Aitor Etxebarriazarraga: “Finalak bertsolari modura onartzeko aukera eman dit”

Aitor Etxebarriazarraga: “Finalak bertsolari modura onartzeko aukera eman dit”

O. E. M.

Galdakaoko finalaurrekoan aritu zen kantuan Aitor Etxebarriazarraga (Gernika-Lumo, 1993), eta, laugarren egin bazuen ere, puntuazio handia eskuratu zuen: 520,5. “Puntuazioa entzun nuenean, ez nintzen jabetu puntu kopuru horrek zuen pisuaz”, esan du gernikarrak. Gerora, aste osoa igaro zuen urduri; “erreal bihurtu zitekeen itxaropen hori neukan”. Eta hala izan da azkenean, hilaren 18ko finalean izango baita. “Nire hasierako helburua ez zen inondik inora ere Miribillako finalera heltzea, baina, behin bertara helduta, sekulako ilusioa dut”, azaldu du.

Lehenengo finala izango da Etxebarriazarragarentzat, eta “pozik” dago lortutako guztiarekin: “Neure burua bertsolari modura onartzeko aukera eman dit finalak, eta, aurrerantzean ere, horretan sinesteko balioko dit”. Haren hitzetan, sarritan sentitu izan du iruzurtiaren sindrome delakoa, baina finalista izateak bere buruarengan gehiago sinesteko aukera eman dio.

Lasaitasun puntu batetik begiratzen dio finalari: “Egindako lanari jarraipena ematea baino ez da falta”. Haren ustez, ibilbide eta helburu desberdinetako bertsolariek egingo dute bat oholtza gainean, baina bere helburu nagusia “gozatzea” izango dela azpimarratu du: “Badago jende beteranoa txapelaren bila irmoki joan daitekeena, baina, ni neu, ahaleginduko naiz gozatzen eta jendeari nire kantaera eta diskurtsoa erakusten”. Finalera arteko egunak “ahalik eta modu lasaienean” igarotzen saiatuko dela dio. “Niretzako aurrerapauso handiena finalean egotea da”.