BASAURI. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak sei urteko zigorra ezarri zion Basaurin futbol entrenatzaile aritu zen gizon bati, adingabe bati sexu abusuak egitea leporatuta. Egiaztatutzat jo zuten biktimak lau urtean pairatu zituela haren abusuak.
Entrenatzaile hori bera salatu zuen Pepe Godoy basauriarrak duela hiru urte. Adingabea zenean —gaur egun 49 urte ditu— sexu abusuak egin zizkiola kontatu zuen, bideo batean. Epaiaren berri izan zuenean, Godoyk esan zuen “pozik” sentitu zela, “duela hiru urte oraindik beste ume batzuez abusatzen zebilelako eta orain jada ez”.
Godoyk gogoratu zuen futbol klubari bera adingabea zenean gertatutakoaren berri eman arren ez zutela neurririk hartu, eta Basauriko Udalak ere ez zuela egin adierazpen zehatzik epaiaren ostean. Biktimak zioen gizarteak egiten utzi ziola.