Natalia Salazar Orbe
Hirurogeita hamahiru urte daroadaz Erriberako [Bilbo] plazara barazkiak eroaten eta saltzen. 11 urte eta erdigaz hasi nintzen, ahizpa jaio zenean. Beti bizi izan naiz baserrian. Han lan egin dut. 73 urte beteko dodaz behar honetan. 84 urte dauzkat”. Begoña Bolunbururen berbak dira. Bilboko udaletxeko areto arabiarrean egin zituen, abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan. Hari eta haren antzera ortuariak eta fruituak ez ezik euskara ere Bilboko kaleetara eraman zuten bendejerei egindako omenaldian egin zituen adierazpenok.
Belaunaldiz belaunaldi baserriko produktuak hiriko merkatuetara eraman dituzten eta gaur egun oraindik eramaten dituzten emakume baserritarrak dira bendejerak. Horietako hiru izan ziren Bilboko Udalaren omenaldian.
Bendejerak: sorotik plazara liburua aurkeztu zuten ekitaldian. Labayru fundazioak argitaratu du. Belaunaldiz belaunaldi baserri giroarekiko loturari eutsi dioten emakume saltzaile anonimo horien historia jaso dute. Igone Etxebarriak, Labayru fundazioko zuzendariak, azaldu zuen emakume horien lekukotzekin osatu dutela lana.
Etxebarriak gogora ekarri zuen bendejeren lanak garrantzi handia izan zuela etxeetako ekonomian: “Behar hori izan da etxe askotan ekonomiaren ardatza, eta behar horren bueltan eregi da familia askoren bizimodua. Beraz, behar horren atzean bizimodu bat daukagu: lurragaz, etxeagaz eta familiagaz lotzen den bizitzeko modu bat”.
Liburuaz gain, izen bereko dokumentala ere osatu du Labayruk. Bizkaiko hainbat herritako bendejeren lekukotzak jaso dituzte hartan. Zamudioko Maria Luisa Uriartek, esaterako, gogoan du urte luzez egindako lana: “Etxeko ortuariekaz joaten nintzen. Ama esneagaz ere ibili zen, eta amagaz ere joaten nintzen egun batzuetan. Bizimodua atera dugu bendejeagaz eta behiekaz”. Carmen Bilbao herrikideak jakinarazi zuen neguan kalabazak, zerbak, porruak, berakatzak eta kipulak eramaten zituztela, eta, udan, berriz, tomateak, piperrak, lekak, indabak eta letxugak.
Bendejerek kontatu dute azokan produktuak goiz saltzen zituztenean pozik itzultzen zirela etxera. Goiza luzatuz gero, merkeago saldu behar zituzten lan handiz plazara eramandako guztiak, eta bezeroek merkeago saltzeko tratua eskatzen zieten.
Baserriko hizkuntza, hirira
Bilboko ekitaldian udalak eskerrak eman zizkien hainbat urtez landaren eta hiriaren arteko zubi lana egin duten emakumeoi. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta Juan Mari Aburto alkateak aitortu zieten egindako lana. Aburtok gogora ekarri zuen “euskara biziaren” sustapenean ere egin zuten lana. “Hein handi batean, haiei zor diegu gure hirian euskararen garrak bizirik iraun izana”, esan zuen alkateak, “baserriaren hizkuntza hirira” ekartzen dutela azalduta.
Horrez gain, Aburtok azaldu zuen emakume horiek “diskriminazio” hirukoitza sufritu zutela, diktadura garaian, bereziki: emakume, baserritar eta euskaldun izateagatik. “Baserri giroko guztia burlarako aitzakia zen; euskal kutsua zuen edozer debekatuta zegoen, eta emakume izateak bigarren mailako herritar izatea zekarren”.