Ibai Maruri Bilbao
Gaur bi aste topatu zuten oharra bezeroek Bilboko Otxarkoaga auzoko Kutxabanken bulegoko atean: aurrerantzean soilik martitzenetan eta eguenetan egongo da irekita leihatilako zerbitzua, 08:30etik 12:00etara; ordutegi horretatik kanpo gizarte laguntzak eta pentsioak kobratzeko egunetan irekiko da. “Hurrengo astelehenean joan ginen, eta dagoeneko itxita zegoen”, azaldu du Otxarkoagako Familien Elkarteko Cristobal Rivera Okendok. “Denbora askorik gabe, elkarretaratzea antolatu genuen biharamunerako, eta sare sozialen bidez egin genuen deialdia. Ehun bat lagun elkartu ginen, megafono batekin”. Martitzenean, bigarren elkarretaratzea egin zuten Kepa Enbeita plazako bulegoaren parean; eta martitzenero egiteko asmoa dute. “Auzoan daukagun banku bulego bakarra da. Hori zarratzen badigute, zer egin behar dugu? Otxarkoagan daukagun zerbitzu galeran beste pauso bat da”, salatu du. 10.000 bizilagun dira.
Kutxabankeko komunikazio arduradun Endika Ruiz de Zaratek zehaztu du bulegoa ez dela zarratu: “Lehen bezala, irekita egongo da; leihatilako zerbitzua murriztu da”. Esan du gaur egungo erabilerara egokitu direla. “Gero eta gutxiago erabiltzen da zerbitzu hori, eta eskaerara egokitu dugu. Gehiago erabiltzen den egun berezietan, pentsioak edo laguntzak kobratzen direnetan, esaterako, normal irekiko da leihatila, martitzen edo eguen ez bada ere”.
Rivera Okendok azaldu du ez dela egoera horretan dagoen Bilboko auzo bakarra; auzo periferikoetan “ohikoa” bihurtzen ari dela. Maiatzean, berbarako, Arangoitiko bizilagunek manifestazioa egin zuten Bilbo erdigunean, iazko udan itxitako bulegoa zabaltzeko eskatzeko. Kasu horretan, Kutxabankek ez ezik, Caixabankek ere itxi zuen bulegoa. Arangoiti banku bulego barik geratu zen. Eta arazoa ez da soilik hiriburukoa. Bizkaiko landa inguruko herrietan ere nabaritu dute zerbitzuaren galera.
Iaz, Kutxabankek Ean duen bulegoko kutxa automatikoari su eman zioten. “Kutxabankek bulegoa ixteko aprobetxatu zuen erasoa, eta ordutik itxita dago”, azaldu du Iratxe Arriola alkateak. Herrian hainbat protesta egin dituzte bulegoa berriz irekitzeko eskatzeko; udalak ere hartu-eman zuzena izan du. Kutxabankek argi esan die ez duela bulegoa berriro irekiko. Udalak erabaki du udal eraikin batean kutxa automatikoa jartzea; gutxienez, zerbitzu horri eusteko. Lehiaketa publikora aterako dute, eta Kutxabankek hitzeman die aurkeztuko dela. “Gutxienez, zerbitzu horri eutsi nahi diogu. Herrian taberna asko ditugu, eta behar dute eskudirua”.
Bulegoa galtzeak, batez ere, adinekoei, merkatariei eta ostalariei eragiten diela dio Rivera Okendok. “Tabernari eta dendariek, esaterako, sarri behar izaten dute eskudirua, diru xehe barik geratu direlako. Orain nora joango dira bila? Metroa hartu eta Bilbo erdigunera?”. Egoera antzekoa da Ean. Orain, Lekeitiora edo Gernika-Lumora joan behar dute lehen herrian egin zitzaketen kontuak egitera, eta adinekoentzat arazoa da hori. “Herritik kanpora mugitzeko zailtasunak dituzte askok. Hemen ez dago ez metrorik, ez trenik. Garraio publiko bakarra Bizkaibus da, baina ez du maiztasun onik: bi ordurik behin igarotzen da”.
Eako alkateak “eredu soziopolitiko baten barruan” kokatu du bulegoak zarratu eta kutxa automatikoak kentzeko estrategia: “Eusko Jaurlaritzako agintarien eredua euskal hiria sortzea da, eta horretan kanpoan geratzen gara herri txikietan bizi garenok. Horren ondorio da zerbitzuak galtzea”. Baina, hirietan ere, antzeko sentipena dute periferiako auzoetan bizi direnek.
Ruiz de Zaratek esan du bankuko jardueren digitalizazioa gero eta handiagoa izan dela azken urteetan, eta pandemiarekin nabarmen igarri dutela. Hauxe diote estatistikek: aurtengo lehen seihilekoan, kutxa automatikoen erabilera %20 gutxitu da; %31 egin du behera eskudiruaren erabilerak. Iaz “izugarri” nabaritu zuten, pandemiaren gogorrenean jendeak beldurra ziolako eskudirua edo kutxa automatikoko teklatua ukitzeari. “Birusa gainazalak ukituta kutsatzen den ustea gezurtatzean, lehengora itzuliko ginela pentsa zitekeen, baina ez da hala izan”. Gainera, nabarmendu du adinekoen artean nabaritu dutela igoerarik handiena. “Gazteek lehendik ere txartelarekin ordaintzen zuten. Orain, nagusiak ere ari dira aldaketa hori egiten. Eguneroko erosketak eta gastu txikiak ere, gero eta gehiago horrela ordaintzen dira; beraz, eskudiruaren beharra ez da lehen bestekoa”.
Lau kilometrora
Kutxabankek merkatuaren %40 du Bizkaian, eta haren erabakiak gehiago nabaritzen dira. Herri txikietan presentzia handiena duen bankua da. Baina ez da bulegoak itxi eta kutxa automatikoak kentzen dituen bakarra. Ramon Areces fundazioaren azterlan baten arabera, herrialdean, guztira, 1.053 bulego zeuden 2008ko irailean; 2020ko abenduan, 575. Hau da, %45 zarratu dituzte. Ondorioz, 112 udalerrietatik 47k ez dute bulegorik, eta 38.511 herritar dira zerbitzu hori jasotzera beste herri batera joan behar direnak. Batez beste, lau kilometro egin behar dituzte gertueneko bulegora, eta 6,7 minutu behar dituzte horretarako, autoz.