Ibai Maruri Bilbao
2021ak ez du ekarri mugikortasunerako azpiegituren proiektu handirik, baina motelduta dauden batzuk albiste bihurtu ditu berriz. Abenduaren 3an lortu zuten akordioa EAJk eta Espainiako Gobernuak: AHT abiadura handiko trena Bilbon eta Gasteizen sartzeko lanak Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu; bi geltokiak, Bilborako tunelak eta Arkautiko korapiloko obrak egingo ditu. Lan horiek egiteko dirua aurreratu beharko du, eta, gero, kupotik deskontatuko du. Era berean, adostu dute Basauriko behin-behineko geltokia ez dela martxan jarriko Bilboko tuneletako obrak egiten hasi arte. Izan ere, hori izan da udazkenak utzi duen beste berria: azaro hasieran baieztatu zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aspalditik bolo-bolo zebilen zurrumurrua: Bilboko geltokia egin bitarteko behin-behineko geralekua Basaurin egongo dela.
Zaratamotik gertu egongo da, BI-625 errepidea eta Nerbioi erreka gainetik zeharkatzen dituen zubibidean. Behin-behineko geltokiko bidaiariak Renferen aldiri trenetan joan ahal izango dira Bilbo erdigunera. Izan ere, azpitik igarotzen da C3 linea —Urduñakoa—. Adifek aurreikusi du 2027rako egongo litzatekeela martxan jartzeko prest, AHTaren lehen bidaiak hasten direnerako. Beraz, EAJk eta Espainiako Gobernuak egindako akordioaren arabera, ordurako Bilboko lanak ere hasita leudeke.
Durangaldean, berriz, geldi egon dira obrak luzaroan. Azken hilabeteetan, ordea, kamioiak eta makinak lanean dabiltza. Horrek ezinegona sortu du eskualdean, eta hainbat protesta egin dituzte: uztail bukaeran, AHTaren aurkako kanpaldia egin zuten, Atxondon; azaroan, proiektuaren aurkako aste aktiboa, herriz herri.
Data zehaztu barik dute Bilboko metroaren 4. eta 5. lineek ere. Gaur-gaurkoz, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat azkenak du lehentasuna, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango denak. Edozelan ere, Unai Rementeria ahaldun nagusiak Europako Batasunak banatuko dituen Next Generation funtsei lotu izan du proiektua, eta, oraindik, zehaztu gabe dago horretarako zerbait etorriko den. “Gaitz dago, baina ez dut baztertzen. Seguru egingo da? Ez. Ezinezkoa da? Hori ere ez”, esan zuen urri bukaeran, Gernika-Lumoko Batzar Etxean, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko ezohiko osoko bilkuran.
Laugarren linearen proiektua, beraz, are motelago doa oraindik. Gutxienez, aurten Eusko Jaurlaritzak haren ibilbidearentzat proposatzen dituen bi alternatibak zein diren jakin ahal izan dute Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunek. Eta bien artean bozkatzeko aukera ere izan zuten martxoan. Orain arte aipatu izan den ibilbidea aldatu du gobernuak. Biak dira antzekoak, egungo FEVEren linea aprobetxatuko litzateke eta. Bilboko Abandoko tren geltokitik Alonsotegiko Irauregikora joango da. Fase bitan egitea da asmoa: lehenengoa, Bilbokoa, Abandotik Zorrotzara doana; bigarrena, Zorrotzatik Alonsotegira artekoa. Lehenen zatian bost minutuero igaroko litzateke trena; bigarrenean, hamabostero. Bilboko tarterako A eta B aukerak osatu dira.
A alternatibak FEVEren bideari saihesbide bat egitea proposatzen du: Basurtu eta Abando artean eraikiko lukete, eta bi auzo horietan geltoki bana izango luke, Ametzolakoaren ordez. B aukeran, berriz, egungo FEVEren trenbidea osorik aprobetxatuko litzateke. Kasu horretan, metroa Iralarekin eta Errekalderekin lotzeko, auzo biotako bakoitzera lurpetik igoko liratekeen funikular bat egitea proposatu dute. Auzokideek A alternatiba lehenetsi dute, nahiz eta euren aldarrikapena beti aipatu den ibilbidea izan: Matiko-Moyua-Errekalde.
Metropolian eta Durangora
Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletari ere eman nahi izan dio lehentasuna. Helburu horrekin, hainbat proiektu iragarri dituzte aurten. Lehena otsailean jakin zen: Bilbotik Getxora arteko bulebarra, eta Barakaldo eta Erandio lotzeko zubia. Bulebarra eta zubia txirrindularientzat eta oinezkoentzat izango dira. Azpiegitura bi horiek 2024. urte amaieran eginda izango dituztela espero dute Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailean. Epeak betez gero, datorren urtean hasiko dituzte lanak. 36,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. 600.000 lagun ingururen mugikortasuna hobetzen lagunduko dutela uste dute.
Beste bidegorri nagusia egiten ere egunotan dira hastekoak. Bizkaiko lehen bizipista edo bizikletentzako autobidea izango da, herri arteko bidegorri ardatzetako bat. Zornotza, Iurreta eta Durango lotuko ditu. 7,5 kilometro izango ditu luzean; 3,5 metro zabalean bizikletentzat; eta 1,85 metro oinezkoentzat. 2023ko lehen hiruhilekorako amaitzea aurreikusi du diputazioak. 12,7 milioi euroko kostua izango du.