Nor bere kontsumoaren jagole

Nor bere kontsumoaren jagole

Amaia Igartua Aristondo

Beharra zegoen, eta baliabideak topatu dituzte proiektuak aurrera eramateko: trantsizio energetikoan, autokontsumorako argindar egitasmoak ugaritzen ari dira Bizkaiko udalerrietan. Energia berriztagarrien bitartez gertuko iturriak ustiatzea dute helburu, oro har, herritarrek eurek finantzatutako eta kudeatutako tresnen bitartez, eta diru laguntzen bultzadarekin. Karbono emisioak gutxitzea da onuretako bat, baina ekonomikoki ere igarriko litzateke aldaketarik, proiektuetako sustatzaileek aldarrikatzen dutenez: prezioan, batik bat.

Egitasmo horietako bat jarri dute martxan Ean. Energia iturrien inguruko “sentsibilitatea” dago herrian 1970eko hamarkadaz geroztik, Lemoizkoa baino lau bider handiagoa izango zen zentral nuklear baten kontrako mugimenduak akuilatutakoa, Iratxe Arriola Eako alkateak azaldu duenez. Enaden Begiak fundazioa sortu zuen udalak 2018an, eta haren barruan dago jasota argindarraren inguruko proiektua. Herriaren energia beharren diagnostiko bat egin zuten aurrena, jakiteko nondik ekoitzi zezaketen, eta, plangintza biribildu gabe badago ere, eman dituzte hasierako pausoak: martxoan, eguzki plakak instalatu zituzten Altxikar kaleko lur eremu batean; 120 kilowatteko potentzia dute, eta, orain, hiriguneko udal eraikinak hornitzen dituzte.

Etxebarrian ere eguzki plakak ipintzeko asmoa dute, Jesus Iriondo alkateak azaldu duenez. Badago eguzkiak asko jotzen duen eremu bat, eta horregatik proposatu zieten proiektua Ekiola kooperatibetakoek —EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Korporazioko Krean taldeak lankidetzan sortutako erakundea—. Lur horien jabetza lortzeko lanean ari dira orain. Bereganatzen dituztenean, kooperatiba bat sortzeko asmoa dute Ekiolaren laguntzarekin, irabazi asmorik gabekoa izango dena, alkateak azpimarratu duenez. “Inork ez du irabazteko aukerarik izango: argindarra ekoizteko gastatzen den hori ordainduko da. Familiei zuzenduta dago; haietako bakoitzak plakak erosi behar ditu, orain daukaten kontratuaren arabera. Plakak kokatutakoan, kooperatibak prezio finkoa ezarriko die 30 urterako”. 1.000 kilowatteko potentziarekin hasiko dira, 400 bat familia hornitzeko lain. Eskualde osorako litzateke, ez soilik udalerrirako.

Gernika-Lumoko San Fidel ikastolak eta Edinor Alba enpresak”energia komunitate” bat sortuko dute, ikastolaren teilatuan kokatutako plakek hornituko dutena. “Biztanleak eta saltoki txikiak batuko dira komunitate bat sortzeko, eta, herriko eraikinetako teilatuak aprobetxatuta, eguzki plaken instalazioan inbertituko dute bazkideek, ekoitzitako energia berde eta garbia aprobetxatzeko”, Juan Diego Edinor Albako kontseilari delegatuaren hitzetan. 90 kilowatteko potentzia aurreikusi dute: 200 eguzki plaka inguru lirateke, 600 metro koadro hartuko lituzketenak; “3.500 zuhaitz landatzea bezala”, zehaztu duenez. Guztira, 150 etxe edota saltokitarako energia ekoitziko lukete.

Egitasmoa jakinarazita, gernikarren atxikipena lortzea dute orain helburu, trantsizio energetikorako gakoa baitira, Diegoren arabera. “Europak argi esan du hiru zutabe daudela: merkatua, teknologia eta gizartea. Komunitatea tresna egokia da kontzientzia sortzeko”. Bi-hiru hilabetean ehun parte hartzaileren langa gainditzen badute, proiektua Europa Next diru laguntzetara aurkeztuko dute. Ondo bidean, Diegok aurreikusten du sei edo zazpi hilabeteren ostean bukatuta egongo dela plaken instalazioa.

ALTXIKARREN EGUZKI PLAKAK JARRI DITU EAKO UDALAK

Autokontsumoaren onurak

Argindarraren prezioaren espekulazioari aurka egiten diete gisa horretako proiektuek, Diegoren hitzei erreparatuta. “Plaka 25 urtez egongo da bertan, eta zenbat ekoizten duen eta zenbat gastatzen jakingo du kontsumitzaileak. Autonomia, bermea eta lasaitasun ekonomikoa izango ditu. Prezioa ez da izango merkatuaren araberakoa”.

Orobat, herritarren burujabetzarako tresna izan daiteke argindar autokontsumoa, energia iturriaren eta kontsumitzailearen arteko bitartekariak ezabatzeko aukera ematen duelako. Horiek horrela, eta Eako eguzki instalazioak eskaria baino gehiago ekoizten duenez, herritarren kooperatiba bat abiatuko dute aurki, hornidura udal eraikinetatik harago hedatzeko, Arriolak azaldu duenez. “Nahi dugu kontrola herriaren esku egotea, ezta udalaren esku ere. Kudeatzaileak beti nahi du irabazi bat, nahiz eta dirua berak jarri eta hasieran erraztasunak eman. Berak jartzen du prezioa, eta berak erabakitzen du noiz igoko duen tarifa”.

Alde horretatik, tokiko ekoizpena izatearen beharra eta onura azpimarratu du Eako alkateak, kontuan izanik, batez ere, hornigaien eskasiaren egungo mehatxua. “Ematen du ez garela gai gure baliabideekin bizitzeko”. Horren inguruan hausnarketa egin beharra ikusten du: “Ezarri behar dugu estrategia bat gure beharrak asetzeko, eta jakin behar dugu noraino garen beste herrialde batzuen menpeko”. Hala, garrantzitsua begitantzen zaio beharrezko lehengaiak eskura eta gertu edukitzea. “Ahalegintzen gara energia, elikadura, ura… oinarrizko baliabideak zero kilometrokoak izan daitezen, eta gure kontrolpean egon daitezen. Joera zentralizatzea da, ordea”.

Diegok ere ezaugarri horri erreparatu dio. Maila praktikoan, prezioa merkatuko luke, bidesarien eta bestelakoen gastua ezabatuko litzatekeelako, baina maila estrategikoan ere gakoa da, dioenez. “Trantsizio energetikoa tokiko mailan ere egingo da. Proiektu handiek zein txikiek egiten dute ekarpena”.

Gernikako eguzki plakak

Etorkizuneko erronkak

Herritarren kooperatiba sortzeko asmoaz harago, Eak baditu aurrera begirako beste jomuga batzuk ere energiari dagokionez. Herrian proiektua abiatu baino lehen egin zituzten inkesten emaitzek adierazten dutenez, argindarra lortzeaz gain badaude beste behar energetiko batzuk: “Argindarraren kontsumoa erabiltzen den energia osoaren %15 da. Baina garraiobideak ere badaude, adibidez, eta energia gastu guztiaren %60-70 haiek egiten dute”.

Behar hori betetzeko, energia iturri berriztagarrien konbinazio bat lortzeko asmoa dute, eta hilaren amaieran aurkeztuko dute bide orria. Ean eskuragarri dituzten baliabideei heltzea da asmoa: eguzkiaz gain, haizearen eta itsasoaren indarra aprobetxatzea, hain justu. Egingarri deritzo Arriolak. “Earen moduko herri batean erraza da hori egitea, dauzkan eskaria eta baliabideak kontuan hartuta. Guztira, 860 biztanle inguru gara”.

Iturri horiek ez dira jarraituak, eguzkia ezin daiteke-eta aprobetxatu gauez edo egun hodeitsuetan, eta haizea ere ez dago-eta beti; horri ere konponbidea aurkitzea dute buruan: energia pilatzeko pila bat. Beste egiteko bat ere badute: egun herriguneko eraikinak baino ez dituzte hornitzen eguzki plaketatik ateratako energiaz, eta aurrerantzean Natxitua eta Bedarona auzoetara ere hel dadin nahi dute.

Etxebarrian eta Gernikan ere, posible litzateke proiektua hedatzea, eskariak modua emango balu: Etxebarrian, plakak instalatuko diren eremuan, tokia badago gehiago jartzeko, eta, Gernikan, San Fidel ikastolakoa bezalako eraikinak dauden heinean, beste horrenbeste. Diegok azaldu duenez, beste komunitate energetiko batzuk arazorik gabe hazi ahal izan dira.