Ibai Maruri Bilbao
Udan zabaldu ziren lehen zurrumurruak, eta joan den astean baieztatu zen albistea: AHT abiadura handiko trenaren Bilborako sarrera eta Abandoko lurpeko geltoki intermodala eraiki bitartean, Basaurin egongo da behin-behineko geltokia. Enegarren atzerapenik ez bada, 2027an iritsiko da trena Basaurira. Bilboko Udalak “ondo” hartu du berria, behin-behineko konponbidea delako. Basaurin, berriz, haserrea eta kezka eragin ditu.
Asier Iragorri Basauriko alkatea kexu agertu zen, hedabideen bidez jakin duelako behin-behineko geltokia eurenean eraikiko dela. Esan zuen ez zuela proiektua baloratzeko informaziorik, eta Espainiako Garraio ministroari eskatu zion deitzeko eta nondik norakoak azaltzeko. “Inork ez dezala zalantzarik izan: nik basauriarren interesak defendatuko ditut”.
Basauriko EH Bildu udalaren jarrera ezagutzeko irrikaz dago. “Errepide nagusiak, MercaBilbao, metroaren garajeak… eta, orain, AHTaren behin-behineko geltokia. Udalaz gaindiko azpiegituraz bete digute herria, eta dagoeneko ez dugu lekurik. Ez dugu halako beste azpiegiturarik nahi”, ohartarazi du Javier Valle Abrisketa zinegotziak.
Basauriko EP Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Bobi Galdosek, berriz, kezka agertu du herriko tren trafikoa handituko duelako. “Onartutako azken ibilbidea defendatu behar izan da, euskal erakundeek eta Basauriko Udalak Ministerioarekin adostu zutena: Zaratamotik Bilbora lurperatzea aurreikusten zuena, gure herria zeharkatzen duen aldiri trenbidetik igaro gabe”. Era berean, “arriskutsu” iritzi dio geltokia Sidenorrek aspaldiko zabortegiaren gainean eraikitzeari.
Herrian dagoen berdegune bakarrenetakoa dela nabarmendu du Sagarrak Basauriko talde ekologistako kide Gabi Hernandezek. “Estali zuten, berdegune bat sortu zen, eta abandonatuta dago, landare inbaditzailez beteta; panpa lezkaz eta”. Urte luzez “munstrotzarra” hor izan dutela esan du, zubibideari erreferentzia eginez. “Orain, ustekabea hartu dugu, Bilboko behin-behineko geltokia hor egingo dutela jakin dugunean”. Uste du “planifikatu gabeko erabakia” dela: “Ezerezaren erdian dago. Bilbora joateko zer egingo dute? AHTan datozenak han izango dituzte aldiriko trena etorri arte zain?”.
Gogoratu du mugimendu ekologista AHTaren aurka egon dela betidanik. “Hau ez da tren sozial bat; ingurumenean kalte egiten du, eta dirutza gastatu dute urteetan”. Orain, “dirutza”hori handiagoa izango dela kexatu da, aldi batez bakarrik erabiliko den geltoki bat egin beharko dutelako. Behin-behinekotasun hori zenbatekoa izango den ere jakin nahi luke. “Penagarria” iruditu zaio Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko ika-mika.
Bilbokoentzat, balekoa
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Madrilen harrapatu zuen iragarpenak; Isabel Pardo de Vera Garraio arloko estatu idazkariarekin eta ministerioko teknikariekin zegoen, Bilboko geltokiaz berba egitera joanda. Minduta agertu zen, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Garraio sailburuak, bere bidaiaren berri izan arren, ez ziolako ezer esan Gasteizen egingo zen agerraldiaz. Edonola ere, berri ona iruditu zaio, lurpeko sarbidea eta geltokia egingo direlako. Esan du 2022an hasiko direla Abandoko plan bereziarekin, libre geratuko diren 100.000 metro koadroetan lanei ekiteko.
Gainera, estatu idazkariak hitzeman zion obren egutegi zirriborro bat bidaliko diola egunotan. Datorren urtean, Jaurlaritzak bere gain hartuko lituzke Zaratamotik Bilbora AHTa ekarriko lukeen tunela eraikitzeko lanak. Zazpi kilometro izango da luze, eta 220 milioi euroko kostua izango du. Espainiako Gobernuari ordaintzen dion kupotik deskontatuko dira.