Sinbolo bat baliatzeko moduak

Sinbolo bat baliatzeko moduak

Amaia Igartua Aristondo

Bada botere sinboliko ukaezina duen artefaktu bat, bada testuinguru ugaritako uzta, egon den tokietan xehetasunak eta interpretazioak txertatuz joan baitzaizkio. Bada, beste gauza askoren artean, artelan bat ere, baina badoa harago, alde artistikoa baztertzeraino, kasik. Badago, ondorioz, leku okerrean, Gernika Gernikara plataformak aldarrikatzen duenez: Pablo Picassoren margolana Madrildik Gernika-Lumora eraman dezatela eskatuko dute bihar bertan, Foruen plazatik 13:00etan abiatuko den mobilizazio batean.

Pintura horri jatorrizko testuingurua berrezartzeko eta haren bidez memoria historikoa lantzeko asmoz eskatuko dute hura lekuz aldatzeko, plataformako kide Jon Argintxonak azaldu duenez. Haien iritziz, gaur egun dagoen tokian, Madrilgo Reina Sofia museoan, “boterearen menpe” dago, eta, horrenbestez, nabarmen ahulduta dauka ahalmena. “Picassoren asmoa salaketa bizia eta gordina egitea zen”. Baina ez soilik erasotzaileena, baita haiei aurre egin ez zietenena ere. “Ez da soilik faxismoaren eta nazismoaren salaketa, baita Europako mendebaldeko orduko demokrazien isiltasunarena, koldarkeriarena eta hipokrisiarena ere, zeintzuk prest zeuden ekintza horiek toleratzeko, nahiago zutelako gerra hori kanpoan gerta zedin”.

Izan ere, gerren eta basakerien aurkako sinbolo unibertsaltzat hartzen den arren, Picassoren lan horrek akuilu jakin bat izan zuen: 1937ko Gernikako bonbardaketa, estatu kolpea eman zuten espainiar faxistek egindakoa, Alemaniako eta Italiako gobernu faxisten laguntzarekin. Erasoa gertatu baino lehen, Espainiako gobernu errepublikanoak artelan bat enkargatu zion margolariari, Parisen egingo zen nazioarteko erakusketarako —han bizi zen Picasso garai hartan—. “Adituek diotenez, lana aurrera eramateko arazo pertsonalak zituen”, dio Argintxonak, baina uxatu egin ziren nonbait bonbardaketaren berri izan zuenean, hilabete eskasean ondu baitzuen Gernika.

“Batetik, errepublikazalea zen, eta, bestetik, kontziente zen gerraren inguruan zer gertatzen hasia zen. Bonbardaketak oihartzun handia izan zuen nazioartean, tartean errepublikaren aldeko mobilizazioetan parte hartzen zuen Frantziako ezkerreko jendearengan; asko Picassoren lagunak ziren, eta hari ere hurbileko egiten zitzaion”. Espainiako Errepublikak erakusketan zuen pabiloian ikusi ahal izan zen artelana lehen aldiz, 1937ko maiatzetik azarora bitartean.

Artelanaren azken bidaia?

Gernika-ren hasierako ahalmen sinbolikoak indartzera jo zuen hurrengo hamarkadetako bidaiekin. Europako hainbat lekutan erakutsi zuten, AEBetan ere egon zen, eta artistak New Yorkeko MOMA museoari uztea erabaki zuen 1939an. Hainbatetan utzi zuen etxe berria, ordea, hurrengo hamarkadetan hara eta hona ibili baitzen, AEBetan nagusiki, baina baita urrunago ere, Brasilen, Italian eta Alemanian, esaterako. 1958an MOMAra itzuli, eta hura izan zuen aterpe, harik eta Espainiak bereganatu zuen arte, 1981ean, orain dela 40 urte.

Frankismo garaian ere izan zen margolana Espainiara eramateko ahaleginik, halere. Luis Carrero Blancoren gobernua izan zen horretan lehena, aukerarik gabe, ordea, Argintxonak esan duenez. “Hasieran, Picassok argi utzi zuen margolana ez zela Espainiara joango errepublikarik ez bazen, eta, gero, demokrazia jarri zuen baldintzatzat”. Franco hil ostean (1975), Alfonso Suarezen gobernuaren helburu bihurtu zen. “Balio ekonomiko eta turistiko handiko maisulan hura eskuratu nahi zuten”.

Orobat, alde sinbolikoak erakartzen zituen. “Interes politikoak zeuden. Margolana eskuratzeak zilegitasuna emango ziokeen orduko Espainiako Gobernuari; goi mailako arazo politiko bihurtu zen”. Koadroa bereganatzeak ezan nahi zuen Picassok ezarritako baldintza betea zuela Espainiak: demokrazia izatea. “Nazioartera eta barrura begira, garrantzitsua zen zilegitasuna lortzea. Margolana Espainiara eramateak esan nahi zuen ahalegintzen zirela 1936ko gerrako zauriak ixten”.

Asmo politikoak ikur baten bidez sendotzea zuten jomuga; era berean, lotura horrek lagunduko zukeen asmo horiek aurkezten erregimen aldaketa egiteko bide bakar bezala, Argintxonaren hitzei erreparatuta. “Trantsizioak beste bide bat izan zezakeen: frankismoa gainditu behar zen, baina eragile politiko, ekonomiko eta sozialen boterea mantenduta. Beste bideak moztu behar ziren. Indar gehien zuen trantsizio politiko hark bere ikurrak behar zituen: monarkia izan da bat, baina Gernika, beste bat”.

Irudi horixe helarazi zen, hain justu: hedabideetan, “azken erbesteratuaren itzuleraz” ere hitz egin zen, Argintxonak gogoratu duenez. “Ez zen azken erbesteratua, eta ez zen itzuli, margolana ez zen-eta inoiz Espainian egon. Gezur bikoitza da, baina hori zen ikuspegia: 1936ko gerraren eta frankismoaren gainditze sinboliko bat balitz bezala ulertzen zen”. 1981ean, Madrilgo Buen Retiroko etxean kokatu zuten artelana, segurtasunerako bitrina mardul batekin, eta guardia zibil armatuak zituela inguruan. 1992an lekualdatu zuten egungo tokira: Reina Sofia mu seora.

PABLO PICASSOREN 'GERNIKA' MARGOLANA

Azken bidaia, egiteko

Gernika-ri esangura berriak eman izan dizkiote garaian-garaian: hasieran, balio izan zuen 1936ko gerrako errepublikanoen egoeraz kontzientziatzeko, eta, hamarkaden ondoren, estatu bati demokraziaren zigilua eransteko. Indar nahiko izan du Gernika-k bata zein bestea erdiesteko. Beste adibide bat bota du Argintxonak, NBE Nazio Batuen Erakundeko egoitzan orain dela gutxi arte egondako erreplikak eragindako egoera bat, zehazki: 2003an, Irakeko gerra abiatzearen aldeko arrazoiak irakurri behar zituen Colin Powell AEBetako estatu idazkariak, erreplikaren aurrean kokatutako mikrofonoetan. “Tapiza estali egin zuten. Ezin zuten gerra deklarazio bat egin koadro horren aurrean”.

Gernika Gernikara plataformakoentzat, proiektu zabalago baten gakoa da artelana. “Mugimendu indartsu baten oinordekoak gara”. Gernika-k baditu ertzak, orobat Gernikak, eta aspalditik ari dira xehatzeko asmoz. “Gertatutakoa tragedia bat izan zen, ez bakarrik bonbardaketagatik, baizik eta frankismoaren inposaketagatik, berreraikitze frankista ere inposatutako gezur bat izan baitzen”.

Kontrara, “mugimendu berreraikitzaile bat hauspotzeko dinamoa” izan dadila nahi dute Picassoren margolana. “Gernikaren tragedia badago faxismoa, totalitarismoa eta kapitalismoa jasaten duten herri denetan ere. Asmoa da Gernika bihurtzea askatasunaren, bakearen eta kulturaren euskal hiriburuetako bat”. Bide horretan, zenbait galdera bota ditu Argintxonak: “Non izan daiteke unibertsalagoa margolana? Non izan dezake indarra memoria, historia, estetika eta etika lantzeko?”.