Amaia Igartua Aristondo
Bazirudien ia bi urtetan galdutako ekitaldi eta azokak berreskuratuz joango zirela poliki-poliki; bazirudien egoerak hobetzera eta neurriak apaltzera joko zutela, baina joera eten, eta atzera egin behar izan da ostera ere: Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituen iragan astean, eta ikusteko dago larrialdi egoerak nola eragingo duen. Giroa nolakoa den ikusita, egitekoak ziren azoka batzuk bertan behera utzi dituzte: igandeko Muruetako Txarriki eguna eta Gordexolako nekazaritza, abeltzaintza eta eskulangintza azoka ez dituzte egingo, ezta datorren asteleheneko Izurtzako Gaztardogi feria ere. Gainera, Otxandioko Udala aztertzen ari da abenduaren 12ko nekazaritza eta eskulangintza azoka egin edo ez.
Bizkaiko beste udalerri batzuetan egongo da zer miatu eta dastatu, halere, baina aldaketa batzuk izango dituzte azokek. Orozkoko Santa Luzia egunekoa ezberdina izango da aurten, esaterako: terreña arrazako behiaren lehiaketa bertan behera utzi dute. Nekazaritza eta artisautza produktuak salduko dituzte abenduaren 11ko goizean, pilotalekuan, eta bestelako ekintzak ere egongo dira: haurrentzako bisita gidatuak, azokako ekoizleen lana ezagut dezaten, egurrezko jostailuak eta saskigintza erakusketa. ETEFE Euskadiko Terreña Federazioak eta udalak antolatzen dute lehiaketa, eta “aho batez” hartu zuten erabakia urrian egindako bilera batean, ETEFEko kide Txema Fernandezek azaldu duenez.
Egin ahal izango zen bermerik ez zuten, eta abeltzainak hastekoak ziren jada inbertitzen. Izan ere, bi hilabete eta erdi behar izaten dituzte, gutxi-asko, behiak prestatzeko eta bestelako kudeaketetarako. “Ezin zitekeen egun batetik bestera erabaki, azken orduan bertan behera uztekotan kalte ekonomiko handia eragiteko arriskua baitzegoen”. Gainera, ez da egin beste behi arrazen lehiaketarik, eta erabakia hartu zutenean Aguraingo (Araba) azoka bertan behera utzi berri zuten, Fernandezek nabarmendu duenez. Alternatibak asmatzeko tarte gutxi izan dute, era berean. “Txahalen enkante bat ere egiten da egun horretan, baina oso gutxi irauten du, eta ez du zentzurik lehiaketarik egon ezean”.
Beste urte bat itxaron beharko dute lehiaketa egiteko, hortaz. “Atsekabez hartu dugu erabakia, guretzako sustapen egun bat delako, erakustekoa zer den arrazaren kontserbazio plana, nola egiten den lan, eta animaliarik onenak aurkezteko”. Hori horrela, “sakrifizioa” ere izan da. “Gastuak ordaintzeko balio du, eta askoz gehiagorako ez. Baina, alde ekonomikoaz harago, guretzat egun garrantzitsua da, batu egiten garelako eta ideiak eta kritikak elkarbanatzen ditugulako”.
Atarian dira dagoeneko, halaber, Durangoko bi azokarik esanguratsuenetakoak, eta eremu gorrian dago udalerria. Bihar hasi eta asteazkenean bukatuko dira Euskal Denda eta euskal disko eta liburuen azoka, baina garapen ezberdina izango dute. Azokak eredu hibridora joko du, aurrez aurre eta digitalki egingo baitute, eta sarrera aurretik eskuratu beharko da, hala Plateruenako kontzertuetara joateko nola Landako Guneko erakustokiak miatzeko. Horiek bisitatzeko, 1.200 lagunentzako ordu eta erdiko txandak antolatu dituzte, hain zuzen.
Euskal Denda, berriz, bere horretan egingo dute aurten ere, Durangoko merkatuko eraikinean. Arbaso elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko artisauen azokak 25. aldia izango du, eta, Lorea Madina elkarteko komunikazio arduradunak azaldu duenez, maskara eraman eta gela erabili beharko da. Jaurlaritzak ezarritako neurri berriek ez dute aparteko eraginik izango: eraikinaren ezaugarriengatik, ezinezkoa zaie postu kopurua handitzea, eta bisitariak beti kontrolatu behar izan dituzte. “Eraikina zaharra denez, edukiera betidanik egon da mugatuta, baita pandemia aurreko urteetan ere”, dio Madinak.
Ohiko antza izango du, era berean, Elorrioko Buzkantz jaiak. Odolostea izango da jaun eta jabe aurten ere, eta bestelako jakiak eta edariak ere dastatu ahalko dira. Hango tabernek odoloste pintxoak eskainiko dituzte egun osoan; parrillada bat egongo da eguerdian, baita ipuin kontalari bat ere, 13:00etan.
Gorliz eremu gorrian dago, baina, oraingoz, ez dute bertan behera utzi datorren asteazkenean egitekoa den nekazaritza eta eskulangintza azoka. Moldaketa batzuk egin dituzte jendea ez pilatzeko. Bi lekutan egongo dira eskuragai ekoizleen produktuak, zehazki. Hasieran Elizako plazan baino ez ziren egongo, baina pilotalekuan ere kokatuko dituzte hainbat, eta pasabideak sortzen ahaleginduko dira, udalak adierazi duenez. Era berean, postu kopurua murriztu dute: %75 egongo dira, hamabost inguru.
Abenduaren 12ko Leioako azoka antzaldatuta egingo da, era berean: ez da ez posturik, ez txosnarik egongo. Bai, ordea, ganadua, baita zenbait ekitaldi kultural ere; adibidez, bertso saio bat.
San Tomas, zalantzazkoa
Egunotan bertan behera utzitako azokek eta moldatu beharrekoek zalantza eragin dute urtea bukatu baino lehen egitekoak diren azoken inguruan. Urteko azken hiru asteetarako bost daude aurreikusita, baina ikusteko dago egin ahal izango diren eta zer baldintzatan. Horien artean daude San Tomas eguneko azokak, abenduaren 21ean egiten direnak. Bilbon, zehazki, jende andana bat biltzen da Areatzan eta inguruetan. Urriaren hasieran, hiribilduko alkate Juan Mari Aburtok adierazi zuen azoka egingo zela, eta iragarri jada lanean ari zirela antolatzailearekin, BBK-rekin, zehazteko jaia nola egin. Alabaina, oraindik ez dute argibide gehiagorik eman.
Bilboko santomasetan izena emateko orria baino ez du jaso Berangoko Momoitio baserriko jabe Begoña Lumbrerasek; beste informaziorik ez. Urte askotan egon da Bilboko azokan saltzen, baina aurten ez daki joango den, ez baitaki antolatuko duten azkenean, edo nola. “Lehen pausoa eman baino lehen, gustatuko litzaidake gehiago jakitea”. Datozen egunetan horren berri izaten ahaleginduko da, baina zalantzak ditu, iruditzen baitzaio “zailtzen” ari dela egoera, eta gutxitzen antolatzeko aukerak.
Izan ere, azoka den arren, bukaeran “festa eguna” izaten dela dio Lumbrerasek, eta, hortaz, errezeloak ditu horri dagokionez. “Nola egingo den jakiteak arduratzen nau. Ematen zuen aurreranzko jauziak ematen ari ginela, eta, orain, bat-batean, atzera goaz berriro”. Egoerak “beldurra” eragiten dio, era berean. “Nire aldetik, oxala egin ahalko balitz ekitaldi hori eta beste asko ere, baina izan gaitezen kapazak denon artean ondo egiteko, eta berriro atzera egin behar ez izateko: hori da dudan ikara bakarra”.
Askoren nahiarekin egiten du bat. “Sektoreko kideek ere nahi dute azokak jar daitezela martxan”. Beren ekoizpenak ezagutarazteko aukera izaten baitute horietan. “Gustatzen zaizkit azokak: saltzeko leku bat izaten dugu”. Eta erakustoki paregabea izaten ei da San Tomasekoa, bereziki, ekoizlearen hitzei erreparatuta, “oso ondo” saltzen duela baitio Lumbrerasek, “denetatik”: barazkiak ekoizten ditu, eta 15:30 alderako saltzen du dena.
Pandemia aurretik, urtean 30 bat azoketan egoten zen Berangoko baserritarra, eta orain beste baliabide batzuk topatu behar izan ditu. “Ahal bezala bilatzen dituzu irtenbideak. Azken batean, nik ekoizten dudana janaria da. Egia da azokak badirela ekoizle guztiei mesede egiten diguten salmenta tokiak, baina ahal dudan bezala ateratzen ari naiz produktua: etxetik saltzen, adibidez”.