Blues eta jazz doinuen harrobia

Blues eta jazz doinuen harrobia

Olatz Enzunza Mallona

Jazz eta blues doinuz jantziko da Elorrio, azaroaren 20ra bitartean. Beste urte batez, Arriola antzokiak ateak zabalduko dizkio herriko Jazz Blues jaialdiari. Gaur hasita, bi astez iraungo duen egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidea bete du jaialdiak dagoeneko, eta, orain arte bezala, antolatzaileek gogor eutsiko die hasierako helburuari: musika estilo hori Durangaldera eramatea, merezi duen kalitatea eta baldintzak bermatuz.

32. jaialdia du Arriola kultur elkarteak. Aitor Iriarte elkarteko kidearen arabera, “orain arteko eredu berbera” izango du aurtengo aldiak ere: “Formatu txikiko jaialdia izango da, ez ditugu ehunka lagun espero”. Hala ere, aurtengo aldia “indartsu” datorrela azpimarratu du Iriartek, eta, Euskal Herriko artistez gainera, nazioarteko taldeez gozatzeko aukera ere egongo da.

Orain arte, giro intimoago bat sortze aldera, Arriola antzokiko Ateneoan biltzen ziren ikusleak. Baina, pandemiaren ondorioz, egoera moldatu behar izan dute, eta, iaz bezala, areto nagusian izango dira kontzertu guztiak. “Halako kontzertuez gozatzeko xarma bereziko gunea zen Ateneoa, nolabaiteko gertutasuna ematen zion jaialdiari; baina, segurtasun distantziak mantendu behar direnez, areto nagusira lekualdatu behar izan dugu”. Orain arteko aldietan, jazza entzutera 60 lagun inguru gerturatu ohi direla azaldu du Iriartek, eta bluesa entzutera, berriz, 120 inguru. Ondorioz, sarritan, areto nagusia “handi” geratzen zaie: “328 butaka daude; jende gutxi badator, ez da inondik ere betetzen eta hotz samar geratzen da”.

Greg Izor

Egitarau zabala

SPA Sensei Plays Avishai taldea izango da aurten taula gainera igotzen lehena, gaur, iluntzeko zortzietan. Alex Lopez Sensei kontrabaxu jotzaileak Avishai Coheni omenaldia egin nahi izan dio lan honen bitartez. Haren hitzetan, azken hamarkadetan jazz munduan eraginik handienetarikoa izan duen musikaria izan baita. Zazpikote formatuan ariko da Sensei, Euskal Herriko izen handiko musikariez lagunduta.

Bihar, berriz, Nico Wayne Toussaint Quintet taldearen txanda izango da. Harmonika jotzailea izateaz gainera, bere belaunaldiko abeslarietan eta aho-soinu jotzaileetan gehien txalotua da Nico Wayne Toussaint, Europan eta Ipar Amerikan. Chicagoko (AEB) bluesaren elementu batzuk bestelako estilo batzuekin nahastuko ditu bere emanaldian, eta, hala, James Cotton musikariari keinu egingo dio.

Gainerako kontzertuak datozen asteburuan izango dira. Ostiralean, hilaren 19an, Aldapeko Basque Latin Jazz taldea igoko da taula gainera, eta euskal abesti tradizionalen bertsioak egingo dituzte, besteak beste, jazz, son, runba eta txa-txa-txa erritmoan. Hurrengo egunean, berriz, Greg Izor harmonika jotzaileak laukote formatuan kontzertua emango du.

Nico Wayne

Hasierako urteetatik gaur egunera jaialdiak “sekulako bilakaera” izan duela nabarmendu du Iriartek: “Hasieran, bakarrak ginen, sasoi hartan inguruan ez baitzegoen halako bestelako jaialdirik; hortaz, alde horretatik, aitzindariak izan ginen”. Urteek aurrera egin ahala, jaialdiak finkatzea lortu du, baina aurrera begira kezka da nagusi antolatzaileen artean: “Argi eta garbi ikusten dugu ez dagoela inolako erreleborik; badirudi era honetako jaialdiek ez dutela arretarik erakartzen jende gaztearen artean”. Hala ere, ahal duten neurrian behintzat, jazz eta blues estiloa lantzen duten musikariak babesten jarraitzeko asmoa daukate: “Blues taldeak aurkitzea zailagoa da, baina, jazzari dagokionez, harrobi handia dugu”. Eta, bide horretan, Musikene egiten ari den lana azpimarratu nahi izan du Iriartek.

SPA taldea