A. Igartua Aristondo
Intsektuen gorputza euskarri gisa erabilita, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan oinarritutako ilustrazioak egin ditu Arantza Eziolaza artistak Historia garraiolariak eta ibiltariak erakusketan. Intsektu bakoitza propio hautatu du, ezaugarriei erreparatuta, eta bakoitzean irudikatuko zituen elementuak aukeratzerako orduan, ahalegindu da identifikagarrienak erakusten, bisitariak erraz ezagutu dezan zein den hiriburua.
BAIONA
Pyrrhocoris apterus baten bizkarrean marraztu du Eziolazak Lapurdiko hiriburua. Intsektuaren ohiko oskol gorria, biribil eta triangelu beltz deigarriez apaindutakoa, Baionako hainbat elementu ezagunekin bete du ilustratzaileak. Itsasadarrean ikus daitezkeen etxeak marraztu ditu, besteak beste, oso tipikoak deritzelako.
BILBO
Psylliodes napi batez baliatu da Eziolaza Bizkaiko hiriburua kokatzeko. Kakalardoaren oskolari erreparatuta, uler daiteke erabakia: kolore gris-urdin metalikoa du, eta badu antzik Guggenheim museoaren titaniozko estalki distiratsuarekin. Museoaz gain, haren aldameneko Puppy txakurra ere marraztu du, eta, hiritik aldenduta, Portugaleteko zubia ere izan du gogoan, Bizkaiko sinboloetako bat baita.
DONIBANE GARAZI
Nafarroa Behereko hiriburua Neocrepidodera ferruginea batek darama. Marroi argia du oskola, distiratsua da, eta gramineoz eta margaritaz elikatzen da. Eziolazak udalerriko pilotalekua, harresia, eta sarreretako bat irudikatu ditu kakalardoaren gorputzean.
DONOSTIA
Longitarsus melanocephalus bat aukeratu du ilustratzaileak Gipuzkoako hiriburua irudikatzeko. Urre kolore ilunekoa du gorputz osoa, eta distira egiten du, halaber. Arteaz baliatu da hiria identifikagarri bilakatzeko, Haizearen orrazia eskultura margotu baitu. Igeldo mendia ere ageri da kakalardoaren soinean.
GASTEIZ
Hurritzez, pagoz, astigarrez eta sahats hostoez elikatzen den Anaglyptus mysticus batek garraiatzen du Arabako hiriburua. Haren gorputz mehe luzangan aise sartzen dira hiriburuko harresia, haren barruan dauden elizen lau dorreak barne, eta Santa Maria katedral zaharra, besteak beste.
IRUÑEA
Nafarroako hiriburuko Gaztelu plazak, udaletxeak eta sanferminetako entzierro batek apaintzen dute Albana m-griseum baten bizkarra. Haren antena pare luzea ere marraztu ditu Eziolazak.
MAULE
Europako kakalardo handienean marraztu du Eziolazak Zuberoako hiriburua: Lucanus cervus. Antena luze eta mardulak ditu, eta gorputzean darama Mauleko gaztelua. “Hiri monumentala da: jauregi asko ditu, baina gaztelua da duenik izugarriena”.