzitsuaren beroketa izango da hiriarentzat: Frantziako Tourra Bizkaiko hiriburuan hasiko da.

W.
Orduko 3,5 megawatt
Oizko parkearen bateria
Iberdrolak hil honetan jarriko du martxan Bizkaiko lehen biltegiratze eolikoko bateria, Abadiñon, Oiz mendiko parke eolikoak sortzen duen energia jasotzeko. Sistema berriak orduko 3,5 megawatt biltzeko gaitasuna du, eta Bizkaiko Ingeteam ingeniaritza enpresak instalatuko du. Argindar konpainiak azaldu duenez, halako biltegiratze sistemei esker, hornidura elektrikoaren kalitatea hobetu daiteke, sarearen egonkortasuna eta fidagarritasuna bermatuta eta iturri berriztagarriek sortutako energia aprobetxatuta.

X.
X. urteurrena
Amaia Egañaren heriotza
Azaroan hamar urte beteko dira Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenetik. Barakaldon izan zen, etxegabetzera joan zitzaizkionean. Euskal Herrian halakorik gertatu den lehen aldia izan da. 2008ko krisialdi ekonomikoak eragindako etxegabetze bolada betean izan zen. Harrezkero, eten barik handitu da etxe barik utzi dituzten bizkaitarren zerrenda. Berri-Otxoak plataformaren arabera, soilik Barakaldon 1.500 familia etxegabetu dituzte Egaña hil zenetik. Gizarte laguntzako sareak hainbat etxegabetze eragozteko lanean dabiltza Bizkaian.

Y.
Tadori Yamaguchi
Mañarian
Mañariko Angurreta harrobia arte garaikidea sortzeko eta erakusteko aire zabaleko gune bihurtu zuen iaz Victor Arrizabalgak. Aurten, besteak beste, Tadori Yamaguchi artista japoniarraren instalazio bat egongo da ikusgai harrobi zaharrean. Bilboko Guggenheim museora, berriz, Parisko Arte Modernoaren Museoko maisulanak ekarriko dituzte, otsailetik aurrera.

Z.
Zergak
Batuz sistema, boluntarioa
Urte hasieran ezarri gura zuen Bizkaiko Ogasunak Batuz fakturazio sistema, baina 2024ra atzeratu du. Orain martxan da, baina borondatezkoa da. Zergekin lotuta, iazko errenta kanpainan izandako arazoak saihesteko, presentzialtasuna indartuko du Bizkaiko Foru Aldundiak aurten.