Olatz Enzunza Mallona
Emakumezko erreferenteak aurkeztu nahi zaizkie gazteei, inspirazio iturri izan daitezen”. Hala dio Aitziber Lasa Elhuyarreko STEAM Hezkuntza arloko koordinatzaileak. Haren hitzetan, “kezkatuta” daude gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko duten pertzepzioaren inguruan, eta hori lehen pertsonan aztertzeko, Elhuyar fundazioak diagnosi bat egin du Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hamar udalerritan. Zehazki, Arakaldon, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Urduñan, Orozkon, Zaratamon eta Zeberion. Eskualdeko 11 ikastetxek hartu dute parte diagnosian, eta, guztira, 573 gazteren erantzunak jaso dituzte. Emaitzak aztertu ondoren, berriz, herriz herriko erakusketa ibiltari bat jarri dute martxan. Datozen egunetan, azaroaren 22ra arte, Etxebarriko Sabino Arana plazan egongo da ikusgai.
Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika arloak daude STEAM ingelesezko siglen atzean. Eta, hain zuzen, gazteen ikuspuntua aztertu nahi izan du Elhuyarrek ikerketaren bitartez: “Gazteen hitzetatik, euren bizipenak eta kezkak ezagutu nahi izan ditugu, eta, oro har, STEAM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela ondorioztatu dugu”. 14 eta 16 urte arteko gazteak izan dira diagnosian parte hartu dutenak, eta gazte horietako bakoitzaren autopertzepzioa ezagutzeaz gainera, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna “nabaria” dela ikusi dute.
Interes maila baxua
Emaitzak jaso ondoren, horien azterketa egin du Elhuyar fundazioak. Datuen arabera, STEAM ikasgaiekiko interes maila baxua da oro har, eta neskek interesik handiena biologian edo osasun alorretan duten bitartean, mutilek Informatikan dute. Bestalde, estereotipoek “pisu handia” dutela nabarmendu du Lasak: “Oraindik ere, genero estereotipo tradizionalek izugarrizko eragina dute nerabeengan”.
Bestetik, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna “nabaria” da etorkizunean STEAM arloan lan egiteko duten interesarekiko. “Ustekabe handia hartu dugu: emakumeen %27,3k soilik hautatuko lukete STEAM arloetako lanbideren bat”, dio Lasak. Gizonen kasuan, berriz, %56,9k dute arlo horietako batean lan egiteko interesa: “Kasu horretan, interesa bikoitza da emakumezkoekin alderatuta”.
Gaitasunen inguruan galdetzerakoan ere, estereotipo “asko” daudela nabarmendu du Lasak: “Gazteek ez dute beraien gaitasun maila baloratzen, eta, emakumeen kasuan, are gutxiago”. Horien arabera, STEAM profesionalak “langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta ordenatuak” izan behar dira, eta, ondorioz, lanpostu horietan lan egiteko ikasketa prozesu “luze, zorrotz eta zail bat” jarraitzea “ezinbestekoa” da. Emaitza gisa, beraz, nesken %31,4k baino ez dute ikusten euren burua sektore horietako batean lanean, mutilen %56,9arekin alderatuta.
Amaitzeko, generoari dagokionez, STEAM arloan jarduten duten emakume eta gizonek lan baldintza “desberdinak” dituztela uste dute gazteek. Hala ere, eskualde mailako lan baldintzen inguruan galdetzerakoan, baikorrago azaldu dira.
Lasaren hitzetan, orientazio falta da Hego Uribeko gazteen ezagutza maila baxuaren ondorio nagusia: “Gazteekin egin behar diren orientazio edo zientziarekiko hurbilpen lanak askoz ere arinago hasi behar dira, 10 urte ingururekin”. Era berean, hezkuntza ez-formalak ere “sekulako eragina” duela nabarmendu du.
Erakusketa ibiltaria, abian
Diagnosiaz gainera, erakusketa ibiltaria ere jarri dute martxan eskualde mailan. “Emakumezko erreferenteak izatea oso garrantzitsua da; hortaz, erakusketaren bitartez, gazteei eredu errealak aurkeztu nahi dizkiegu”, dio Lasak. Eskualdean bizi diren eta zientzia eta teknologia arloan lan egiten duten 11 emakume bildu dituzte horretarako. Hala nola, Barbara San Pedro, Estibaliz Apellaniz, Gotzone Aranaga eta Rosalia Torres, Irene Gallardo, Marta Cagigas, Nadia Lopez, Olatz Etxeberria eta Mar Garrote, Natalia Garcia eta Zuriñe Garcia.
Emakume bakoitzaren ilustrazioek janzten dute erakusketa, eta, irudi horietako bakoitza testuz osatuta dago. Datozen hilabeteetan zehar, hamar udalerri zeharkatuko ditu, eta komunitate osoaren inplikazioa “beharrezkoa” dela gaineratu du Lasak.