Amaia Igartua Aristondo
Garbitzaileak eta autoeskoletako, kontserba fabriketako zein zahar etxeetako langileak: grebak abiatu dituzte aurten Bizkaiko hainbat sektoretan. Besteetan, 2021ak ez du soka eten: Novaltia botika banaketa enpresako beharginek bigarren urtea dute greba mugagabean.
Gizarte Segurantzaren salaketa batek abiarazi zuen Glovo janari banaketa enpresaren aurkako auzibidea Bilbon: autonomo faltsuak zirela argudiatu zuen akusazioak, eta, horrenbestez, enpresak soldatapeko langiletzat hartu behar zituela. 219 langile deitu zituzten deklaratzera, eta, aurrekariei erreparatuta, auzia haien alde ebatziko zela aurreikus zitekeen. Izan ere, aurretik antzeko 41 epaiketa egonak ziren Espainian, eta denetan ebatzi zen beharginen eta enpresaren arteko harremanak lan izaera zuela. Horietako batek jurisprudentzia ezarri zuen: 2020ko irailean, Espainiako Auzitegi Gorenak adierazi zuen Isaac Cuende banatzailea autonomo faltsua zela; Glovorentzat egiten zuen lan hark ere.
Esperotakoa jazo zen: maiatzaren hasieran, Bilboko Gizarte arloko 11. epaitegiak ebatzi zuen lan harremana zela Glovoren eta ia 300 langileen artekoa, eta, hortaz, soldatapekoak izan behar zutela.
Hamar eguneko grebara deitu zuten lehenbizi, ekainaren 11tik 21era arte, baina zazpi hilabete daramatzate jada greba mugagabean Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileek. Eskatzen dute soldatak hobetzeko hileko batez besteko soldata 600 euro ingurukoa da, eta lanaldi osoko beharginena ez da heltzen mila eurora, lan karga murrizteko, eta lanaldi partzialen arazoa konpontzeko. Hala nola, abesti bat kaleratu dute eskakizunak bultzatzeko, eta futbol liga bat irudikatu zuten udan museoaren inguruetan, non langileen taldea Guggenheimeko arduradunen kontra lehiatzen baitzen.
Era berean, Bilboko Deustuko Unibertsitateko garbitzaileek ere lanuzteak egin dituzte, eta 50 egun baino gehiago daramatzate mobilizazioekin, guztira. Bestalde, IMQren Bilboko Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriaren kliniketako garbitzaileek iragan astean hasi zuten greba. IMQk eta garbiketaz arduratzen den Gizatzen azpikontrataren arteko lan harremana 2021arekin batera bukatuko da, eta klinika sareak ez du nahi ez berak ez azpikontratatuko duen hurrengo enpresak kontratatzea langile horiek. Hortaz, 90 lagun kaleratuko ditu urtarrilaren 1ean; batzuek 40 urte daramatzate IMQrentzat lanean.
Espainiako enpresa kimikoen hitzarmena aplikatzen zaie Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga automobilgintza enpresako beharginei, eta, ondorioz, hilean 1.000 euro inguruko soldata dute. Hori horrela, langileen gehiengoak erabaki zuen enpresari proposatzea lehen hitzarmen negoziazioa, ELA sindikatuko bi ordezkarien bitartez. Hitzarmenak soldata baxuenak hobetzea izango luke jomuga behinena. Sindikatuaren arabera, ordea, zuzendaritzak eskaintza “apalak” egin zituen, eta, ondorioz, greba mugagabea abiatu zuten beharginek ekainaren 28an.
170 egun baino gehiago daramatzate dagoeneko, eta ELAk salaketa jarri dio enpresari greba eskubidea urratzeagatik: grebalariak ordezkatu dituela dio.
Uztailaren 14, 23 eta 26rako deitu zituzten lehenengo lanuzteak Bizkaiko autoeskoletan ELA eta CCOO sindikatuek, “lan ituna berritzeko eta sexu arrakala” ezabatzeko helburuarekin. Izan ere, 2010. urteko abendutik hitzarmena berritu gabe daude, eta ordukoak dira soldatak eta ordutegiak ere. Greba deialdiak “babes zabala” izan zuela adierazi zuten sindikatu bultzatzaileek: beharginen %65ek egin zuten bat lanuzteekin, ELAk zehaztu zuenez; 300 bat langilek, denera.
Orduko hartan ez zuten baztertu greba luzatzea, eta hala egin zuten urriaren bukaeran: langileen eta enpresaren ordezkariak bildu ziren arren, patronalak eskaintza bera egin zien. “Gure ustez, gutxieneko eskaintza bat da, eta ezin gara horrekin konforme gelditu”, adierazi zuen ATAB Bizkaiko autoeskola irakasleen elkarteko presidente Ana Alonsok azaroaren hasieran BERRIAri emandako elkarrizketan. “Patronalak dio soldatak eta baldintzak hobetu dituela, baina egin duten gauza bakarra 2011n amaituriko hitzarmeneko KPIak [kontsumo prezioen indizea] eguneratzea izan da: %13,6. Baina hor ez dago igoerarik”. Horrez gain, beharginek eskatzen dute lanaldia izan dadila astelehenetik ostiralera bitartekoa —indarrean dagoen hitzarmenean astelehenetik iganderakoa agertzen da—, eta soldatak erregularizatzea. Asteon ere greba egin dute.
Bizkaiko kontserba fabriketan 2016an sinatutako lan hitzarmena dago indarrean. Hura berritzeko zazpi hilabetez egon ziren negoziatzen langileen ordezkariak eta patronalekoak, eta azaroaren bukaeran grebara deitzea erabaki zuten beharginek, patronalak ez zuelako jarrera aldatu lehenengo bileratik, sindikatuek jakinarazi zutenez —zortzi bilera izan ziren, guztira—. Patronalak honakoa eskaintzen die langileei: aurten soldatak %0,5 igotzea; datorren urtean, %1,5; eta 2023an, %1. “Proposamenak ez dira hurbildu ere egiten guk ezinbestekotzat jo dugun horretara”, azaldu zuen ELA sindikatuko Aritz Huidobrok.
Beharginek erosahalmena “galduko” lukete konponbide horrekin, une honetan KPIa %5,4koa delako. Baina, prezioen araberako igoera eginda ere, emakumeen baldintzak ez lirateke “duinduko”, sindikatuko kidearen arabera, “985 euro kobratzeari utzi eta 972 euro kobratuko dituztelako”. Kontrara, 1.200 euroko soldata eskatu du ELAk. LABek behin-behinekotasunari ere erreparatu dio: mila behargin ingurutik %90 emakumezkoak diren arren, lan kontratu finkoa dutenen %95 gizonezkoak dira.
Lan hitzarmen berria osatzeko, hamar negoziazio mahai osatu dituzte urte eta erdian Bizkaiko zahar etxeetako patronalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta beharginek, baina akordiorik lortu ez, eta grebara jo dute langileek. Martitzenean izan zuten lehen eguna, ELAk eta LABek deituta. Patronalek eta aldundiak ratioetan eta lan baldintzetan hobekuntzak negoziatzeari uko egin diete, sindikatuen arabera, eta alde horiek hobetu ditzaten eskatzeko erabaki dute grebara joatea.
ELAren hitzetan, “patronalak ez du inolako borondaterik langileak lehen egunetik ordezkatzeko, lanaldi osoko kontratuak eskaintzeko, soldata eta lan baldintzak aldundiko GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearekin parekatzeko, eta, gainera, murrizketak planteatu ditu”. Mobilizazioak egiten jarraituko dute, “pertsonen zaintza lehenetsiko duen eredua lortu arte”.