Ia denak Bilbo Bizkaia ur sarera

Ia denak Bilbo Bizkaia ur sarera

Natalia Salazar Orbe

Urtarriletik aurrera Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan integratuko da, oso-osorik. Hala onetsi dute aurten Busturialdeko erakundea osatzen duten hamasei herrietatik bederatzik. Bost herri kontra azaldu ziren abuztuaren 2an partzuergoak egin zuen batzarrean: Ajangiz, Ea, Elantxobe, Ibarrangelu eta Muxika. Integrazio horrekin, Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoak Bizkaiko uren %95etik gora kudeatuko ditu.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren batzarrak azaroaren 2an onartu zuen integrazioa. Busturialdeakoak, berriz, abuztuan egin zuen batzarrean eman zion baiezkoa. Orduz geroztik, Busturialdeko udalek osoko bilkuretan bozkatu behar izan dute Bilbo Bizkaiko partzuergoan sartu ala ez. Bostek ezezkoa eman dute.

Busturialdeko Ur Partzuergoko arduradunek onurak baino ez dizkiote ikusten aldaketari. Batxi Aranburu teknikariak azaldu zuenez, “aurre egin ahalko zaio Urdaibaiko saneamendu plana martxan ipinita horren ustiapenak eragingo duen gastuen areagotzeari, uraren prezioan eragin gabe”.

Erreketako inpaktua

Gainera, azaldu zuen eskualdeari ur hornidura bermatu ahalko zaiola, eta uda garaian erreketako ingurumen emarietan gertatzen diren inpaktuak eragotziko direla. Haren esanetan, horrek guztiak aukera emango du urteetan geldirik dauden eskualdeko hainbat herritako hiri antolamendurako planak garatzeko prozesuak desblokeatzeko: “Gaur egungo baliabideekin ezinezkoa da horiek aurreikusten dutena gauzatzeko uraren hornidura jasangarria bermatzea”.

Horrez gain, esan zuen Urdaibaiko hornidurarako Lurralde Ekintza Planaren aurreikuspen guztiak “arrazoizko epe batean” egin ahalko direla. “50 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu. Busturialdeko Ur Partzuergoak ez du gaitasunik kopuru horri aurre egiteko bere kabuz”.

Iratxe Arriolak bestelako analisia egin zuen. Eako alkate eta EH Bilduko kidea Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea izan zen hainbat urtetan. Hark adierazi zuen Busturialdeko ur hornidura bermatzeko azpiegiturak “bai ala bai” egin behar direla, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako finantzaketa eman beharko liokeela Busturialdeko partzuergoari, Bilbo Bizkaikoaren barruan egon ez arren, horri “316 milioi euro eman zizkion bezala” 2008tik 2016ra obrak egiteko.

Gainera, Arriolak uste du “uraren kudeaketari eta saneamenduari buruzko erabakiak bertoko udal eta biztanleengandik urrun” hartuko direla. Beharrezko deritzo herritarren parte hartzeari. Gogora ekarri zuen urak burtsan ere kotizatzen duela. Haren esanetan, “ura eta bere ekosistema guztiak ondare kolektiboaren parte” izanik, administrazioek bermatu behar dute ez direla egingo negozio pribatuak ondasun komunekin”.

Arriolak uste du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa “oso opakua” dela. Eta, publikoa bada ere, “monopolioa” egiten ari dela: “Uraren zerbitzua negozio modura ikusten du”. Azaldu zuen enpresa pribatuen antzeko kudeaketa eredua duela: “2008tik 2016ra bitartean 316 milioi euroko azpiegitura berriak eraiki zituen, Bizkaiko Foru Aldundiak %100 finantzatuta. Horiek denak multinazional handien esku utzi dituzte, enpresak azpikontratatuta”.

Salatu zuen zerbitzuak ere azpikontratatzen dituztela; %60 baino gehiago azpikontratazio bidez egiten dutela. “Azpikontratatutako enpresa horiek dirua irabazten dute Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak emandako milioi askotako kontratuekin”. Ondorioz, zalantzan jarri zuen benetan nortzuk hartzen dituzten erabakiak: “Nortzuk erabakitzen dute ponpaketa azpiegitura bat era batera edo bestera egin behar dela? Erabakiak ez dira soilik teknikoak. Erabaki teknikoak ez dira apolitikoak”, ondorioztatu zuen.

Aurreikusitako igoera

Uraren prezioari dagokionez, Aranburuk aurreratu zuen Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin adostu zutela Busturialdeko abonatuen faktura 2022an ez dela garestituko integraziorik gabe egingo lukeen baino gehiago. Arriolak, berriz, zalantzan jarri zuen noiz arte iraungo duen baldintza horrek, eta baita partzuergoak eskualdean dituen bulegoak zabalik mantentzeko akordioak ere.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak azaroan iragarri zuen datorren urtean ura garestitu egingo dela: urtean ia 20 euro gehiago ordainduko dute abonatuek.