Irene Gallardo: “Gazteek bertatik bertara ezagutu behar dute STEAM arloen egitekoa”

Irene Gallardo: “Gazteek bertatik bertara ezagutu behar dute STEAM arloen egitekoa”

O. Enzunza Mallona

Txikitatik izan du gustuko informatika mundua Irene Gallardok (Gasteiz, 1994). 2018az geroztik, Basauriko Virtualware enpresako langilea da, eta, haren hitzetan, ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izan du bertan. Aplikazio interaktiboak sortzeaz arduratzen da, eta jakintza alor talde bateko kide ere bada.

Ingeniaritza informatikoko ikasketak egin zenituen unibertsitatean. Nolatan Informatika?

Txikitatik izan dut gustuko ordenagailuarekin jolastea, animaziozko filmak nola egiten ziren jakitea… Hortaz, ikasketak aukeratzerako orduan ez nuen zalantzarik izan: gustuko nuen eta ikusle gisa gozatzen nuen horren inguruan lan egin nahi nuen.

Unibertsitatean bertan nabaritu zenuen genero arrakala?

Hasierako urteetan nahiko parekidea zen gizon eta emakume kopurua. Baina, urteek aurrera egin ahala, ohartu ginen gero eta emakume gutxiago ginela. Asko izan ziren karreraz aldatu ziren emakumeak eta diseinuaren mundura jauzi egin zutenak.

Jaso al izan duzu inoiz mespretxuzko iruzkinik?

Nire inguruko jendeak hasiera-hasieratik onartu zuen nire erabakia, eta harrotasun puntu bat ere nabaria zen. Hala ere, nire adin inguruko jendeak friki gisa hartu izan nau sarritan, informatika arloko ikasketak egin izanagatik.

Gutxietsita sentitu izan zara noizbait emakume izate hutsagatik?

Nire kasuan, ez zait halakorik gertatu. Zorionez, inoiz ez naute desberdin tratatu emakume izateagatik. Hala ere, adinaren ondorioz, aintzat hartzen ez nautela sentitu dut kasu batzuetan.

Lan munduan nabaria da gizon eta emakumeen arteko aldea?

Egia esan, bai. Zaila da zientzia edo informatika arloan lan egiten duten emakumeen profilak aurkitzea. Eta, nire adinean, are gehiago kostatzen da.

Virtualware enpresan lan egiten duzu. Zein da zure egitekoa?

Aplikazio interaktiboak eta errealitate birtualekoak sortzen ditut. Eta, horien bitartez, gai naiz bezero bakoitzaren beharrizanei erantzuteko. Gainera, sail guztiok elkarlanean lan egiten dugunez, ahalik eta esperientzia pertsonalena ematen saiatzen gara. Ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izan dut.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko STEAM diagnosiaren arabera, nahiko baxua da arlo horiekiko interes maila gazteen artean. Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Promozio gehiago egiteaz gainera, uste dut oso garrantzitsua dela gazteak alor horietara gerturatzea. Jardunaldi interaktibo gehiago egin beharko lirateke: bisitak, tailerrak… Gazteen arreta erakartzea lortu behar da. Finean, ez da hitzezko azalpenetara mugatu behar, gazteek bertatik bertara ezagutu behar dute alor horien eginbeharra.

Zergatik da horren baxua emakume kopurua alor horietan?

Hein handi batean estereotipo kontua dela esango nuke. Sarritan, jende itxia garela, matematiketan oso onak garela… uste izaten da, eta pertzepzio hori, askotan, oztopo bilakatzen da. Egiten duzun hori gustuko izatea da funtsezkoena, eta horrekin gozatzea.