Ibai Maruri Bilbao
Mundu kristauan mendi baten tontorrean zegoen gurutzerik handiena izan zen, zutik egon zen hilabetean: 33,33 metroko garaiera zuen, Jesu Kristok hil zutenean izan zituen urteak beste. Gaur 120 urte beteko dira Zeanurin Gorbeiako lehen gurutzea inauguratu zutenetik. Agintari zibil, erlijioso eta langileekin batera, ikusmina zuten herritar batzuk igo ziren. Hilabete iraun zuen zutik: bezpera gauean sekulako elurtea bota zuen; elurra izoztu, eta biderkatu egin zuen gurutzearen pisua, eta haizearen kolpeekin, abenduaren 12an erdibitu eta apurtu egin zen. “Altuegia zen”, azaldu du Iñaki Garcia Uriarte etnografoak.
Gaur iluntzean —19:30— Gontzal Mendibilekin batera Kantuak eta kontuak Gorbeian izeneko ikuskizuna taularatuko du, Orozkoko Donibane aretoan —Zubiaurko San Joan elizako zinema areto izandakoan—. “Gorbeiari buruzko abestien eta ipuinen bilduma bat da. Gontzal eta biok txandakatu egiten gara: hark kantatzen du, eta nik kontatzen. 1980ko hamarkadako kantaldien itxurako ikuskizuna da”.
Mendibilen kanta gehienak Gorbeiako haizea diskokoak dira, baina ez guztiak. Garcia Uribek bere lehen liburutik hartu ditu ipuinak: Paseos por Orozko. Ibilaldiak. “1997an argitaratu nuen, eta Orozkori buruz idatzi zen lehena da”. 42 legenda bildu zituen. “Aurretik 31 aretotan kontatu ondoren, azkenean lortuko dut ipuinak bilduta dauden herrian bertan kontatu ahal izatea. Esaten den bezala, inor ez da profeta bere herrian: kostatu zait, baina lortu dut”. Ordu eta laurdeneko iraupena du ikuskizunak; tarte horretan, Gorbeiari buruzko 900 argazki emango dituzte.
Leon XIII.a aita santuak, mende aldaketa ospatzeko, mendirik garaienetan gurutzeak jartzeko eskatu zuen 1899an. “Euskal Herrian ez zen lehengoa izan. Aurretik Lekarozen [Nafarroa] eta Oñatin [Gipuzkoa] ipini zituzten. Baina Gorbeiakoak berehala egin zien itzala, sinbolismoagatik eta garaieragatik”, adierazi du Garcia Uribek. Bigarren gurutzeak ere garaiera bera zuen, lehena baino hobeto lotuta zegoen, baina hura ere erori egin zen. “Azkenean, hirugarrenarekin garaiera erdira txikitzea beste erremediorik ez zuten izan. Gorbeiako gaina 1.481 metroko garaieran dago, eta leku haizetsua da. Urtean 363 egunez haizeak jotzen du”.
Berandu eta presaz
Garcia Uribek azaldu duenez, 1901ean eraikitzeak bazuen sinbolismoa: “Egutegi kristauan ez dago zero urterik. Jesusen jaiotza urtetzat hartzen dena da lehen urtea. Beraz, 1.900. urteurrena 1901ean zen”. Urte hartako uztailaren 16an hasi ziren eraikitze lanak. Hasieran, irailaren 14an inauguratu nahi zuten, Gurutze Santuaren Goralpenaren jaian. Baina ez ziren garaiz iritsi.
Garcia Uribek nabarmendu du garai hartan ez zegoela mendira joateko ohitura handirik. “Ez zegoen ondo ikusia. Oraindik ez zegoen mendizaletasun antolatua. 1912an sortu zen. Urte hartako urrian egin zuten Euskal Herrian lehen mendi espedizioa: Bilbotik Gorbeiara joan ziren. Beraz, Gorbeiako gurutzeak 11 urtez bakarrik egon ziren”.