Gorka Pagonabarraga: “Nahiko aztoratuta nabil, baina ea pixka bat lasaitzen naizen”

Gorka Pagonabarraga: “Nahiko aztoratuta nabil, baina ea pixka bat lasaitzen naizen”

O. Enzunza Mallona

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa irabazi zuen Gorka Pagonabarragak (Durango, 2000), Etxebarrian. Sorpresa izan zen askorentzat, eta baita beretzat ere: “Kartzelako ariketa amaitu nuenean, gustura geratu nintzen egindako saioarekin, baina Enbeita eta Amuriza nire aurretik ikusten nituen”. Sailkapenean hirugarren geratuko zela pentsatu arren, lehenengo egitea lortu zuen durangarrak, eta, hala, bere aurreneko finala jokatuko du datorren larunbatean.

Ordutik, “aztoratuta” dagoela aitortu du, ezin sinetsita: “Finalean nagoela dakidanetik nahiko aztoratuta nabil, baina ea pixka bat lasaitzen naizen: gogotsu hartu nahi dut Miribila”. Finalera sailkatzea euren burua jendaurrean erakusteko “aukera itzela” dela dio. Baina ez hori bakarrik: “Datorren urteko Euskal Herriko txapelketarako sailkatu gara zuzenean, eta horrek beste urtebete motibatuta egotera garamatza”.

Finalera begira, azaldu du ez duela jasoko prestakuntza berezirik: “Orain arte bezala jarraituko dut. Batetik, Durangaldeko bertsolariekin entrenatzen, eta, bestetik, Gasteizen ikasten nabilenez, bertako kideekin. Batean zein bestean ariko naiz praktikatzen, eta ikusiko da finalean zer gertatuko den”.

Haren hitzetan, “ezusteko ugari” gertatu dira aurtengo txapelketan, eta horrek egin du interesgarri txapelketa. “Final entretenigarria izatea gustatuko litzaidake, saltsa egon dadila”, kontatu du bertsolariak. Berak, berriz, gozatzea izango du helburu nagusia.