Bilboko aurrekontua “inbertsiogilea eta jasangarria” izango da

Bilboko aurrekontua “inbertsiogilea eta jasangarria” izango da

Ibai Maruri Bilbao

Datorren urtean Bilboko Udalak 633 milioi euroko aurrekontua izango du; iaz baino %8,1 handiagoa. Proiektua hilaren 29an eroango dute ezohiko osoko bilkurara, eta zuzenketak aurkezteko epea irekiko da. Abenduaren 30ean behin betiko berretsiko da. Juan Mari Aburto alkateak dio aurrekontu horrek “ilusioa eta itxaropena” sortzen dituela, pandemiaren gogorrena igarota, “hiria berriz martxan jartzeko” balioko dutelako: “Aurrekontu inbertsiogilea eta jasangarria da”.

Iragarri du beste Bilbo Aurrera plan bat negoziatzen hasiko dela oposizioarekin. EH Bilduk, plana ez ezik, aurrekontua ere negoziatzeko exijitu dio, “zuzentzeko premia” dutelako. PPk uste du “alkatearen proiektua” dela, “bilbotarrena izan barik”. Elkarrekin Podemosek inbertsio gehiago eskatu dizkio auzoetan eta gizarte politiketan. Alkateak esan du inoiz ez dela hainbeste inbertitu auzoetan. 50 milioi gorde dituzte horretarako —aurten, 39,5 izan dira—. Osotara, auzo eta hiri mailako proiektuetan 115 milioi euro inbertituko dituzte—83,7 gehiago—. “Sekula ez genuke amestuko hainbeste inbertitzerik”.

Saneamendu eta ur hornidura sarean egingo duten inbertsioa ere nabarmendu du Aburtok. “Hiri batentzat, oinarrizkoa da, eta egingo ditugun lanei esker, sarea nabarmen hobetuko da”. Auzoetako saneamendu sarea berritzeko, lau milioi euro erabiliko ditu udalak; 1,75 milioi, hornidura sarea sendotzeko.

Proiektu guztiei ezinbesteko iritzi arren, batzuk nabarmendu ditu, auzokideentzat duten garrantziagatik: Deustuko Done Petri plaza egokitzeko obrak (893.683 euro), Basarrateko landakoak (ia bi miloi), Artxandako pasealekua bukatzekoak (2,6 milioi) eta Artxandako kiroldegia egokitzekoak (milioi bat).

Zorrotzaurre garatzen jarraitzeko, 5,5 milioi euroko ekarpena egingo dute. Beste horrenbeste jasoko dute enplegu planek: helburua da 2022an mila bilbotar kontratatzen laguntzea. Bost milioi, gizarte larrialdiei erantzuteko. Ia milioi bat, etxegabeei arreta eskaintzeko; ohe gehiago jarriko dizkiete. Abuztuaren 20an Aste Nagusia itzuliko da, eta 2,35 milioiko aurrekontua izango du.

Bilbotarrek hautatutakoa

Aurrekontu parte hartzaileen atalerako, bi miloi izan ditu gordeta udalak. Herritarrek 34 proiektu aurkeztu dituzte, eta horitatik hamalau hautatu. “Bilbotarrek aurkeztu eta bozkatutako proiektuak dira”. Besteak beste, udaletxetik Zumalakarregi etorbidera joango den bidegorria, maskotak edukitzea baimenduko duen etxerik gabeko pertsonentzako aterpea, Milibilarako skate parkea eta udal txakurtegia berritzea lehenetsi dituzte.