Olatz Enzunza Mallona
Giza eskubideen defendatzaileen etxea izango dena atontzen dabiltza Arteagako Basoa etxean, Arratian. Hilabete gutxi igaro dira etxea erosi zutenetik, baina eragileek eta norbanakoek urteak daramatzate proiektuarekin bueltaka. Sorterrian mehatxupean dauden ekintzaileen aterpe izango da Basoa, baita hausnarketarako eta ikerketarako gunea ere, Olatz Talavera proiektuko kidearen arabera: “Formakuntza gune bat izatea nahi dugu, gizarte mugimenduentzat eta interesa duen ororentzat zabalik egongo dena”. Urri amaieran etxeko azpiegiturak hobetzeko, finantza kolektiboko kanpaina bat abiatu zuten, eta aste honetan bertan emango diote amaiera lehenengo itzuliari. Hala ere, bigarren itzuli bat egongo dela aurreratu dute Basoako kideek. “Nahi duenak beste 40 egun izango ditu dirua jartzeko, eta, hala, gehiengora iristeko aukera izango dugu”. Dagoeneko 24.500 euro inguru batu dituzten arren, “kopuru ezin hobea” 32.750 eurora iristea izango litzatekeela azaldu dute.
Hobekuntzen artean, “beharrezko” ikusten dute komunak eta dutxak konpontzea eta hamabost logelak egokitzea, besteak beste. Horrez gainera, diru nahikoa lortuz gero, igerilekuko instalazioak hobetu eta energia fotovoltaikoa lortzeko eguzki plakak jarri nahi dituzte. “Eraikina hasieran nahiko iluna eta hotza zen; hortaz, aldaketak eta egokitzapenak egin behar izan ditugu espazioari freskotasun pixka bat emateko”, azaldu du Talaverak. Aldaketa horiez gainera, zenbait material eta tresna ere erosi behar dituzte: pintura, zementua, argiteria berriak, mantenurako tresnak… “Berogailu siberiarra ere lehortze prozesuan dago, baina idortzerakoan estetikoki polit geratzeko egokitzapenak egingo ditugu”.
Etxe handia da Basoa: ia bi hektarea eta erdi ditu. Garai batean aberats familia baten udako egoitza izandakoa da, eta lau solairuz osatuta dago. Den-dena auzolanean egindakoa dela nabarmendu du Talaverak, eta emaitzarekin “oso gustura” daude: “Lan asko egin behar izan dugu, baina energia positibo bat du espazioak, eta ilusioz gainezka gaude”. Azkenengo solairuan, berriz, Torontile seriegrafia artistiko tailerra ere badago.
Asanbladak eta antolaketa taldeak dituzte eraikin osoa kudeatu ahal izateko. “Komunikazio, defendatzaile, logistika, zuzenbide eta finantza taldea dira nagusiak, baina egunerokotasuna kudeatzeko taldeak ere badaude”. Ondoren, talde nagusi bat arduratzen da guztia koordinatzeaz. Aurrera begira, berriz, jabetza kolektibo izaera ematea da asmoa, eta horretarako lanean ari dira.
Urte luzeko ibilbidea
Artea Sareari esker hasi zuen bidea Basoa proiektuak. “Sarean beharrizan bat sentitu genuen formakuntzarako tresnak eskuratzeko eta gune politizatu bat izateko”, dio Talaverak. Urte luzez ibili ziren giza eskubideen defendatzaileentzako babestoki bat sortu nahian, eta, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari esker, martxan jartzeko aukera izan zuten. Hasieran espazioren bat alokatzeko asmoa izan bazuten ere, azkenean Basoa etxe osoa erosteko erabakia hartu zuten. Eta, gaur egun, eragile eta norbanako ugari eta askotarikoek osatzen dute komunitatea.
“Proiektua martxan jartzearekin batera, konturatu ginen jende asko datorrela Europa kapitalistaren bila, eta, guk, ez dugu horrekin bat egiten”, argi utzi nahi izan du Basoako kideak. Mehatxupean dauden ekintzaileen babeslekua izatea da xedea, baina, horrez gainera, hausnarketari bide eman nahi diote: “Defentsan dabilen jende askoren babesleku izango da Basoa, baina trukerako espazio bat izatea ere nahi dugu: ikerkuntza espazio bat, zer gertatzen ari den ulertzeko eta defendatzaile mehatxatuek zer behar duten jakiteko”. Aurrerantzean ere, giza eskubideen defendatzaileen babestoki gisa “sendotzea” da asmoa.