“Senideontzat beldurrezko film bat izan da urruntze politika”

“Senideontzat beldurrezko film bat izan da urruntze politika”

Natalia Salazar Orbe

Elkarbizitzarako. Bakerako, Etxerako bidean lelopean egin behar zuen manifestazioa Sarek, bihar, Bilbon. COVID-19aren kutsatzeen gorakada ikusita, mobilizazioak herriz herri antolatzea erabaki zuen plataformak abenduaren bukaeran. Mobilizazioon helburuak ez dira aldatu, ordea: euskal presoei ezarritako “salbuespen politika” deuseztatzeko eskatuko dute horietan ere. Espetxe politika ondo ezagutzen du Txusa Etxeandiak (Bilbo, 1952). Haren seme Egoitz Kotok hemeretzi urte daramatza preso. Ia zigor osoa lehen graduan bete du, eta denborarik gehiena Granadan (Andaluzia, Espainia) izan dute. Bizkaiko Hitza-k Bilborako deialdia bertan behera geratuko zela jakin aurretik egin zion elkarrizketa Etxeandiari. “Oso garrantzitsu” iritzi dio mobilizazioetan parte hartzeari. Euskal presoei “legedi arrunta” ezarri beharko lieketela esan du, “etxera ahalik eta azkarren ekartzeko”. Adierazi du euskal presoek eta haien senideek “egoera ankerra” bizi dutela: “Urtarrilaren 8ko deialdiak egoera hori salatzea du helburu”.

Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean zer bide geratzen da egiteko?

Salbuespenezko lege guztiak indargabetzea eta euskal presoak etxera etorri ahal izatea da egiteko dagoen bidea. Gatazka armatua egon den herri guztietan, gurea bezalako egoeratan presoak etxera itzuli dira. Hemen baino ez dute jarraitzen aplikatzen mendekuzko politika presoen aurka. Espainiako Estatuko legedi arrunta ezartzea baino ez dugu eskatzen. Horrek bakarrik preso gehienak etxera ekarriko lituzke: preso gaixoak, 70 urtetik gorako presoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak. Geratuko liratekeen apurrek, kontuan hartuta gaur egungo egoerak ez duela zerikusirik aurrekoarekin, etxera etorri beharko lukete.

Sarek esan du beharrezkoa dela euskal presoei ezartzen dieten salbuespenezko espetxe politika bukatzea. Ondo ezagutzen duzu zuk politika hori. 2002ko azaroaren 22an atxilotu zuten Egoitz zure semea, eta kartzelan dago orduz geroztik. Zer-nola gogoratzen duzu egun hura?

Inpotentziaz gogoratzen dut. Beldurra, angustia sentsazio izugarria izan genuen, etxera nire semearen bila zer-nola etorri ziren ikusita. Ertzain mordoa etorri ziren, ezkutuekin eta armaz josita. Egoitz amamarekin zegoen etxean. Inori ez ziguten utzi sartzen. Medikuari ere ez zioten utzi sartzen nire ama gaixorik jarri zenean. Eskuburdinak jarri eta eramaten zutela ikusi nuen. Beldur nintzen hurrengo egunetan gertatuko zenaz. Ordurako Gurasoak elkarteko militantea nintzen. Gazteen eskubideen alde osatu genuen elkartea, ikusten genuelako urratu egiten zizkietela eskubideak kutsu politiko jakin bat zuten gazteei. Jakitun nengoen zer gertatuko zitzaion Egoitzi inkomunikazio egunetan. Eta hala izan zen. Torturak salatu zituen. Arkautiko [Araba] komisariatik ospitalera atera zuten, tratu txarrengatik lesioak zituelako. Madrilera eraman zuten, Auzitegi Nazionalera; espetxean sartu baino minutu gutxi batzuk lehenago ikusi ahal izan genuen. Erabat urduri zegoen atxiloaldiko egunengatik. Bizi osoan ahazten zaila den egoera bizi genuen.

Torturak salatu zituela diozu…

Bai. Egunero entzuten ditugu Eusko Jaurlaritzako edo Ertzaintzako ordezkariak esaten inoiz ez dutela kondenatu Ertzaintza torturengatik. Salaketak badaudela, baina kondenarik ez dagoela. Noski. Zaila litzateke inoiz ikertu ez diren salaketen kondenak egotea. Artxibatu egiten ziren ia-ia ofizioz. Ez dituzte ikertu. Torturak gertatu ziren, eta berdin da zer esaten duten: guk badakigu, eta egiaztatu dugu.

Zer-nolakoak izan ziren egun haiek Egoitzentzako?

Urtebete behar izan zuen kontatzeko nolako egunak pasatu zituen Arkautin. Gure gazteetako askok salaketarik ere ez zuten jartzen, jakin bazekitelako ez zutela ibilbiderik izango. Gaur egun, agian, beste era batera gertatuko ziren gauzak. Egoera desberdina da Pako Etxebarriaren ikerketen ostean. Baina duela hemeretzi urte denok genekien kale borroka jarduerengatik akusatutako gazteen salaketek ez zutela ibilbiderik izango.

Ordurako Gurasoak elkarteko kidea zinen. Zer testuingurutan sortu zen Gurasoak?

Kale borroka jarduerek gora egin zuten, eta Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ez zituztenez atxilotzen jardueron egileak, herrietan gazte kuadrillen sarekadak egiten hasi ziren. Gurasoak beldurtzen hasi ziren. Seme-alabak eramaten zizkieten benetako froga barik. Beti esan dut gure seme-alabek gauza asko egingo zituztela akaso, baina horiek epaiketetan frogatu behar direla. Guraso batzuk besteekin harremanetan jartzen hasi ginen, eta erabaki genuen Gurasoak elkartea sortzea, gertatzen ari zena salatzeko.

Zehazki, zer gertatzen ari zen?

Atxiloketak egiten zituzten, eta atxilotuak inkomunikatzen zituzten dena ETA da premisarekin. Gazte bati kutxa automatiko bat erretzea leporatzen bazioten, zortzi urteko kartzela zigorra ezartzen zioten. Euskal Herrian baino ez zen gertatzen hori. Extremaduran errez gero, txarrenean, dirua ordaindu behar zuen kalteengatik; Euskal Herrian, ordea, gazteak atxilotzen zituzten, inkomunikatu, eta terrorismoaren aurkako legea ezartzen zieten. Horrela, dozenaka eta dozenaka gazte bidali zituzten espetxera, nire semearen antzera. Hemeretzi urteren ostean, kartzelan dago oraindik ere.

Ia hogei urte jada, eta Navarcarnero, Picasent eta Daroca kartzeletatik igaro da. Denborarik gehiena Alboloten egin du, Granadan. Oraintsu Basaurira lekualdatu dute. Zer-nola bizi izan duzue urruntze eta sakabanaketa politika hori?

Granadan 11 urte egin ditu. Preso guztien senideentzat beldurrezko film bat izan da. Hamasei senide hil dira bidean. Gainerakoetatik, askok ezin izan dute bidaiatu seme-alabak bisitatzera; bidaiak eta gastu ekonomikoa izugarriak izan dira. Barakaldoko preso baten aitak, esaterako, ezin izan zuen semea bisitatu bi urtetan, ezin zuelako Huelvara joan. Eta semea ikusi gabe hil zen. Oso egoera gogorrak izan dira. Politika horrek mendekua eta min egitea zuen helburu: presoek gizartearekiko eta familiarekiko harremana gal zezatela. Hala ere, ez dute lortu. Hemeretzi urtez, eta gainerako presoei dagokienez ere berdin, lagunen eta senideen bisitarik ez dute galdu.

TXUSA_ETXEANDIA copia

Gainerako euskal preso gehienen antzera, Egoitzek ere zigorraren zatirik handiena lehen graduan egin du. Zer-nolako eragina du erregimen horrek?

Izugarria da. Egoitzek hamazazpi urte baino gehiago egin ditu lehen graduan: egunean hogei ordu ziegan; komunikazio guztiak kontrolatuta dituzte: telefonoak, gutunak… Legez kontrakoa da. Ezin da preso bat hamazazpi urtez lehen graduan izan. Baina euskal presoekin denak balio izan du, eta gaur egun ere edozerk balio du. Izan ere, gaur egun ere, gehienak lehen graduan ez dauden arren, ez diete ezartzen beste preso mota batzuei ezartzen dieten legedia.

Espetxearen kudeaketan aldaketarik nabaritu duzue espetxeen ardura Eusko Jaurlaritzaren esku geratu ondoren?

Ez. Ez dira aldatu euskal presoak kartzelan atxikita mantentzeko arrazoi nagusiak. Ezta Eusko Jaurlaritzari egindako transferentziekin ere. Izan ere, euskal preso gehienentzako ezinezkoa da kartzelatik ateratzeko baimenak lortzea edota askatasuna lortzea zigorraren hiru laurdenak bete ostean. Salbuespen legedia aplikatzen diete oraindik. Bigarren graduan daude, eta komunikazioak ez dituzte kontrolatuta, baina beste preso mota batzuei ezartzen zaizkien etxera itzultzeko bidea egiteko baldintzak ez dizkiete ezartzen. Eusko Jaurlaritza ere ez da ari horretan. Gradu aldaketak espetxeko tratamendu batzordeak eskatzen ditu. Baina Madrildik diote lehendabizi kalera ateratzeko baimenak eman behar dizkietela gradu aldaketa onartzeko. Baimenak Madrilgo epaileak eman behar ditu, baina ez ditu ematen. Ondorioz, ez zaizkie ari gradu aldaketa egiten espetxeak eskatu arren. Dueso espetxeko [Kantabria, Espainia] tratamendu batzordeak Egoitzi kalera ateratzeko baimenak emateko eta hirugarren gradua ezartzeko eskatu zuen. Gauza biak ukatu zizkioten. Basaurira etorri denean, ordea, egoerak berdin jarraitu du. Eta [Jaurlaritzako aholkulari Jaime] Tapia jaunari ulertu diogunagatik, ez die aurka egingo Madrilen hartutako erabakiei. Esaterako, eman liezaiekete hirugarren gradua; baina, jakin badakitenez Madrilen helegitea jarriko diotela eskaera horri, ez diete ematen. Hala, berriz ere oztopoak jartzen dizkiote euskal presoek askatasunera bidean egin beharko luketen bide arruntari. Gauza bera gertatzen da zigorraren hiru laurdenak bete dituztenekin, gaixoekin eta 70 urtetik gorakoekin.

COVID-19ak are gehiago zaildu du presoek gertukoekin harremanak izateko aukera, baina gutxi hitz egin da presoengan izan duen eragin horri buruz.

Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak kudeatutako egoera hau deitoragarria da. Hamasei hilabetez egon naiz semea besarkatu ezinik. Ziur naiz pandemiaren aitzakia baliatzen ari direla lan handirik ez hartzeko. Badirudi inor ez dela kezkatzen presoen senideok gure seme-alabak ezin besarkatzeaz; lehenengo, Espainiako Estatuko espetxeak itxi egin zituztelako, eta, gero, hona etorri direnean, kutsatze kopuruak gora egin duelako. Ez dago osasun irizpiderik Jaurlaritzaren jokabidea defendatzen duenik. Bisean bisekorik gabe egon gara duela hilabete baino gehiagora arte. Bikotekideekin ez dute izan bisean bisekorik hamasei hilabetetan. Salaketak jarri ditugu 10 urtetik beherako adingabeen elkarbizitzako bisean bisekoak ez dituztelako berreskuratu. Nire bilobak ez du izan elkarbizitzako bisean bisekorik bere aitarekin hamazazpi hilabetetan. Horrek egoera izugarria sortzen du adingabeengan. Jakin badakigu kontu handia izan behar dela espetxeetan COVID-19arekin. Gu geu gara interes gehien dugunok, senideak ditugulako barruan.

Bisean bisekoak izan ostean protokoloren bat bete behar dute presoek?

Astebetez konfinatzen dituzte presoak bakartuta. Zertarako daude PCRak edo antigenoen testak? Medikuekin hitz egin dut: ez dago aitzakiarik konfinatzeko. Pentsa zenbaterainoko erridikulua den, arropa garbia edota liburuak sartzen dizkiegunean paketeetan, astebetez konfinatzen dizkiete paketeak Basaurin. Harrigarria da.

EPPK-k elkarbizitzaren aldeko hainbat pauso eman ditu: aitortu du eragindako mina, eta ongietorriak modu pribatuan egiteko borondatea agertu du. Faltan botatzen duzu beste erakunde edo eragileen aitortzarik?

Elkarbizitzaren alde aurrera egiteko pausoak ematen diren bakoitzean, kritikak baino ez dira egiten; beti eskatzen dute gehiago. Nik nahiko nuke [EPPK] kolektiboa eta denok onartzen ari garenaren zati txiki bat onartuko balute. Eta guretzat oso gogorra da gauza batzuk onartzea. Ongietorriena, besteak beste. Horiek ez dira omenaldiak; ezarri dizkieten bizi baldintza gogorren ostean etxera bizirik iristea lortu dutenei ongietorria egiteko ekitaldiak dira. 35 preso hil dira kartzelatan. Eta iristen direnek lortu dute bizirik irautea, baldintza penagarriak izan arren. Elkarbizitzaren alde hartu dituzte erabakiak, baina inork ez du erantzuten positiboki. Adierazpenak berandu datozela esaten dute, eta keinu gehiago besterik ez dute eskatzen. Guk maite ditugu presoak, eta haien ondoan egongo gara azken eguneraino.