Umezurtz musikala

Pailazokeria bat eman dezakeen arren, kontu serioa da. Niri, behintzat, zer pentsatua ematen dit. Uste dut umezurtz gelditzen hasi naizela. Umezurtz musikal. Gero eta gehiago kostatzen baitzait Euskal Herriko musika estetika berritzaileekin sintonizatzea. Lan handia eskatzen dit. Eta lerrootatik ez dut esan nahi errudunak musika korronte berriak direnik, e? Ez, ez. Kontrakoa. Arazoa nirea da. Nire barneko diapasoiak ez du afinazio berrien harmonian sartzerik lortzen. Iraganeko tenpoetara kateatuta dago, duela gutxi arteko testuinguru soziopolitikoak markatutako doinuen erritmoan.

Nire bizitzaren soinu banda garagardo usaineko distortsioarekin hasi zen. Txirri, Mirri eta Txiribiton kontsumitu baino dezente lehenago hasi nintzen Kortatu, Hertzainak edo Baldin Bada dastatzen. Alegia, nire soinu banda erritmo hautsiekin hasi zela. Distortsioarekin eta arrapaladan. Anakrusan eta allegro agitato tenpoarekin. Eta, gerora, nahiz eta Euskal Herriko musika eszena gertutik jarraitu dudan; nahiz eta barneko arra Euskal Herriko saxofoi, reggae, stoner, nu metal, power metal edo hip hop doinuekin elikatu dudan, hor gelditu naiz. Kieto. Ez atzera eta ez aurrera. Eta bitartean, erdibitutako begirada bat sentitzen dut nire baitan: musika korronte berritzaileak, batetik, eta La Pollaren kontzertu bira, Ez Donk Amaitu jardunaldi sorta, edo Deliriumen eta Asgarthen itzulera, bestetik.

Halakoetan, gurasoek inoiz bota izan didaten marmarraz akordatzen naiz: “Noiz aldatuko duzue txosnaguneko musika? Hamarkadak joan, hamarkadak etorri, beti musika berarekin zabiltzate”. Eta, agian, arrazoi dute gurasoek. Beharbada, txosnaguneetan hezitako izaki musikala izanda, ez dut korronte berrietara moldatzen jakin. Beharbada, garai soziopolitikoa aldatzerakoan iraungi egin da aro horri loturiko soinu banda, eta, ondorioz, garai soziopolitiko horren musikan hazitako izakiok umezurtz musikalak gara aro berrietan. Sukaldera eraman dut begirada. Ontziak gordetzen ditudan apalera. Han daude txosnetako basoak, kristalezkoak balira bezala, bazkalorduan ura edateko baliatzen ditudan berberak. Ikusten? Pailazokeria bat eman dezakeen arren, kontu serioa da. Niri, behintzat, zer pentsatua ematen dit. Sakelakoan darabildan musika aldatzeaz gainera, baxera ere aldatu behar al dut?

Buruhauste honi konponbidea ematen hasteko modurik onena Durangotik abiatzea dela erabaki dut. Landako gunera jo dut, disko berriak arrantzatzera. Totebag delako hori exotikoak zaizkidan euskal musikariez bete dut, eta sentitu dut, apurka-apurka bada ere, umezurtz sentipen hori lurruntzen hasi dela. Orain gurako nukeena da lurruntze hori aurrez aurrekoa izatea. Ezezagunak zaizkidan taldeen zuzenekoetara joateak umezurtz sentipena are eta gehiago lurrunduko duelakoan nago. Durangoko Azokak eta eszena musikalak horixe behar dutelako umezurtz geratu ez daitezen: aretoan, gaztetxean edo plazan, baina aurrez aurrekoak izatea.