Onintza Enbeita: “Nire buruan ezetzera eginda nengoen”

Onintza Enbeita: “Nire buruan ezetzera eginda nengoen”

O. E. M.

Onintza Enbeita (Muxika, 1979) izan zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketan txapela jantzi duen aurreneko emakumea. 2018an izan zen. Orain, ordea, jokoan dago berriz ere txapela, eta astebete barru erabakiko da zeinek jantziko duen. Lehen finalaurrekoan aritu zen kantuan Enbeita, eta, bigarren egin bazuen ere, azkenera arte ez zuen ziurtatua izan finaleko eserlekua. “Azken astea oso gogorra izan da niretzat; zer gertatuko zen ez nekienez, ezinezkoa izan da buruari bueltarik ez ematea”. Sentimendu kontrajarriak izan dituela aitortu du: “Izatez, ez duzu nahi zure lagunek hutsik egiterik, baina, aldi berean, finalean egon nahi duzu”.

Puntuazioaren arabera, sailkatzea lortu du azkenean, baina bere burua finaletik kanpo irudikatzen zuen: “Nire buruan ezetzera eginda nengoen, uste dut errazagoa izan dela hori onartzea; baina larunbatean sekulako poza hartu nuen”. Bizkaiko zortzigarren finala izango da Enbeitarentzat, eta, txapelduna izanda, presio pixka bat sentitzen duela dio. “Egia esan, finalaurrekoetan presio handiagoa sentitu dut; izan ere, sinbolikoki, momentu horretan jartzen da txapela jokoan”, azaldu du.

Final “desberdina” izango dela aurreikusten du muxikarrak: “Galtzeko ezer ez duen jende asko dago finalean; hortaz, saio freskoa eta estua izango dela iruditzen zait”. Berak, berriz, askotariko sentsazioak ditu: “Batetik, gauza politak egiteko gogoa dut; eta, bestetik, nire burua fresko mantendu nahian nabil, baina ez dakit beti fresko eusteko gai izango naizen”.