Katedralera erromesaldian

Katedralera erromesaldian

Naroa Torralba Rodriguez

Bilboko itsasadarrean gora eginda, nabarmen ikusten da San Mames futbol estadioa, futbolaren katedrala. 2013ko irailean estadio zaharra ordeztu zuen. Berria eraiki zuten, Athleticeko zaleen abesti eta oihuek estadio zaharrean sortu ohi zuten giro bereziari eutsi eta hobetzeko helburu jarrita. 53.000 eserleku eta OPI zonako 122 palko dauzka.

San Mamesen kanpoko aldea metalezko egitura batek sostengatutako beirazko ezkataz osatuta dago. Jatetxea eta Athletic Club Museoa ere estadioaren eraikinean daude. Bertan ikus liteke nolakoak ziren Bilbo eta Bizkaia 1898an, kluba sortu zutenean, eta nola aldatu diren ordutik. Ezagut daiteke, halaber, Athleticen historia. Esaterako, San Mameseko harmaila zaharretan eserita ikus daiteke klubaren ehun urtetik gorako historiaren inguruko bideoa. Hor hasten da bisita.

Artxibotik hautatutako mila pieza eta 900 bideo baino gehiago daude, Athleticen historia mamitzen dutenak. Ondare kolektibo baten balioa ere badira. Kirolari izandakoek dohaintzan utzitako objektuak eta taldeak lortutako garaikurrak dira elementurik ikusgarrienek. Hain zuzen ere, Garaikurren aretoa da museoaren eta, oro har, estadioaren tokirik sakratuenetakoa, zaleek urteotan bizi izan dituzten poztasunen lekukotza nagusia.

Horietako pieza batzuk dira, adibidez, 1902ko Moserren elastikoa eta Koroatze kopa. Athleticeko lehen ekipaje ofiziala izan zen bata, Moserrek, klubeko jokalari inglesak dohaintzan eman zuena. Ingalaterratik ekarri zuten elastiko sorta arlekinatua: zuria zuen gorputzaren erdia, eta urdina beste erdia. Koroatze koparen trofeoa, egungo Espainiako Koparen aurrekaria izan zen, baita estatuan futbol arloko lehen titulua ere. Athleticek Bizkaya izenarekin, irabazi zuen txapelketa, Bilbao FC taldearekin elkartuta.

Eduardo Montejo izan zen 1898an kluba sortu zuten 33 bazkideetako bat, eta hori adierazten duen txartela utzi zuen dohaintzan. Garai hartan, bazkide izateko, beharrezkoa zen futbolari ere izatea. Telmo Zarra izan da Athleticen historiako golegile nagusia: 447 gol sartu zituen; horietatik 334, lehiaketa ofizialean. Museoaren parte dira haren botak, baita 1922an, San Mamesen, Getxoko Arenasen aurka Rafael Moreno Pichichi-ren omenez jokatutako partidaren kartela ere.

Athletic Club Museoa

Baloiak, elastikoak, botak…

Palmaresaren artean dago 1928an Espainiako Ligako txapelketa inaguratu zenetik jabetzan emandako lehenengo trofeoa. 1950eko maiatzaren 28an, Athleticek Espainiako Kopa irabazi zuen hamargarrenez, Valladolidi lau eta bat irabazi ondoren; partida hartan erabili zuten baloia museoan dago. Baita Endika Guarrotxenaren elastikoa ere: gehien estimatuetako bitxietako bat da, 1984ko maiatzaren 5ean Madrilgo Santiago Bernabeu estadioan Bartzelonaren aurka jokatu eta 1-0 irabazitako Kopako finalean erabilitakoa. Aritz Adurizek ere dohaintzan eman zuen bere bota pareetako bat: museoan dauden bota horiekin aurrelari zuri-gorriak bost gol sartu zituen Belgikako Genk taldearen aurka Europa Ligako partidan, 2016an.

Estadioak hainbat sari lortu ditu: munduko kirol eraikinik onenarena, 2015eko World Architecture Festivalean; urteko estadiorik onenarena, 2017ko World Football Summitean; saririk gorena, 2020lo World Design Awars sarietan. Zelaira eta aldageletara sar daiteke bisitaria, eta Pichichiren bustoarekin argazkia atera.