Eskuetatik zintzilik, eredu bihurtuta

Eskuetatik zintzilik, eredu bihurtuta

Olatz Enzunza Mallona

“Zenbaki borobila bete du jaialdiak, 40 urte, nolabaiteko heldutasuna lortu dugu”. Hala dio Josu Camara Bilboko Nazioarteko 40. Txotxongilo Jaialdiko antolatzaileetako batek. Bihar hasiko da jaialdia, eta datorren domekara bitarte askotariko ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da. 40 urteko ibilbidean, mundu osoko txotxongilolari ugari igaro dira Bilboko agertokietatik. Aurten, bederatzi konpainia izango dira euren lanak oholtza gainean taularatuko dituztenak.

Urteurrenaren harira, aurtengo aldiak “berrikuntza nahikotxo” dituela nabarmendu du Camarak. Horietatik nabarmenena egoitza nagusiaren lekualdaketa izango da: “BBK aretoa izango da hemendik aurrera jaialdiko egoitza nagusia”. Antolatzaileen hitzetan, “zortea” da jaialdia halako espazio batean egiteko aukera izatea: “Akordio honek Bilbo erdigunean kokatzen gaitu, helburu argi batekin: ekitaldi hau hiriko bizitza kulturalaren barruan identifikatu ahal izatea”.

Bestalde, jaialdiko antolatzaile elkarteak ere egoitza berria du: Otxarkoagako Txotena zentroa. “Arte eszenikoen arloko beste elkarte batzuekin partekatutako gunean kokatu gara, eta, horri esker, aukera izango dugu txotxongiloak urtean zehar bizirik mantentzeko”, esan du Camarak. Zentroaren irekiera ekitaldia datorren asteburuan izango da.

BBK aretoaz gainera, Fundicion aretoan eta hainbat barrutitako udaltegietan ere egingo dituzte emanaldiak. Tartean, Zorrotzan, Errekalden, Otxarkoagan eta San Frantziskon. Bilbotik kanpora, berriz, Bizkaiko zenbait herritan ere izango da ikuskizunez gozatzeko aukera. Besteak beste, Areatzan, Lezaman, Larrabetzun eta Arrigorriagan.

Jaialdiko antolatzailearen iritziz, eskaintzaren kalitatean dago arrakastaren giltza: “Kalitatea da emanaldi guztien ezaugarri nagusia, eta publikoak hori asko baloratzen duen zerbait da”. Aurten, euskarazko ikuskizun bakarra emango dute: Gorakada antzerki taldearen Zuhaitzak landatzen zituen gizona obra. Bakardadean bete-betean sartuta dauden bi gizon izango dira antzezlaneko protagonista: artzaina, bata, eta bere buruaren bila dabilen gaztea, bestea. “Euskal Herriko zein euskarazko obraren ordezkari izango dira”. Horrez gain, nazioarteko “erreferentziazko taldeek” osatu dute egitaraua. Besteak beste, Grezia, Israel eta Italiako taldeek. “Iaz mugak egon zirenez, munduko hainbat lekutako taldeak ekarri nahi izan ditugu aurten”, dio Camarak.

Etengabeko bilakaera

1982an egin zuten aurrenekoz txotxongiloen jaialdia Bilbon, eta, ordutik, “etengabeko bilakaera” izan du. Ibilbide horretan guztian “gorabeherak” izan badituzte ere, “gorantz” doazela nabarmendu du Camarak: “Nolabaiteko fideltasuna ari gara lortzen publikoaren aldetik, eta hori da guretzat garrantzitsuena”. Izan ere, adin guztietako kideek egiten dute bat jaialdian. “Belaunaldien arteko topagunea da”.

Duela bost urte zuzendaritza taldea aldatu zutenetik, “hainbat aldaketa” egin dituzte, eta, horri esker, aurrera egitea lortu dute. Egun, jaialdiaz gainera, askotariko formakuntza saioak eta tailerrak eskaintzen hasi dira, eta aurrerantzean ere horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dute.