I. Maruri Bilbao
AHTaren Bilboko geltokiaren behin-behineko alternatiba Basaurin egongo da, Zaratamotik gertu, BI-625 errepidea eta Nerbioi erreka gainetik zeharkatzen dituen zubibidean. Herriguneetatik aparte dago lekua, Sidenorren zabortegia zen tokian sortutako berdegunean. Adif Espainiako trenbide azpiegituren enpresa publikoko Komunikazio Sailak Bizkaiko Hitza-ri esan dio AHTaren ibilbidean Bilbotik gertuen dagoen herria delako aukeratu dutela Basauri. “Geltoki horren ondoan, Bilbora azkar sartzea ahalbidetzen duten errepideak daude. Gainera, behin-behineko geltokiko bidaiariak Renferen aldiri trenean joan ahal izango dira Bilbo erdigunera”. Izan ere, azpitik igarotzen da C3 linea —Urduñakoa—. Esan dute behin-behineko geltokiak Abandoko geltokira joaten diren aldiri trenen kopurua gutxituko lukeela, eta horrek erraztu egingo lukeela han luperko geltokia eraikitzen hastea.
Trenbidearen albo banatan egitura tubular arinekin eraikitako nasak izango lituzke geltokiak, eta zubibidearen bi aldeetatik irtengo lirateke airean. Geltokiak bi atarte edo sarrera izango lituzke. Bata, Bilbo aldean: aldiri trenen geraleku berriarekin lotzeko aukera emango luke, eta handik Abandoko geltokiraino aldiriko trenak hartuko lirateke. Hamalau minutu beharko dituzte Bilbora joateko. Nasen kontrako aldean legoke bigarrena: han legoke aparkalekua, BI-625 errepidearen alboan, Bilbora autoz joateko. Adifek dio oraindik kalkulatzen ari direla obrak zenbateko aurrekontua izan beharko lukeen.
11 milioi euroko zubibidea
Basauriko zubibidea 2011tik 2013ra bitartean eraiki zuen Adifek. Bilborako behin-behineko balizko sarbidearentzat egin zuten. 11 milioi euroko kostua izan zuten lanek; horietatik hiru trenen pisuari eutsi ahal izateko egin beharreko egokitzapenek sortutako gainkostuak izan ziren. 438 metro da luze, Zaratamoko tuneletik irten berri. 4,5 eta 13 metro artean da garai, tokiaren arabera.