Ibai Maruri Bilbao
Bizkaiko kontserba fabriketako langileek greba eguna dute datorren martitzenean. Ia mila behargin dira; %90, emakumeak. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitu dute, patronalak lan itunaren negoziazioa blokeatuta daukala salatzeko. Sindikatuen esanetan, euretako bakoitzak aurkeztu duen plataformako eskaerei ez die erantzun ere egin. “Soilik soldataren inguruko proposamena egin digute, eta erosahalmena galtzea esan nahi du”, azaldu du ELA sindikatuko Aritz Huidobrok. Hau da sindikatuek jaso duten azken proposamena: aurten soldatak %0,5 igotzea; 2022an, %1,5; eta 2023an, %1. Sindikatuek ez dute plataforma bateraturik adostu, baina, oro har, badituzte eskaera bateratuak. “Patronalaren proposamenak ez dira hurbildu ere egiten guk ezinbestekotzat jo dugun horretara”.
Duela zazpi hilabete hasi ziren itun berria negoziatzen. Harrezkero, zortzi bilera egin dituzte; azkena, joan den martitzenean. Sindikatuen esanetan, patronalak ez du jarrera aldatu lehen bilera hartatik. Duela bi aste hasi ziren lehen mobilizazioekin, eta asteon ere ibili dira. Martitzeneko grebarekin patronalak jarrera aldatuko ez balu, iragarri dute grebarekin jarraituko dutela.
Sektoreko azkeneko lan ituna 2016koa da. Orduko hartan, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek sinatu zuten; ELAk aurka egin zuen, “eskasa” zela iritzita. Akordio hark soldata igoera KPI kontsumorako prezioen indizearen bestekoa izango zela finkatu zuen. Oraingo honetan, hori ere ez du nahi patronalak. “Une honetan KPIa %5,4koa da. Beraz, patronalaren proposamenarekin langileek eros ahalmena nabarmen galduko lukete”, ohartarazi du ELAko ordezkariak. Dena den, ez du nahi soilik KPIaren parekidea den igoera bat. “Emakume hauen egoera ez da hobetuko 965 euro kobratzeari utzi eta 972 euro kobratuko dituztelako. Hori ez da euren baldintzak duintzea”. 1.200 euroko soldata eskatu du ELAk. Hala ere, argi dute patronalak gutxieneko kopuru hori onartzea ere ez litzatekeela nahikoa izango. “Ez digu balio 1.200eko soldata onartzea, eta handik astebetera hori ez betetzea [Espainiako] lan erreforma erabilita. Horregatik uste dugu ez aplikatzearen kontua ere oso garrantzitsua dela”.
“Indarkeria sexista”
LABk ere ezinbestekoa iritzi dio soldata “duintzeari”. Gaur egun urteko soldata ez da 15.000 eurora iristen; 19.000 euroko soldata gordina eskatu du LABek bere plataforman; hau da, KPIa gehi bi puntu. Era berean, behin-behinekotasunean ipini du arreta: sektore feminizatua den arren, lan kontratu finkoa dutenen %95 gizonezkoak dira. Horregatik, kontratu mugagabea dutenen kopurua “nabarmen” hazteko exijitu du LABek.
Joan den astelehenean, Bermeoko Salica fabrikaren atarian agerraldi bat egin zuten LABeko Idazkaritza Feministako Zaloa Ibeasek eta Olaia Gil enpresan sindikatu horrek duen delegatuak. Salatu zuten emakumeek lan munduan bizi duten prekaritatea ere “indarkeria sexista” dela: “Sistemak emakumezkoak prekaritatera kondenatu gaitu, menpeko nahi gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du”. Historikoki, emakumeek fabrika horretan jasotzen zuten dirua, senarrak etxera eroaten zuen soldata nagusiaren osagarria izaten zen. Pandemiaren gogorrenean, berriz, “ezinbesteko langile” izendatu zituzten, eta ez zioten une batean ere lan egiteari utzi.
Kontserba sektoreko beharginen laneko segurtasunean ere ipini dute arreta: “Osasun arazo larriak izaten dituzte lanaren ondorioz, eta ez dira aitortzen gaixotasun profesional modura”. Lan itunean bilatu nahi diote konponbidea horri ere.